Patxo Iturrate: 'koru gehienak desagertu egingo dira'
Patxo Iturrate, Dimako semeak 30 urte inguru daroaz Arratiako koruan. Hamazortzi bat urtegaz hasi zan Patxo kantetan bakarlari legez. Gero, Ohiartzunak taldeagaz Euskal Herrian eta kanpoan be kantau ostean, Zurrumurru taldean be ibili zan eta dabil oraindino; oraingoz, hiru disko daukiez baina laugarrenagaz be hasita dagoz daborduko. Gure herrietako herri eta kaleetan Santa Ageda kantuak entzuteko egun batzuk falta diranean atrapau dogu koruko tenore bakarlaria.
1. Santa Ageda mendebaldeko lehenengo amabirjina martirietako bat da, Sizilian 230ean jaioa eta Catanian, 251ko zezeilaren 5ean martirizatua Quincianoren ezkontza proposamenaren aurrean, kristinautasuna babestu gura izateagaitik. Arratiako koruak 50 urtetik gora egin ditu Santa Ageda kantetan. Atzera eginda, kontaiguzu zelakoak izan ziran Arratiako koruaren sorrera aurreko egunak.
Arratiako korua 1951n sortu zan eta, beraz, aurten 54. urte bete doguz. Hasieran gizonezkoek bakarrik kantetan eben eta korua Artea eta Areatzako koruen bategitetik sortu zan Arteako Juan Bernaola eta Areatzako Victor Sierrasesumagaren ekinbidez; Arteako Etxebarria, gaur egun Ugaon organista dagoanak hartu eban zuzendaritzea eta era horretara hasi ziran Santa Ageda bezperan kantetan. Ordutik, urtero-urtero, baten be hutsik egin barik kantuan dabilen korua da Arratiakoa. Lehenengoetan Arratian eta Bilbon kantetan zan, Zornotzan be beti kantau da eta inoiz Otxandiora be joan ziran, entzunda daukadanez.
Santa Agedari kantetearena, beraz, hasiera-hasieratik datorren kontua da eta inoiz Begoñako Basilikako Aste Musikalean be kantau dogun arren, ez da ohikoa izaten. Pentsaizu gure koruan ez dogula ensaietan urtean zehar, gurea ez da koru semiprofesionala, Santa Agedarako baino ez gara alkartzen, hori bai abenduan edo hasten gara eta ensaioak nahikoa serioak dira.
2. Santa Ageda bezperan, herririk herri eta etxerik etxe kantetea da ohiturea. Asmoak bi izaten dira: martiriaren bizitzaren barri emotea eta dirua batzea. Dirua batzearena nondik dator? Arratiako koruak ataraten dauan dirua zertarako izaten da?
Nik 54 urte daukadaz eta historia eta legendak dakarrenaz gan, Santa Agedaren kontua nondik datorren zehatz ez dakit. Dakidana da ezagutu ez neban nire aititak umeei erakusten eutsiezala orduko umeei Santa Agedako koplak. Argi dagoana da orduko denporetan ez zala dirurik eskatzen, ohitura hori barriagoa da; antxina jatekoa zein edatekoa eskatu eta jasoten zan (odolosteak, txorizoa, arautzak...); inoiz etxe batera joan eta bateren batek emoteko ezer euki ez eta orduan diru apurren bat jausten zan. Batzen zana, txufla bat egiteko baino ez zan izaten. Nik gogoratzen dot txikitan kantetan joaten nintzanean, azkenean kriston atxurra atrapetan gendula, ze ardaoa edo ardao gozoa emoten euskuen edateko.
Dirua batzearena momentu politiko jakin batean etorri zan ze sasoi baten euskeraz kantetea galazota egoan; aurrerago baimena eskatu behar izaten zan kantetako eta, akaso, lehenengo pausuak izango ziran horreek dirua eskatzen hasteko baina beti be helburu zehatz bategaz, baseleiza bat konpontzeko edo nonori laguntzeko. Ikastolak sortu ziranean be, diruaren eta laguntzinoaren preminea handia zan.
Bigarren itaunari erantzunez, Arratiako koruak behartsuentzako batu dau dirua beti, lehenengoetan Santa Marina Ospitalerako batzen eban dirua; gero, urte gehienetan Bizkaiko eta Arratiako atzeratuen alkarteetarako. Urteren baten, Santa Agedaren jaioterrian, Sizilian izandako lurrikara baterako batu genduan eta aurten, barriz, batzen dogun dirua Hirugarren Mundua eta Bakea, Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez, Asiako tsunamiak kaltetutakoen egoerea arintzeko bideratzea pentsau dogu.
3. Azken urteotan, Santa eskea ikasketa bidaietarako eta bestelako kontuetarako dirua atarateko erabilten da. Ondo ikusten dozu hori?
Ez. Gehiegikeria dala pentsetan dot, tradizinoagaz zerikusik ez daukana. Eskatzea libre da baina nire eretxiz onegintzazko zein asmo sozialetarako batzea da zentzuzkoena. Eleizako organo bat erosteko be eskatu izan da inoiz baina, beti be, helburu sozialak izan dira eta ez, ostera, norberaren gastu eta kapritxoetarako.
4. Arratiako koruaren ezaugarrietako bat ahots bakarrera barik, ahots askotara kantetea da...
Bai. Guk erabilten doguzan partiturak ez dira errazak, bat sei ahotsetara da eta beste bi lau ahotsetara, ganera, akordeoiagaz lagunduta. Guk beti kantau dogu ahotsetara, baserririk baserri ibilten ginanean be, gitxienez beti egoten ziran ahots bi. Gurean ohikoa da ahotsetara kantetea.
5. Kantetan dozuezan bertsoen jatorri eta berezitasunez zer esan zeinke?
Mila kopla dagoz. Batzuk betikoak dira, danok ezagutzen doguzanak baina antxina, nire aititak eta kantetan ebezanak Santa Ageda martiriaren historia kontetan eben, nor izan zan, zelan ezkondu gura izan eben Quincianogaz eta berak ezezkoa emon ebala Jesukristo maite ebalako, bularrak kendu eutsiezala eta enparauak. Gur egun, barriz, Santa Agedari buruz bi edo hiru kantu dagoz baina luzeegiak dira eta aspergarria izaten ei da entzuleentzat.
Aita Jose Domingo, Salaberri, Barturen eta beste batzuen partiturak erabilten doguz eta, jakina, bizkaieraz kantetan dogu.
6. Zenbat lagun zabize gaur egun koruan?
1965ean, lehenengoz emakumeak eta umeak kantetan hasi ziranean, 60 abeslari egozan baina, gaur egun, 44-45 lagun alkartzen gara. Edozelan be, aurtengoa berezia izango da Arratiako Musika Eskolako 60 bat ume etorriko diralako geugaz kantetan. Esperientzia ederra izango da seguru eta, ganera, txiki-txikitatik Arratiako korua zer dan eta partiturak ikasten hasi ezkero, segidu leikiela pentsetan dot.
7. Erritmoa eroateko makila erabilten da. Zein da materialik onena?
Lehen abeslari danok erabilten genduan makila eta sekulako eskandalua izaten zan; ganera, zarata gehiago atarateko makilen puntan untzeak sartu eta katxondeoa izaten zan; lupetza egoten zan lekuetan sendo joten zan albokoa lohituteko, giro sanoa egoan.
Gaur egun, makilak danok daroaguz eta sarrerako hiru golpeak danok emoten doguz. Hortik aurrera neuk bakarrik eroaten dot erritmoa makilagaz; dana dala, hiru Santa Ageda kantetan doguz eta makilagaz bat bakarrik, ohitura zaharra galtzen gabiz.
Makilaren materialari dagokionean, onena hurretxa da, hurretx sikua; pentsaizu egun osoan eroan behar dala aldean eta ahalik eta pisu txikiena eroaten da onena. Nik neuk apur bat loditxua daroat, ondo entzun daitezan golpeak.
Beste kontu bat makilaren neurria da. Norberaren altuerakoa, begien parerainokoa da onena ze astunegiak eta txikiegiak be ez dabe balio. Makila solte eroan behar da eta begien parean euki ezkero, ikusi egiten dozu gora eta behera. Makilagaz erritmoa eroatea ez da bape erreza.
8. Kantetako tradizino handia egon da Euskal Herrian baina ez ete doa galtzen? Gazteen artean badator erreleborik?
Gaur egun eskolan musikea ikasi behar da nahitaez eta hori zeozer da baina bai, egia da kantetako tradizinoa galtzen doala eta nabarmen ganera; gero eta koru gitxiago dagoz eta nik uste dot koru gehienak desagertu egingo dirala.
Bitxikeria legez, oraindino korua sortu zan sasoiko bat dabil geugaz kantetan: Bittor Sierra Sesumaga Areatzakoa, hasikerako denporetako bakarra da, besterik ez dago inor.
9. Santa Ageda bezperan, goizeko 8:30etan ekiten deutsazue ibilbideari mezegaz baina egun osoa egiten dozue Arratialdean hasi, Bilbon segidu eta Arratian amaitzeko. Zein izaten da momenturik bereziena?
Ibilbideari jagokonean, goizeko 8:30etako mezeagaz ekiten deutsagu bideari eta lehenengo Arratian ibilten gara (Arantzazu, Dima, Lemoa, Bedia), gero Zornotzara joaten gara eta hortik uriburura. Bilbon, San Antonen hasten gara baina zazpi kaleetan zehar geldialdi bat baino gehiago egiten doguz. Bilboko udaletxearen aurrean, alkate jn.ari baimena eskatzeko kantetan dogu, Diputazinoan, eta BBVA, BBK eta Ipar Kutxaren aurrealdeetan, Eliptika plazan eta Guggenheimen be kantetan dogu. Bazkaria Getxoko Tamarisen Jatetxean egiten dogu eta arratsaldean, barriro Bilbon sartu eta Deportivo Frontoian, Carltonen eta alde zaharrean kantau ostean, Arratian amaitzen dogu ibilbidea bederatziak bueltan.
Momentu bereziak bat baino gehiago dira. Goiz partea gustetan jat niri. Goizeko mezea gogoangarria izaten da ze korukoak izandakoak gogoratzen doguz eta senitartekoak eta lagunak izaten gara tartean. Ibilbide osoa egin ostean, afaria bera eta ataratako dirua kontetako momentuak be politak izaten dira. Horrezaz gan, alde zaharrean edo partidua dagoanetan, Deportivon kantetea be ederra da, oso ondo entzuten dalako eta jenteak oso pozik hartzen daualako. Bestetik, kasualidadea izaten da baina San Mamesen kantetea be espeziala izaten da, niri birritan tokau jat Katedralean kantetea.
10. Arratiako Koruak kantetan dauzan kopletako batzuk gogoratzea eskatuko deutsut.
Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gatoz
Aterik ate ohitura zaharra aurten barritzeko asmoz. (bis)
Ez gagoz sano aberats diruz, ez eta oinetakoz,
baia sameaz ondo gabiz ta kanta gure dogu gogoz. (bis)
Santa Ageda bezpera dogu Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua doguna (bis)
Santa maitea gaur hartu dogu gure bideko laguna (bis)
haren laguntzaz beteko geunke egun hontako jarduna (bis)
(Aita Paskual Barturen)
Bestetik, despedidarako, hona hemen:
Orain bagoaz alde egitera
Agur deutzagu gogotik,
Agate Deuna bitartez dala
ez eizu izan dongerik.
11. Kantuari gazterik ekin zeuntzon eta gaur egun Zurrumurru taldearen laugarren diskoa preparetan zabiz...
Bai. Hamazortzi urtegaz Patxo izenagaz, bakarlari legez kantetan ibili nintzan pare bat urtetan eta tartean Abrako Jaialdia eta beste batzuk be irabazita daukadaz. Gero, Ohiartzunak taldea sortu genduan Arratian eta hor ibili ginan laupabost urtetan Euskal Herrian eta baita kanpoan be kontzertuak emoten; ameriketara joateko konbidapenak be sarri hartu genduzan baina beharreko kontuengaitik ez gina joan. Talde ona ginan baina zoritxarrez ez genduan diskorik grabau. Geroago etorri zan Zurrumurru taldea, Ohiartzunak taldetik Arteako hiru neba-arreba bernaolatarrak eta neu, Balmasedako Iñaki Galizia eta Asun Pagaldai durangarra. Kasu honetan, hiru disko grabau genduzan. Orain, barriz, Aita Donostiaren kanta zaharrak aukeratu doguz hurrengo diskorako eta ahotsak grabauta daukaguz haren armonizazinoak errespetauta. Danetara, 24 kantu dira. Ahotsen atala eginda dago eta orain musikarako hainbat lagun doguz parte hartu guran, Iñaki Salvador, Kepa Junkera, Ibon Koteron...; orain, barriz, diskoa grabau ahal izateko babesle bila gabiz.
Koldo Isusi Zuazo