Kulturea  IV. urtea // 95. zenbakia

Bizitzaren gainean dantzan


Azkenik, ezin da aitatu barik itxi lan honen eszenografia berezia, Tanttaka taldeko Fernando Bernuesek egindakoa. Arbela eta klariona erabilita lortu dau Bernuesek eszena sortzea: oholtza arbel handi bat da, eta, beste alde batetik, klarionen bidez arbel bat egin dau, bertan proiektetako obran eskaintzen diran ikus-entzunezkoak. Gogoratu behar da arbela eta klariona funtsezko elementuak dirala Oteizaren lanean, eskulturen bozetoak klarionakaz egiten zitualako eta arbela, barriz, bere pentsamentu eta diseinuak azaltzeko erabilten ebalako.

Julen Gabiria


“Globalizazio hitza artean asmatzeko zegoela, inork baino lehenago aldarrikatu zuen Oteizak geurea onartu, geurean sakontzea dugula unibertsal izateko bide bakarra”, idatzi eban Joxerra Garziak, “Itsasoan euri” liburuan; eta Mireia Gabilondok, halako baten, irakurri egin eban aitamena. Irakurri eta, ganera, sentidu eban Jorge Oteizaren ganeko ikuskizun bat sortu behar ebala: dantza ikuskizuna, hain zuzen be.

Ideia ha euki eta denpora gitxira, “Otehitzari biraka” ikuskizuna oraintsu estrenau da: lehengo astean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hemendik aurrera, barriz, jente gehiagorengana be helduko da, ikuskizuna hara eta hona mobiduten hasten danean.

Eskaintza hau Kukai eta Tanttaka konpainien eskutik dator, eta ez da lehenengo aldia alkarlanean dabilzana, lehenago be arrakasta handiko obra bat taularatu eben eta: “1937. Gogoaren bidezidorretatik” izenekoa. Kasu haretan 1937an erbestera joandako umeen gaia lantzen zan, Juan Mari Beltranen “Arditurri” diskoa oinarri hartuta. Halanda ze, argumentua lehendik eginda egoan, baina oraingoan, “Otehitzari biraka” lanean, ez dabe holakorik euki: dana sortu behar izan dabe eta, egileek autortu dabenez, ez da lan makala izan. Beste alde batetik, aurreko lan horregaz konparauta, oraingoa abstraktuagoa dala adierazo dabe arduradunek, eta horren arrazoia da lan barrian Oteizaren gogoetea eta sentimentuak dirala protagonista. Halanda be, Mireia Gabilondoren berbetan, “antzezlan abstraktua da, baina ez moropilotua”.

“Otehitzari biraka” lanean Jorge Oteiza artista baino, gizona eta pentsalaria berreskuratu gura izan dabe. Horretarako, dantza, musika, poesia eta ikus-entzunezkoak erabili ditue, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean eta Mireiak berak idatzitako gidoian oinarrituta. Koreografia, barriz, Jon Maya dantzariak preparau dau, eta musika egiteko izen handiko jentea hartu dabe: Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Mikel Fernandez eta Rafa Rueda, hain zuzen. Azkenik, taula gainean ikusiko ditugun dantzariak zazpi dira: Jon Maya bera, Alain Maya, Vanesa Castaño, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Nerea Vesga.

Lehenago esan dogunez, ikuskizun hau sortzeko lan handia egin behar izan da: Orioko artistearen poesia liburuak irakurri, alkarrizketak eta ikus-entzunezko materiala aztertu eta Oteizaren lagunakaz berba egin behar izan dau Mireia Gabilondok, obraren gidoia idazteko. Horretarako, Oteizaren unibersoan sartu da, eta, batez be, ikuskizunaren zuzendariak Oriokoaren poesia deskubridu dau, eta gehienoi ezezaguna jakun leiho hori zabaldu gura izan dau, publikoak jakin dagian nor izan zan Oteiza eta Gabilondok sentidutako emozinoa edo zirrarea danoi helarazoteko.

Ikuskizuna ez da, orduan, Oteizaren bizitzaren errepasoa, ez biografia. Halanda be, artistearen bizitza agertzen da, batez be oinarrizkoak diran momentu batzuk: umezaroa, artearen gainean esan zituanak, eskulturea itxi ebanekoa, poesian sartu zanekoa... eta, batez be, hunkigarriena dalako, Itziar emaztea hil zanekoa. Hori dana, Oteizaren poemak, irudiak, alkarrizketak eta abar proiektetan diran bitartean eta, zelan ez, dantzariek euren koreografiak taularatzen dituen bitartean.

Koreografiari jagokonez, euskal dantza tradizionala hartu dabe oinarri, baina moldaketak eginda. Dantzari esangura bat emon gura izan deutsie eta, holan, kaxarranka eta aurreskuak argi-argi ikusiko badira be, beste dantza batzuk ezin dira lehenengo begiradan ezagutu.

Aurreskuak, berbarako, pisu handia dauka ikuskizun honetan: Jon Mayak, Oteizaren papelean, hiru aurresku egiten ditu. Lehenengoan, Oteiza bete-betean dago; bigarrenean, Itziar hil jako; hirugarrenean, bera da azkenekoetan dagoana, eta agur esan deusku.

Lehen esan dogunez, poesia eta ikus-entzunezkoen presentzia be handia da lan honetan. Poesia irakurteko, kolaborazino bereziak euki ditue. Horreetatik aitagarrienetakoa da, lanaren hasieran, Mikel Laboak Oteizaren poema bat errezitetan dauala, Iñaki Salvadorren musikeagaz. Gero, beste ahots gehiago be entzungo ditugu: Pello Zabala, Xabier Lete, Nestor Basterretxea edo Joxe Angel Irigarayrenak, besteak beste.