Kantuketan 05 jaialdiak Imanol kantaria omenduko dau
Kantuketan: zezeilaren 6tik 13ra Getxon
Bizkaie!
Imanol Larzabalen omenezko kantaldia egingo dabe Getxon, zezeilaren 13an. 1947an, Donostian jaiotako Imanol igazko bagilaren 25ean hil zan odol isuri baten osteko bihotzekoak jota. Bolona-Molona, Imanol in memoriam diskoan bildu ziran kantariek egingo deutse omenaldia Imanol lagunari: Xabier Letek, Pier Paul Berzaitzek, IƱaki Eizmendik, Niko Etxartek eta Antton Valverdek. Horreekaz batera, Imanolegaz ibilten ziran musikariak egongo dira: Mikel Andueza saxofonistea, Carlos Jimenez pianistea eta Txema Garces baxu jotzailea.
Kontzertuak Getxoko Udalak antolatutako Kantuketan 05 jaialdia zarratuko dau. Edozelan be, Getxo musikearen uriburu bihurtuko dauan Kantuketan jaialdiak beste ikuskizun batzuk eskainiko ditu. Zezeilaren 6an izango da lehenengoa, eta Euskadiko zein kanpoko bost kantari eta musikariak elkartuko ditu. Euskal Herritik Sylvain Luc, Kepa Junkera eta Maddi Oihenart izango dira; eurekaz batera, Lokua Kanza abeslari kongoarrak eta Keyvan Chemirani perkusionista irandarrak parte hartuko dabe. Hitzordua, arratsaldeko 19:00etan izango da Algortako Getxo Antzokian.
Zezeilaren, 11n, barriz, Logela Multimediaren ikuskizuna Algortako Getxo Antzokian izango da arratsaldeko 20:00etan hasita.
Horrezaz gan, zezeilaren 12an, gaur egungo euskal rock talde ezagunen hitzordua izango da: Sagarroi, Kerobia eta Kauta taldeek kontzertua emongo dabe Portu Zaharreko karpan.