'Mamutxen Eremua', eskuko telefonoetarako jokoa euskeraz
Animatu Bilboko enpreseak Internet, telebista eta eskuko telefonoetarako marketing eta denpora librerako aplikazinoak sortzen ditu. Azken lanen artean Kukuxumusugaz egindako eskuko telefonoetarako beste joko bat dago.
Eskuko telefonoen ganean berba egiten gagozala, ondo dator aitatzea Italiako mediku batzuk esan barri dabena, neska bateri pasau jakona ikusita. Kontua da hamahiru urteko neskato bat ospitalera joan zala eskumuturra guztiz handituta eukalako. Egunean ehun bat mezu inguru idazten ebazala esan ebanean konturatu ziran medikuak eskuko telefonoek be gatxak sortu leikiezala (tendinitisa...) eta arazoa barregarria dala emoten dauan arren, kontu handiz ibili beharko dogu hemendik aurrera.
Bizkaie!
Daborduko, eskuko telefono bat erosten dogunean, deiak eta mezuak bialtzeaz gan, jokoak be badakarz. Ba oraindik aurrera, joko horreek euskeraz be topau ahal izango doguz; Animatu enpresearen eskutik eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntzinoari esker sortu da ‘Mamutxen Eremua’ jokoa. Euskerea teknologia barrietan sustatzeko plangintzearen barruan sortutako egitasmoa da eta batez be gazteei zuzenduta dago. Jokoa 7505 zenbakira SMS bat bialduta lortu daiteke. Mezuak 3 euroko kostua dauka.
Jokoaren helburua mamutxak topau eta argazkia ataratea da. Hori lortzeko, jokalariak hainbat personak emondako informazinoa ulertu behar dau. Ez da ezelako indarkeriarik agertzen eta garrantzitsuena jokalariaren abilidadea da. Persona horreek emondako informazinoa euskeraz dago eta jokalariak mezua ulertu eta aurrera segidu behar dau, bertan jarten dauanaren arabera jokatuz.