Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa "Titanic The Exhibition" erakusketearen Europako biran sartu dabe
Bizkaie!
"Titanic The Exhibition" ontzi famatuari buruzko erakusketeak Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa aukeratu dau Euskal Herrira egingo dauan bisita bakarrerako. Gauzak holan, apirilaren 8tik iraileko azken domekara arte egongo da ikusgai museo bilbotarrean.
Museoko zuzendaritzeak jakinarazo dauanez, oraintsu berbatu eben Bilboko Itsasadarra museoak eta Titanic Centenary 2012 erakundeak akordioa eta erakusketea Bilbon egongo dala ziurtatzen daben agiriak sinatu ebezan.
Erakusketa hau igazko garagarrilean inaugurau zan Bartzelonan, Forum 2004gaz bat eginaz, eta Bartzelonako Itsas Museoko Areto Gotikoko 1.700 metro koadruak okupau ebazan. Gaur egun Porto uri portugaldarrean dago, Ferreira Borges Merkatua eraikinean, 1.600 metro koadruko azaleran.
Bilbon egon ondoren, erakusketea Europako beste zenbait uritan egongo da: Lisboan, Granadan, Genoan, Bordelen, Valentzian eta Madrilen.
Titanic ontzi mitikoaren jatorrizko objektuak, agiriak eta irudiak jasoten ditu erakusketeak. Banakako soinudun ekipoakaz bisitetan da eta bisitariak aukeratzen dau hizkuntzea, euskerea tartean. Modu honetan, eta bisitak irauten dauan ia bi orduetan, ontziaren lehen eta azken bidaian izan ziran 2.208 personek bizi izan eben lujoa eta hondamendia sentidu ahal izango dabe.