Musikea  IV. urtea // 95. zenbakia

Bryan Adamsen kapritxoak eta U2 Anoetan


U2 Donostian, abuztuaren 9an

Beste talde ezagun batek be Euskal Herria bisitauko dau aurten, abuztuaren 9an Donostiako Anoeta estadioa hain zuzen be. Bilboko BEC azokako Arena aretoaren zabaltze-ekitaldian parte hartzekoak ziran irlandarrak baina Bryan Adams izango da inaugurazinoa egingo dauana.

‘Vertigo 2005’ birea San Diegon (AEB) hasiko dau martiaren 28an laukote irlandarrak eta Ipar Amerikako 13 uritan kontzertuak eskaini ostean, bagilaren 10ean helduko dira Europara Bono eta lagunak, Bruselara hain zuzen be. Europan 24 kontzertu eskainiko ditu taldeak.

'How To Dismantle an Atomic Bomb' da U2ren disko barria, taldearen ibilbideko hamaikagarrena. Orain hile batzuk kaleratu zanetik arrakasten zerrendatan izan da eta daborduko 8,5 miloe aletik gora saldu dira.

Kontzerturako sarrerak zezeilaren 17tik aurrera egongo dira salgai. Erosle bakotxak ezin izango ditu sei baino gehiago erosi, holan eskatu dabelako taldearen ordezkariek. Hiru salneurri dagoz: merkeenak 46,25 eurotan, besteak 60,25 eta karuenak 76,25 eurotan salduko dira. Anoetan 40.000 lagun batzea espero dabe antolatzaileek. Zeu be bertan egongo zara?

Saioa Torre Gereketa

Australiako ardaoa eta bertoko garagardoa. Hori da Bryan Adams musikari kanadiarrak eskatu dauana Europako kontzertuetan gustora joteko, tartean zezeilaren 5ean Bilboko BEC azokako Bizkaia Arenan eskainiko dauan kontzertuan be. Sarrera merkeena 32,5 eurotan lortu zeinkie eta, karuena, 40,5 eurotan.

Ondorengo lerroetan musikari kanadiarrak antolatzaileei eskatutakoen ganeko kontuak zehaztuko doguz.

Ez dau erretan eta ez dau alkoholik edaten. Ganera, urte asko daroaz emakume beragaz ezkonduta. Ezaugarri horrek nahiko urrun dagoz beraren mailako musikariek daukiezan berezitasunak kontuan hartzen badoguz. Halan da be, kapritxoak euki badaukaz, eta baita diru nahiko horreek pagetako be. Eskatu dituan gauza bitxien artean lau fregona edo lur-garbitzaile dagoz. Ke usainik bako Mercedes etxeko edo antzeko mailako autoa egon beharko da hotelaren aurrean Adamsen zain, eta hori bai, aire giroturik bakoa eta zabaldu daitekezan bentanakaz.

Ardao baltza gustetan jako (Australiarra, Cabernet edo Merlot) eta armozu sendoa jaten dau, egun osorako indarrak hartzeko edo. Arrautzak, urdia, kafea, tea, esnea, fruten zumoa, zerealak, tostadak, frutea eta pastelak gura ditu goizean goiz berarentzat eta baita talde osoarentzat be, soinu-teknikariak, argiztapenaz arduratzen diranak, musikariak, etab.

Edateko kontuetan be ez da atzean geratzen. Lehenago aitatu dogun ardao baltzaz gan, ardao zuria be eskatu dau musikari kanadiarrak. Budweiser zerbezea gustetan jako (lekuan lekuko 36 zerbeza-botila be eskatu ditu), urak ez dau gasik euki behar eta ahal izan ezkero ‘Volvic’ etxekoa izan behar dau, Coca-colea hartzen dau, Vodka Absolut be bai eta laguntzaile guztientzat hainbat Gatorade litro eskatu ditu.

Orain arte aitatutako kapritxoak edo eskaerak arlo personalekoak dira, baina teknika arloan be ez dira gitxiago Adams-ek eskatutakoak. Hogeita lau toalla zuri, sua amatetako sei tresna, lau berogailu itzel eta kableak tapetako 150 metro plastiko. Eta azkenik, kapritxo personalago bat: inguruko musika-denden izen eta telefono zerrendea.