Errioxa 2002: 350 miloe kilo mahats eta 245 miloe litro ardao
Igaz baino % 10 gitxiago
Mahatsaren prezioa
Mahats-batzeagaz batera, urte guztietan agertzen dira mahats kiloak hartuko dauen prezioaren ganeko zurrumurruak. Mahatsaren prezioa espekulazino hutsa izaten da, eta askotan upeldegi handiek marketan dabe. Mahats asko dagoan urtean prezioak behera egiten dau normalean, eta mahats gitxi dagoan urtean, ostera, gora. Oraindino ez dau inork prezioaren ganean ezer esan baina, hori bai, zurrumurru batzuk entzun doguz eta ez dau emoten prezioetan aldaketa handirik egongo danik igazkoakaz konparauta. Igaz, kiloko 60 zentimo pagau ziran mahats baltz arrunta erosteko; edozelan be, prezioa marketako orduan beste parametro batzuk erabilten hasi dira, eta mahatsaren kalidadeari begiratuta, kasu batzuetan, joan dan urtean 1,90 euro pagau eben kiloa. Beste alde batetik, urtero mahats kiloaren bidezko edo zentzunezko prezioa marketako hasi dira honezkero ahaleginetan upeldegietako arduradunak eta nekazarien sindikatua, batez be, aurreko urteetako desorekak eta iruzurrak sortu ez daitezan eta merkatuak porrot egin ez daian (gogoan doguz orain hiru urteko denporaldiko prezioetan izan ziran gehiegikeriak eta, horren ondorioz, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuak bizi izan eban krisia). Dana dala, diru kontuetan akordioa ez da erraza izaten, eta prezioei jagokenez be tirabira handiak dagoz mahastizainen eta upeldegietako arduradunen artean.
Mikel Garaizabal,
Enologoa eta Sommelierra
Heldu da iraila, eta honegaz batera ardaoaren munduan gabilzanok edo ardaoaren mundua maite dogunok burukomin gehiago izaten doguz; besteak beste, hasi gara pentsetan eta gure buruari itauntzen ia aurtengo mahats-batzea zelakoa izango dan. Udan bota dauena ikusita, euri nahikoa egingo ete dau? Jarraituko ete dau eguraldi eskas honek? Ze prezio hartuko ete dau aurten mahats kiloak? Zein heldutasun-puntu hartuko ete dau mahatsak?
Ardaoaren gorabeherak ondo ezagutzen doguz eta edozeinek daki urtetik urtera aldeak egoten dirana, produktoreek urtero antzeko mahatsa eta kopurua erabili arren be; horren arrazoia be ezaguna da: urte guztiak ez dira bardinak izaten klimatologiaren aldetik.
Mendema edo mahats-batzea
Mendema edo mahats-batzea ganean dogula, (gogoratu irailean eta urrian izaten dala, zeozer arraroa pasetan ez bada behintzat) berehala hasten dira espekulazinoak eta ikerketak egiten, besteak beste, aurtengo ardaoa zelakoa izango dan jakiteko, bai kalidadeari eta bai kantidadeari begiratuta. Oraingo honetan, Errioxako mahats-batzearen ganean egingo dogu berba. Badakit Euskal Herrian jatorri deitura asko daukaguzana, baina, danok dakigunez, Euskal Herriko ardaorik onena eta gehien kontsumiduten dana Errioxan egiten dabe, eta hori ez dago ukatzerik.
Lehenengo balantzearen arabera, orain arte egindako ikerketei jaramon egin ezkero (datu honeek aldatu egin daitekez oraindino 3 bat aste falta diralako mahats-batzeari ekiteko eta naturearen fenomenoak aurreikustea benetan gatxa dalako; nork jakin, datozen egun eta asteotan zenbat euri edo txingor jausiko dan, haize bolada gogorrik egongo dan...), honako datu honeek emon geinkez: aurten, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikazinoan 350 miloe kilo mahats batuko dira, igaz baino % 10 gitxiago. Datu hau pozgarria da, ze udabarrian eguraldiak ez eban askorik lagundu, eta danok be arduretan egon ginan. Datu horretan oinarrituz, esan leiteke aurten 245 miloe litro ardao produziduko dala Errioxan (gehiena ardao baltza).
Ikerketa edo azterlan horretako datuakaz jarraituz, mahatsa oso osasuntsu dago eta egoera begetatiboa ezin hobeto, kasu bakar batzuetan mahatsondoak botrytis onddoagaz kutsatuta egon arren. Dana dala, oraindino badago astia mahatsaren kalidadea hobetzeko, nahiz eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren alde batzuetan mahats batzea laster hasi. Gogoratu, lur eremu handia danez, zatika behar egiten dabela (hiru azpi lurraldetan zatitzen da Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua: Errioxa beherea, Errioxa Altua eta Arabar Errioxa); alde batetik bestera, hilebeteko tartea egon daiteke, esaterako, Errioxa Beherean, honezkero hasi ez badira laster ekingo deutsie mahats-batzeari, baina Araba Errioxako Samaniego herrian, barriz, urriaren erdialdera arte ez dira mahatsa batzen hasiko.
Momentu honetan eta Araba Errioxako mahastizainen esanetan, azken hilebete honetan, egonkortu egin da eguraldia eta hori gauza ona da; izan be, giro sikua eta eguzkitsua behar da mahats batzea ederra izateko. Udabarri partean pentsetan eben aurten igaz baino % 30 gitxiago atarako ebela, ze negua sikua eta hotza izan zan eta mahatsondo batzuk erre egin zituan leiak; dana dala, zorionez udako euri zaparradek hankaz gora ipini ditue prebisino horreek.
Araba Errioxan kokatzen bagara, aurten 3.000 mahatsondo barri hasiko dira emoten eta danetara 53.740 hektarea izango dira. Pasa dan urtean hektarea bakotxetik 6.832 kilo mahats atara eben.