Txinatar baten izena: Zhao.com
Hona hemen ikur hau esateko beste hizkuntza batzuetan erabilten diran berbak.
- Euskeraz: “a bildua”
- Katalanez: “arrova” edo “rova”
- Gaztelanieraz: “arroba”
- Ingelesez: “At” edo “Commercial sign” edo “arroba”
- Frantsezez: “Arrobase” edo “escargot” (barraskiloa)
- Alemanieraz: “At” edo “Klammaraffe”
edo “Affenschwanz” (tximinoaren buztana)
- Italieraz: “Chiocciola” (barrazkiloa)
- Nederlanderaz: “Apestaartje” (tximinoaren buztana)
- Frisieraz: “Apesturtsje” (tximinoaren buztana)
- Hebrarieraz: “Shablul” (marrazkiloa)
- Finlandieraz: “Taksa” (prezioa)
edo “kissanhäntä” (katuaren buztana)
- Turkieraz: “Gül” (larrosa)
- Errusieraz: “Sobachka” (txakur txikia)
- Bulgarieraz: “Majmunsko a” (tximinoa)
edo “majmunska” (tximino txikia)
Gotzon Plaza,
informatikoa
Hauxe bai txinatar aita baten xelebrekeria. Interneten zaletua izan leiteke baina seme bat euki eta Erregistro Zibilera joan “.com” izena umeari ipinteko asmoagaz lartxu dala esango neuke. Antza danez, txinatar izenetan abizena izenaren aurretik ei doa eta gure internautak Zhao abizena daukanez, beraren semearen izen osoa “Zhao.com” izateko berotasunean egon ei zan. “Izen xelebrea eta originala da” esan ei dau gure morroiak. Benetan, hori inortxok be ez deutso ukatuko, originaltasuna behintzat ez.
Bere deskarguan, “com” honek txineraz “kang” berbearen antzeko doinua daukala eta azken berba honek “osasuntsu eta segurua” esan gura ei dauala esan dau. Dana dala, erregistroko funtzionariek ez deutse beraren asmakizuna onartu eta hortik jatorko haserrea gure aitari. Eta haserre kontua bada, beste txinatar aita bategaz be egin leike bat. Oraintsu, ganera, berton be euki dozue beraren barri. Beste aita hau, Wang abizenekoa, pasa dan urrian joan zan erregistrora antzeko asmoagaz: kasu honetan, semearen izena “@” izango litzateke baina hemen be funtzionariek ezezkoa emon eutsien. Aitaren esanetan, a bilduaren doinua “maite dot” esanaren antzerako doinua ei da. “Wang @” izango litzateke mutil gizajoaren izena, txinatar legea ez balego: legearen arabera, izenetan ezin da ez ikurrik ez zenbakirik jarri eta horrezaz ganera, ume guztien izenak Txinako erregistrora eroaten badira, txinatar ikurrez idatzi behar izango dira, eta jakina, “@” ez da txinatar ikurra.
Eta bitxikeria legez, badakigu zelan esan behar dogun halako “@” ikurra aurrean daukagunean? Ikerlariek honako hau esaten deuskue: 1536. urtean agertu zan lehenengo biderrez ikur hau idatzita. Italiar merkatari baten karta batean agertu zan, bere produktuak Sevillatik Erromarantz bialdu ebanean. Karta horretan idatzi eban: “ardao arroa batek, kupelaren 1/3-a danak, 70 edo 80 duket balio ditu”. Arroa berbearen partez, gaur egun hain ezaguna dan ikurra idatzi eban. Eta “arroa” kintal baten laurena zan honek beraren jatorria arabieran dauka, “ar-ruba” laurdena esateko erabilten zan berbean hain zuzen be.