Bidaide  IV. urtea // 95. zenbakia

Tunisia iparraldea (I)

'Hotela oasi antzekoa da'


- Erlijinoagaz zerikusia daukan arazorik euki dozu?

Bat bera be ez. Islamaren eragina edonon igarten da, batez be emakumeen janzkeran, ezin dabezalako orpoak eta hankak erakutsi. Baina horrek ez deutso ezertan eragiten mendebaldeko turisteari. Arazoak eukiko nebazala uste neban, baina egoera guztiz kontrakoa topau dot. Gehiago esatearren, gizartea oso edegia dala esango neuke, eta horreri jagokonez pasarte bereziren bat be badaukat kontetako... Hammamet hondartzan nengoala, tunisiar bat hurreratu jatan. Bakarrik nengoalako edo, eta ea masturbetea gura neban esan eustan. Harrituta, eta apur bat minduta, ezetz esan neutsan. Handik gitxira neska gazte bat hurreratu jatan, sexua eskaintzen. Beti bardin: dirua erlijinoaren ganetik dago.

- Hoteleko giroa eta kanpoko giroa guztiz desbardinak izango zirala uste dot...
-Bai, ez daukie zerikusirik ganera. Hotela oasi antzekoa da. Bertako aberastasuna eta luxua kale zaratatsu eta jentetsuakaz aurrez aurre dago. Eta hori da turistek gura dabena: jakuzzia, jateko ona...

- Eta eguzkia eta hondartzea?

Zelan ez! Uriburutik kanpo leku oso interesgarriak dagoz. Hammamet, berbarako, uri zoragarria da. Kale estuak, zuriak, horma urdinak, burdinezko balkoiak, meskitak... Hondartzetako ilunabarrak ikusgarriak dira. Tea pinaziakaz hartzen genduan eguzkia desagertzen joian bitartean, eta hori ez da diruagaz pagetan. Argia, muyaidin soinu tradizionala, jentea... Horrek danak beste kultura batera eroaten zaitu. Sidi Busaid uria be bitxia da, turismorako lar preparauta dagoan arren. Onena barruko herritxuetan topau zeinke. Cartago erromatar ‘museo’ legez aurkezten daben arren, apur bat etsigarria da, aztarren gitxi dagozalako zutunik.

- Argazkietan ikusi dodanaren arabera, Tunisiako etxeetako ateak gustau jatzuz...

Oso deigarriak dira. Herrialdearen iparraldea zuria eta urdina da. Fatxadak zuriak dira eta ateak, leihoak eta balkoiak, barriz, urdinak. Ateek monotonia hori apurtzen dabe, eta estetika aldetik oso itxura ona emoten deutsie inguruari. Atetzarrak egurrez eta burdinez eginda dagoz eta forma eta kolore guztietakoak dira. Familiaren ‘aurkezpen-ateak’ dirala emoten dau. Batzuek sano fin egindako irudiak daukiez, okre koloredunak gehienak. Ateen argazkiakaz collage bat egin leiteke.

- Mendebaldeko munduaren eragina igarten da?

Bai. Batez be uriburuan eta jente gaztearen bizimoduan. Gure antzera janzten dira, erropa estuakaz, fast food jaten dabe, ingelesez egiten dabe berba eta diskoteketara joaten dira parrandan.

- Turistak beti kejetan dira tunisiarrak oso kantsagarriak dirala euren produktuak saldu gura dabezanean. Hain kantsagarriak ete dira?

Lekuaren arabera. Baina, oro har, nahikoa kantsagarriak dira. Gidari turistiko askok denda batzuekaz daukiez hitzarmenak eta bertara eroaten dabez turistak, kontsumidu daien. Alfonbren salmentea txarragoa da: dendan sartzen zaitue, tea menteagaz emoten deutsue eta erosi gura ez dozuzan alfonbra piloa erakusten deutsue. Giro txarra sortzen da askotan, turisteak beraren oporren parte bat galtzen dagoanaren sentsazinoa daukalako. Ganera, produktuak ez dira kalidade onekoak. Horregaitik, nahikoa kantsagarriak dirala esango neuke. Hori bai: bizitzan behin behintzat, esperientzia hori bizi egin behar da.


Alkarrizketearen bigarren atalean Tunisiako hegoaldea ezagutuko dogu, herrialdeko lekurik hutsena. Basamortua da nagusi bertan, historiako film askoren eszenatoki izandako basamortua hain zuzen be.

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Gabriel Caneda

Astebete Tunisian, luxuzko hotel batean eta 300 euro baino ez? Ba bai, holan da. Afrikako herrialde hau kontinente osoko jomugarik ekonomikoena da, ia danon eskura dago eta Euskal Herriko jente ugari joaten da bertara. Gabriel Caneda argazkilaria birritan egon da Tunisian. Berarentzat, ‘herrialde zoragarria da, batez be deskantsua hartzeko eta kultura oso desbardin bat ezagutzeko’. Holako adierazpenek herrialdea hobeto ezagutzen lagunduko deuskue.

Leku turistiko gehienakaz pasetan dan legez, gatxa da turista talde itzelak topau barik norberaren kabuz biajeak egitea. Ganera, taldean egindako biajeetan gitxiago ikusi eta ezagutzen dan arren, pakete turistikoek daukiezan prezio bikainek erakarri egiten dabe turistea. Gabrielen aburuz, ‘gure herrialdearen erosotasunak galdu barik deskantsua hartu gura dabenentzat oporretako biajeak egiteko modu egokia da’.

- Baina, ez da kantsagarria artaldean legez alde batetik bestera ibili behar izate hori?

Ohitzea da kontua. Tunisian libretik ibiltea gatxagoa izango litzateke, baina baita karuagoa be. Luxuzko hoteletan egoteko aukerea aprobetxau behar da, gure kontura bagoaz inoiz be zapalduko ez gendukezanak. Tunisian, erosotasunak eta exotismoa edonoren esku dagoz.

- Ez dozu, ba, biaje-agentzia batentzat lan egingo, ezta?

Ez, ezta gitxiago be (barreak). Benetan.

- Alkarrizketearen lehenengo atal honetan herrialdearen iparraldearen ganean egingo dogu berba. Zeintzuk dira lekurik garrantzitsuenak?

Duda barik, uriburua da Tunisiako lekurik garrantzitsuena. Uriburu handia da eta ez dauka enkantu berezirik. Kaotikoa da, ordenarik bakoa eta zikina. Sistema elektrikoa harrigarria da: kableak edonon dagoz, danak marapiloz beteta. Pentsau be ez dot egin gura zer pasauko litzateken txisparen batek saltau ezkero. Trafiko handia dago eta autoak ikatzagaz dabilzala emoten dau, botaten daben ke baltza dala-eta... Erlijino islamistearen eragina igarten da, baina nahikoa moderatuak dirala uste dot nik. Hori bai: oso gatxa da jenteari argazkiak ataratea, hasarratu egiten diralako.