Jesarri eta egon
Iñaki Atxutegi
Tentazino handia euki dot tekladuari ekin baino arinago. Eta aste honeetan ez badot ezer idazten? Akaso baten batek ez dau igarriko diferentzia, jazoerak azkar pasetan diralako bata bestearen atzean. Gaur baloretan edo komentetan dodana zahar geratuko da bihar, seguru. Baina tira, obligazinoa bete behar honek badaukaz arriskuak.
Oso barregarria da (edo hori iruditzen jat niri behintzat) egunero egunero eretxi-emoileen zutabeak irakurtea. Inor gitxi ausartzen da jazotakoaren ganean eretxi argi eta sendoak emoten. Eta banakaren bat ausartzen danerako barregarri edo geratzen da. Transizino garaian gagoz. Eta transizinoetan jazoerak interpretazinoak baino garrantzitsuagoak izaten dira. Oraingoa jazoeren momentua da. Pentsetako eta hausnartzeko abaguneak aurrerago etorriko dira.
Hor dabiz Alderdi Sozialistea eta Batasuna alkarreri mezu publikoak bialtzen eta keinuak egiten. Horreek danak agirikoak dira, baina mahai azpitik be nahikoa zaparrada ibiliko da... Eskemak goitik behera apurtu jakuz eta honek nahasmena sortarazoten badeusku be, gozau daigun egoerea, pausu honeetatik, dana ondo badoa, danok nahi dogun bakea etorriko dalako.
Beste ikuspuntu bat be badago oraindino aitatu ez dana. Nire ustez, argi baino argiago geratu da bake prozesua eta normalizazino politikoa kontu desbardinak dirala eta batera konpontzea ezinezkoa izango dala. Nire eretxiz, danok pentsetan dogu ETAren su etena guk uste baino arinago etorriko dala, baina hortik denpora batera hasiko gara sakoneko arazo politikoari aurre egiten.
Ez dakit nik “laborategi politikoetan” nik esandakoaz pentsetan hasi ete diran, baina seguru nago egunen batean egoera politikoa baretu eta gero, alderdirik nagusien arteko zeozelako akordioa posible izango dala.
Edozelan be, esatea egitea baino errazagoa da. Egitasmoa idatzita eta Eusko Legebiltzarrak onartuta dago, baina badagoz barriro zerotik hasi gura dabenak. Badagoz alderdien arteko akordioaren aldeko posturea egiten dabenak. Zelan lotu eretxi kontrajarri horreek guztiak? Egoera bakotxak jarrera desbardindua eskatzen dau. Nire ustez, datozen hileetan, politikariak barik, zirkuko ekilibristak beharko doguz egoereari aurre egiteko.
Bien bitartean, egon gaitezan gure jesarlekuetan nasai eta zabal. Deklarazinoak, jazoerak eta titularrak bata bestearen atzean etorriko jakuz. Ez dogu barruratzeko denporarik eukiko, baina sukaldeko lanak aurrera doazela susmeteak sekulako sentsazino ona emoten deusku.