LinEx, Guadalinex, Molinux eta Ginux
Eta jakina, gu geu be ez gara atzean geratuko, ezta? Hor doa ba Gipuzkoako Foru Aldundia beraren asmoagaz: lurraldeko udaletxeetan erabilteko, “Ginux” euskerazko sofwarea sortu dau. Eusko Jaurlaritzeak, beraren partetik, soft librearen aldeko interesa erakutsi dau, edo behintzat hori esaten da. Hor dago, berbarako, Euskalduna Jauregian Richard Stallmanek emondako berbaldia. Batzuk izen hau ez badabe entzun, jakin dagiela Stallman jauna soft librearen mundutxu honetan “guru” edo ideologotzat joten dala.
Honen inguruan, istorio xelebre bat be badago: Stallman Bilbora etorri, politikari askoren aurrean beraren ideak plazaratu (soft librearen aldekoak, jakina), gaur egun programa libreak garatzeko dagozan muga bai legal bai teknologikoen ganeko berbaldiak emon, afaldu, Eusko Jaurlaritzeak emondako erregalutxua hartu eta etxera joan zan. Kontua honakoa da: emondako oparien artean Kepa Junkeraren CD bat egoan, baina (hemen egon da hanka-sartzea) CD hau Windows eta Mac sistemetan baino ezin da entzun (eta edozein musika aparatutan, jakina). Eta nori eta Richard Stallman jaunari holako CD-a erregalauu, GNU/Linux sisteman entzun ezin dan diskoa! Zein izan da ondorioa? Ba Stallman-ek CD-a atzera bota eta Eusko Jaurlaritzeari bueltan emon deutsola.
Baina istorio hau xelebrekeria baino ez da izan. Garrantzitsua honakoa da: soft libreek gero eta indar gehiago daukie eta gero eta urduritasun handiagoa sortu arazoten deutsiela soft tradizionalari eusten deutsenei. Berbarako, Sarean zabalduta dagoan zurrumurru legez, honako beste barri hau: Brasileko gobernuak jarrera garbia dauka soft librearen alde eta Linux sistema libreak erabiltearen alde agertu da, Microsoft-en produktuak baztertuz. Arrazoia garbia da: diruaren eta teknologiaren menpekotasuna. Bai erakunde ofizialetan eta baita biztanleen artean be, soft libreko sistemak zabaltzea izango litzateke gobernuaren azken asmoa. Ez daigun ahaztu Brasil Hego Ameriketako herrialderik handiena dala eta Brasileko gobernua soft librearen aldeko mobimentuaren buruzagitzat joten dala. Beste alde batetik, Microsoft enpresearen interes komertzialak be ez dira ahaztu behar. Brasilek ez eze, beste herrialde askok be bide hau jarraitzeko asmoa azalduko balebe, euren negozioek kolpe handia jasoko leukie.
Hori dala eta, honako zurrumurrua zabaldu da: Bill Gates Brasilgo presidente Luis Inácio “Lula” da Silvagaz Davos-en izango dan Mundu Ekonomi Foroan alkartuko da (Bill Gates-ek eskatu ei dau alkarrizketa hau), batez be alde bietako kontrako jarrerak mahai baten inguruan argitzeko eta gaiaren ganean ia akordio batera heltzen diran ala ez ikusteko. Jakina, alkarrizketa honetan interes handiena Gates jaunarena izango da. Urduritasuna handia da eta etekinak arriskuan dagoz, batzuentzat behintzat.
Gotzon Plaza,
informatikoa
Izen arraroak ezta? Ez gaitezan harritu ze gero eta ezagunagoak egingo jakuz. Guztion pentsamentuetan soft librearen garapenaren eta etenik bako zabalkuntzearen idearen bat badaukagu: azken urteotan sekulako ospea lortu dabe, eta ez alperreko ospea ganera, soft libre horrek lortutakoa, gero ta gehiago erabilten da, bai erabiltzaile personalen ordenadoreetan eta baita erakunde ofízialetan be. Berbarako, Hirugarren Munduko herrialdeek apostu garbia egin dabe soft honen alde, euren ekonomiarako mesedegarria izango dalakoan, Lehen Munduko herrialdeakaz daukien teknologia menpekotasunaren uztarria apurtzeko urtenbide bat dalakoan.
Eta ez da herrialde pobreen aukerea bakarrik. Hor daukagu München alemaniar uriak hartu eban erabagia (14.000 ordenadoretako softwarea aldatu eban, soft librea iminteko). Hurrago, barriz, Espainian, Extremadurako Batzak bultzatuta “LinEx” soft barria garatu zan pasa dan urtean: “Linux” soft librea oinarritzat hartuz, komeni jakezan aldaketak egin eta “LinEx” produktua atara eben, eskola, osasun zentro, erakunde ofizial eta gura eben guztientzako dobaneko softwarea.
Andaluziako Batzak be bardin egin dau: euren produktua “Guadalinex” izenagaz bataiatu dabe. Honeen atzetik, Gaztela-Mantxako erkidegoak be badauka beraren softa, “Molinux” izenekoa: sistema operatiboa (Debian) eta soft libreko beste produktu batzuk osotzen dabe produktu hau.