Gegen die wand (Hormaren kontra)
Berlinen filmik onenari emoten jakon Urrezko Hartza irabazi ostean, gure aretoetara heldu da Hanburgon jaio baina jatorriz turkiarra dan Fatih Akin-ek zuzendutako “Gegen die wand” film garratza.
Pelikuleari sei gizonek eta andre batek osoturiko musika talde turkiar baten bitartez ekingo jako. Musikariak Istanbulen dagoz eta kantearen letreak ostean ikusiko dogun maitasun istorioaren jarraibideak emongo deuskuz. Kanta hori kamereari begira abesten da eta, beraz, ikus-entzuleoi zuzenduta dago. Filma kontetako fase edo atal bakotxari abestiaren lerroalde baten bitartez emon jako hasikerea.
Zinegileak, pelikulea egituretako, kontraesana sortu eragiten dauan tentsinotik abiatzen da: Sibelen hasikerako bizitasuna Cahit-en helduaroko etsipenari kontrajarten jako; tradizinoaren klaustrofobia modernotasunaren agorafobiari; jarduteko askatasuna eta askatasun horren ondorioen erantzukizuna; maitasun bako sexua eta sexu bako maitasuna.
Edozelan be, film gogor honen arrakastearen giltzarrietariko bat antzezleen lan bikainean dago, batez be Sibel Kekilli-k erregistroak aldatzeko erakutsitako benetako gaitasunean. Birol Ünel-ek be ederto antzezten dau guztiz hondatu eta etsitako personearen papela eta bigarren mailako aktoreak be mailari eusten deutsie.
Maitasun, gorroto, etsipen eta erredentzino film honek inor ez dau epel itxiko, baina beharbada batzuek sentiduko daben itolarria larregizkoa izango da.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Fatih Akin.
- Herrialdea: Alemania.
- Iraupena: 123 minutu.
- Antzezleak: Birol Ünel (Cahit), Sibel Kekilli (Sibel), Catrin Striebeck (Maren), Güven Kiraç (Seref), Meltem Cumbul (Selma), Cem Akin (Yilmaz Güner), Aysel Iscan (Birsen Güner), Demir Gökgöl (Yunus Güner), Stefan Gebelhoff (Nico), Hermann Lause (Schiller).
- Argazkia: Rainer Klausmann.
- Muntaia: Andrew Bird.