Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 94. zenbakia

Jateko pozoituak


Isilpeko intoxikazinoa

Elikagaien oihan honetako benetako arriskua ondokoa da: gaur egun kontsumitzaileok ez dakigula onaren eta txarraren artean bereizten. Adituentzat be gatx-gatxa da hainbat alergia, gorabehera hormonal edo bizienen benetako jatorria non dagoan jakitea. Arazoa da fruten eta barazkien hazkuntzan erabili ohi diran pestizida, fungizidak eta bestelako produktu kimikoak gorputzaren ehunetan gitxika-gitxika metatzen doazela eta sintomak ez dirala epe laburrean agertzen. Jatekoen bitartez urteetan produktu honeen kantidade handiak iruntsi eta gero baino ez gara gaixotuko. Isilpeko intoxikazino baten antzekoa da.

Sagarren kasuan, aurki, kutsadura mueta hau ebitetako neurriak nahiko errazak dira. Ez da azala jan behar, horixe da-eta pestizidarik gehien hartzen dauan lekua. Ganerako jatekoen kasuan, ostera, ez dago errezeta magikorik.

Begiluzea

Osasunaren ikurra dan sagar batek kalte egin deikeo osasunari? Sagarrak batzen diranerako, gitxienez osasunerako kaltegarriak diran 10 edo 15 produktu kimikogaz egon dira kontaktuan eta oraindino gure mahaira heltzeko prozesu luzea falta da. Uztearen ostean, sagarrek hainbat tratamendu eukiko dabez, salgai ipini aurretik, hotz kutxetan izango diran hilabeteetan usteldu ez daitezan.

Ez da harritzekoa, beraz, greziar eta erromatarrek oso gustoko eben fruta bibliko hau pestizidek gehien kutsatutako jateko freskoetariko bat izatea. Alarma-zaratotsa Estadu Batuetako Nekazaritza Ministerioak eta herrialde horretan jateko nahiz botiken kalidadea jagoteaz arduratzen dan FDAk zabaldu dabe; azken erakunde horren laborategietan munduan gehien jaten diran sagar muetak aztertu dira.

Zientzialariek lortutako erradiografia sano asago dago fruta ospetsu honen irudi onuragarri eta bukolikotik. Azterturiko sagarren % 91an pestiziden hondakinak topau eta 26 toxiko mueta desbardin zenbatu dira. Alerik gehienek pestizida bat baino gehiago eukien; % 20 baino ez egoan produktu bakar batek kutsatuta; % 27an produktu bi azaldu dira; % 24an hiru pestizida; % 12an mueta honetako lau produktu; % 5ean bost pestizida; % 2an sei eta % 1ean zazpi. Laginaren zati txiki batean, % 0,5ean, zortzi kutsagarri be topau dira. Mundu osoko sagarrek daukien koktel arriskutsua.

Jaio aurretiko kutsadurea

Badakigu zer jaten dogun? Elikagai guztien bildur izan beharko geunke? Osasunerako Mundu Erakundeak (OMS) zenbatuta daukaz gizakia elikagaien bitartez kutsatu daikien 200.000 produktu artifizial baino gehiago. Eta hori guztiz baieztaturiko datua da. Natura Babesteko Mundu Fondoaren eskariz (WWF) egindako azterlan batek hori berori baieztuten eban aurreko martian: “Produktu kimiko iraunkor eta biometagarriek (plagizidak, herbizidak eta nekazaritzan erabilten diran bestelakok) gure seme-alabak kutsatzen dabez jaio aurretik be”.

Agintariek ez deutsie garrantzirik emon gura, produktu freskoen % 2k baino gitxiagok baino ez dabelako gainditzen egunean jan daitekezan pestiziden gehieneko kopurua. Baina kontuan hartzen badogu urtean-urtean produziduten diran fruta eta barazki tonak eta tonak eta gizakiok kontsumitzen doguzan jatekoen kopuru handiak, txiki-txikia dan kopuru hori kontsumitzaileen sabelean amaitzen dan toxiko mordo bihurtzen da, ezelako duda barik.