Kulturea  IV. urtea // 94. zenbakia

Karlos Garaikoetxea lehendakari ohia, euskal sukaldarien kolektiboa, Dave Bieter, Karmele Goñi eta Kukuxumusu dira 2004ko Sabino Arana sariak


Sabino Arana Kultur Elkargoak sarituei urrezko txanpon bana emoten deutse, 50 mm-ko diametroduna, Bilboko Abasolo bitxi-dendak ospakizun honetarako beren-beregi diseinatua eta Juan Puigdollers eskultore katalan ospetsuak egindako Sabino Aranaren eskultura bat eredutzat hartuta.

2005eko urtarrilaren 30ean egingo dan sari banaketa ekitaldia 12:00etan hasiko da Bilboko Arriaga Antzokian eta Juan Jose Ibarretxe izango da buru.

Bizkaie"

Karlos Garaikoetxea lehendakaria “Berezia” atalean; euskal sukaldarien kolektiboa “Gizartea” atalean; Boiseko (Idaho–AEB) alkate Dave Bieter “Euskaldunak munduan” atalean; Karmele Goñi etnografo tolosarra “Bizitza osoko ibilbidea” atalean, eta Kukuxumusu Marrazki Fabrika “Ekonomia” atalean hautatu ditu Sabino Arana Kultur Elkargoaren Patronatu Batzak Sabino Arana Sarien XVI. aldian saritzeko. Sariak urtero ematen ditu Kultur Elkargoak euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena ospatzeko.

Sabino Arana Kultur Elkargoko lehendakariak Andoni Olabarrik adierazotakoaren arabera, aurtengo “Berezia” sarirako Karlos Garaikoetxea lehendakaria aukeratu dogu "1980an sortutako Eusko Jaurlaritzako Lehendakari zereginetan egindako lanaren esker on moduan, diktadurapean zenbait hamarkada igaro ostean, burujabetasunaren bideari ekin eutson lan-taldearen buruzagi bera zala, Eusko Jaurlaritzearen babesean sortutako erakundeak eta zerbitzua abiarazo ebezalako”.

Aurreko urteetan sari hau jaso dabenen artean, New Yorkeko su-hiltzaileak, HAWCA Afganistango emakumeen eta umeen elkartea, Ernest Lluch, Jose Antonio Ardanza, Oskorri, Athleticen aurrelari-lerro historikoa edo Nunca Máis aitatu geinkez.

“Gizartea” atalean saria euskal sukaldarien kolektiboari emon jako, “gure lurraren benetako enbaxadoreak diralako nazinoartean, Euskal Herrian gehien zaintzen dan kultur elementuetako baten bitartez, hau da, geure gastronomiaren bitartez". Kultur Elkargoko arduradunek nabarmendu dabe mundu zabaleranzko proiekzino horrek ekarri dauala, euskal gastronomia benetako gizarte-jazoera bat izatea, bai ekonomi jardueran zein turismoan eta hezkuntzan dituan inplikazinoengatik.

Talde osoaren izenean, saria jasoko dabenak, Juan Mari Arzak, Hilario Arbelaitz, Karlos Argiñano, Martin Berasategi eta Pedro Subijana izango dira.

Aurreko urteetan sari hau jaso dabenak, besteak beste, Bilboko Koral Elkartea, Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioa, Eresbil Euskal Konpositoreen Artxiboa, Karitas Euskadi, Aita Zuriak edo Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkartea dira.

“Euskaldunak munduan” atalean, Boiseko (Idaho) alkate Dave Bieter da saritua, AEBetako uriburu batean holako kargua lortzen dauan lehenengo euskalduna. Sabino Arana Kultur Elkargoak sari honegaz eskertu egin gura deutso “euskaldunek bakean bizitzeko eta euren etorkizunaz eurek erabagi ahal izateko eskubidearen alde egin dauan defentsa”. Andoni Olabarri Kultur Elkargoko lehendakariak nabarmendu dau “Idahoko Adierazpena deritzanaren sustatzaile nagusia izan zala. Euskal Herriarentzako Autodeterminazio Eskubidea onartzearen eta, helburu politikoak jadesteko indarkeria erabiltea salatzeaz batera, berton bakea eta egoera politikoaren normalizazinoa lortzeko alkarrizketak hastearen aldeko adierazpena onetsia izan zan Idahoko Behe Ganberan zein Senatuan”.

Sari hau aurretik hartutako beste batzuk dira: Pete Cenarrusa, Narciso Irureta, aita Pablo Mandazen edo Maria Bayo sopranoa.

“Bizitza osoko ibilbidea” ataleko saritua Karmele Goñi etnografoa izan da "lanbide-bizitza osoan euskal kulturea eta hizkuntzearen alde, zehatzago, etnografia ezagutarazoteko egindako ekarpenagaitik eta euskaldunen tradizinoak eta ondarea jasoten eta zabaltzen egin dauan lanagaitik”.

Aurreko urteetan sari hau jaso dabenen artean Serafin Esnaola, Juan Celaya, Jose Maria Jimeno Jurio, Joaquin Ruiz Jiménez, Javier Barturen eta Jesus Altuna nabarmenduko doguz.

Azkenik, “Ekonomia” atalean “Marrazki Fabrika” legez ezaguna dan Kukuxumusu enpresa nafarrak jaso dau saria, “euskal enpresa ekintzaile eta barritzailearen eredu berebizikoa; mundu globalizatu honetan, haren produktuak bost kontinenteetan ezagunak izatea lortu daualako”.

Beste urte batzuetan sari hau jaso dabe, Quicksilver, Bultz-Lan, Mondragon Corporacion Cooperativa (MCC) eta Irizar enpresek.