Euskaldunok munduan  I. urtea // 10. zenbakia - 2002ko irailaren 15a - Hamaboskaria

Goizeder Azua Barrios: Venezuelako Miss izentau barria


Missak be protestan

Igaz Agbani Darego nigeriarra aukeratu eben Munduko Miss eta, beraz, aurtengo Miss aukeraketea Nigerian egitekotan dagoz zemendiaren 30ean. Edozelan be, Nigeriako emakumeen oinarrizko giza eskubideak urratzen dirala ikusita, Frantzia, Belgika, Norvegia eta Danimarkako missak uko egin deutsie 2002ko Munduko Miss Txapelketeari eta antolatzaileak lekua aldatzea aztertzen dabilz.

Gogoratu, Amina Lawal, 30 urteko nigeriarrari heriotza-zigorra ezarri eutsiela joan dan martiaren 30ean. Nigeriako gaztea umedun geratu zan dibortzioa lortu ostean eta orain, barriz, lapidazino bidez edo harrika hilteko sententzia jaso dau ezkontzatik kanpo hartu-emon sexualak izateagaitik. Funtuako Apelazino Epaitegiak baieztatu egin dau epaia, eta 2004an aplikauko da, Lawalek bere semea edo alabea hazten dauenean.

Venezuelako Yaracuy Estaduko San Felipen jaiotakoa izan arren, Goizeder euskal jatorrikoa da aitaren aldetik. Orain urte batzuk askok eta askok egin eben legez, Goizederren aitita-amamak, Conchita Urruzurrun eta Jesus Azua Yurrebaso, Ondarroa eta Galdakaoko alabea eta semea, oraindino ezkondu barik egozala Venezuelara joan ziran, han bizimodu hobea topauko ebelakoan. Kontuak kontu, alkar han ezagutu, maitemindu eta ezkondu egin ziran. Urte batzuk beranduago seme bat izan eben, Andoni hain zuzen be, Goizeder erregina barriaren aita izango zana.

Venezuelako Miss barriaren aita, Andoni, Caracasen jaiotakoa da, eta Venezuelako Maturingo neska bategaz ezkonduta dago; halan da be, euskal jatorria ez dau ahaztu, eta tartean kilometro asko dagozan arren, Euskal Herriko ohiturei eusten ahalegintzen dira. Igaz Euskal Herrira etorri ziran oporretan eta oso gustura ibili ziran hara eta hona senitartekoak eta bazterrak bisitetan.

Goizeder Azua Barrios Valencia urian bizi da txikitatik, San Felipen jaio arren. Caraboboko Unibersidadean dabil Industria ikasketak egiten, eta ondokoak ditu neurriak: 89-60-90. Venezuelako Miss izendapena jaso osteko alkarrizketan, kazetariei esan eutsen kirurjia estetikorik ez dauela sekula egin eta oraingoz ez daukala senargairik. Euskal jatorrikoa zala jakin ebenean, politika kontuen ganeko itaun batzuk be egin eutsiezan, baina Goizederrek erantzun argia eta zehatza emon eutsen: 'terrorismo era guztien kontra nago, eta Euskal Herriaren arazoak ez dira konponduko bide hori erabilita'.