Bertsotan  IV. urtea // 94. zenbakia

Amurizaren iraultzeak 25 urte


Bertsozale gehienek ondo hartu eben Xabierren txapela. Ondo egin eban, ze letxe! Eta ondorio garrantzitsuak itxi ebazan bere bertsokerearen eta lanketearen barri jakiteak: Amurizak ikasi egin badau, neuk be ikasi eta bertsotan egin neike? Eta Amurizak pozik erantzun eban: Ni ahaleginduko nok erakusten, gero hire kontu ikasten doken ala ez. Eta holan sortu ziran 80ko hamarkada hasikeran bertso-eskola asko. Amuriza irakasle joan eta gero sortu ziran batzuk eta lehenago sortuta ziran apurrentzat be bultzakada ederra izan ziran txapeldunaren teoriak. Hiztegi errimatua zabaldu eban lau haizetara, errimak sistematikoki almazenetako, eta “Zu ere bertsolari” liburuan bertso-eskoletarako lehenengo metodologia proposatu eban. Futbol partidaren bat zala-ta Baldako finala entzutera joaterik izan ez eban gazte bat be, liluratuta geratu ei zan Amurizaren bertsoakaz, finaleko liburua iruntsi egin eban antza, eta bertsolari izateko pasinoa izetu jakon. Gaztetxu harek Euskal Herriko hiru txapel daukaz gaur.

Amurizaren ekarpenak iraultza moduan izentetea ez da debaldekoa. Bertsolaritzan inflezino puntua izan zan haren lehenengo txapela (82an lortu eban bigarrena). Andoni Egañak berak hiru arlotan bereiztu dau Amurizaren iraultzea: batetik, idatzitako liburuetan (Hiztegi Errimatua, Hitzaren Kirol Nazionala...) egindako ekarpen teorikoa; bestetik, praktikan erakutsi eban, txapela atarata, bere lanketeagaz bertsotan ondo egin eitekeala; eta hirugarrena, bertso papeletan egindako ekarpena, neurri, doinu eta esateko modu barri eta aberatsekaz. Gaur gitxik iminiko dau dudan haren ekarpena. Asko zor deutso bertsoaren munduak. Berari eskerrak esan geinke, harro esan be: hogeita bost urte eta gero, begitu non gagozan!

Iñaki Aurrekoetxea

Bertsolaritzeak urteurren berezia bizi izan dau egunotan. Urtarrilaren 6an bete ziran 25 urte Amurizak Euskal Herriko lehenengo txapela jantzi ebala. Ez zan edozelako txapelketea izan ordukoa, eta txapela ez eban edozeinek jantzi. 1980ko Errege egunez Donostiako Balda pelotalekuan jazotakoak ez eban inor bestelako barik itxi, etxanoarrari aldekoak zein kontrakoak sortu jakozan eta. Baina Amuriza kontzientea zan, eta ez zan, bertsoaren munduan zer edo zer aldatu behar zala. Eta baita aldatu be. Bertsolaritzearen bolada barri baten hasikerea markau eben 80ko txapelak eta txapeldunak berak.

Aita izena kanta beharrak
jarri dit bihotza bero
aukera eder hau izango zenik
ez nuen hemen espero
preso nengoen Zamoran eta
han gelditu ia ero
joan nintzen ta bertan nengola
aita hil zitzaidan gero
nahiago nuke edozer baino
hemen bizirik balego.

Bakarkako gaian Aitari bota beharreko hiru bertsoetatik lehenengoa zan hau. Bertso bikainak bota ebazan finalean, ordura arte gitxitan entzundako moldeak erabilita, errima aberats eta irudi aberatsagoz beteta. Kantukide Xanpun, Patxi Etxeberria, Gorrotxategi, Txomin Garmendia, Anjel Larrañaga, Azpillaga eta Jon Enbeita. Enbeita eta biek (finalista gazteenak) jokatu eben azken fasea, eta azkenean Amurizak jantzi eban txapela. Finalaren osteko egunak baina gazi gozoak izan ziran Xabierrentzat. Txapelaren pozari “bizitzako musturrekorik mingarriena” batu jakon (Enaz Banaz liburu autobiogarfiko gogoangarrian egiten dau autorpena), hainbat bertsozale eta euskaltzalek egindako kritiken barri jakindakoan. Bertsokera geldo eta traszendentala, post-xalbadorismo dekadentea... Guztien sinpatia ez eban jaso Amurizak. Baina zergaitik ete zan?

Bertsolari eskolatuaren paradigmea

Amuriza abade bihorri moduan zan ezaguna. Sotaneagaz bertsotan be gogoratuko dabe askok. Seminarioan leidutako liburuetatik hasi eta handik eta hemendik errezuari denporea ostuta landutakoa maisutasunez erakusten eban meza emon ostekoetan. Bolada gatxa zan ha, eta politikan be bete-betean sartuta ibili zan gure abadea. Itxialdi batean parte hartzen ebilelako hartu eben preso, beste lau abadegaz batera (“los curas rojos”). Kartzelan areagotu baino ez zan egin Amurizaren bertsozaletasuna. Eta sortzeari ekin eutson. “Menditik mundura” liburua idatzi eban, poesia eta bertsoak buztartuz, eta hiztegi errimatua landu eban, berba hoskideak kategoria gramatikaletan ordenauta. Kartzelatik urten eta plazaz plaza ibili zan, orduan puntan ebizan bertsolariekaz, Lazkao Txiki, Lopategi, Azpillaga, eta bertso jarriak be eroan ebazan herririk herri, “Laurehun herri, mila bertso berri” izeneko kantaldietan.

Testuinguru horretan ulertu behar da 80ko finala. Eta ahaztu barik, Euskaltzaindiak antolatutakoa urte askotako isilunearen osteko txapelketea zana. Orduko bertsolaritzearen erdigunea baserri giroa zan, apenas egoan karreradun bertsolaririk (gaur pentsau non gagozan), eta holan beste barik, abade izandakoa, kartzelan egondakoa eta esker abertzaleko zinegotzia zan gaztea (38 urte eukazan Amurizak orduan) entzutea, doinu pausatuan, ondo neurtutako ideak botaten, askatasuna ogi zala eta “zuek ezetz esan arren nik esango dut baietz”...ba esandakoa, ez ebala danen sinpatia jaso. Barritasunaren barri izateko, jakin Amurizak erronka moduan hartu ebala euskera batua erabilteko, bertsotan be normal normal egin eitekeala demostrau gura eban. Baina hori guztiori anormalegia ei zan, naturearen kontrakoa. Aiko han pekatua. Amurizak ikasi egin eban bertsotan, asko ikasi be, eta ikasitakotik kantau eban, baita ondo kantau be, eta txapela jantzi eban, berezko bertsogintzearen kalterako antza. Mitoa apurtzeko arrisku galanta egoan: bertsolari sortu ez eze, egin be egin eitekean!