Bertsotan  IV. urtea // 94. zenbakia

Arzallus eta Artetxe izan ziran onenak Iparraldeko kanporaketan

Bizkaie!

Donibane Lohitzunen izan zan hitzordua. Jenteak antolakuntzearen aurreikuspen guztiak bete, eta aretoa txiki gelditu zan. Saio ederra eskaini eben, nahiz eta momentu batzuetan bertsolarien arteko aldeak igarri. Edozelan be, Bertsolari Txapelketa Nagusirako Ipar Euskal Herriko sailkapen kanporaketan faborito ziran bi bertsolariek ez eben hutsik egin. Eroso eta erraz nagusitu ziran Amets Arzallus eta Miren Artetxe.

Taula gainean sei bertsolari agertu ziran (Miren Artetxe eta Amets Arzallus hendaiarrak, Fermin Mihura eta Xumai Murua azkaindarrak, Eneritz Zabaleta baionarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra) baina horreetatik birentzat baino ez egoan lekurik (Sustrai Colina zuzenean dago sailkatuta Txapelketa Nagusiko finalerdietarako, 2001ean finalean kantau ebalako). Eneritz Zabaleta, 20 urteko baionarra; Xumai Murua eta Fermin Mihura azkaindarrak (20 eta 58 urte, ondoz ondo); eta hiru hendaiar: Egoitz Zelaia (22 urte), Amets Arzallus (21 urte) eta Miren Artetxe (19 urte).

Gai-jartzailea David Aire izan zan eta Eneko Bidegain, BeƱat Soule eta Xanti Iparragirre, barriz, epaile.

Lehenengo lanetik nabarmen itxi eben euren nagusitasuna azkenean lehen postuetan sailkatutakoek. Amets ezin hobeto hasi zan, eta bikain erantzun eutson Miren Artetxek berak be. Gaia: bezperan inaugurautako Euskal Herriko Laborantza Ganbarea. Amets ganbarearen aldeko nekazaria izan zan, eta Miren, barriz, kontrakoa.

Kontuak kontu, Iparraldeko Bertsularien Lagunak Elkarteak azken urteotan egindako beharragaz, bide onean jarri dau bertsolaritzea Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan. Arzallusek azken agurrean kantau eban legez, lau urteren buruan, danon ahaleginakaz, Iparraldeko Bertso Txapelketea ikustetik hurrago gagoz.