Euskerea berbagai  IV. urtea // 94. zenbakia

Jalgi hadi mundura


Horretarako, jarduera asko antolatu dabez. Urtarrilaren 26an hasiko da dana, goizeko hamaiketan: Eskualdunak alkarteak 20 panel preparau dauz Euskal Herriko gai garrantzitsuenen azalpen ugarigaz. Kirola, jantzea, sukaldaritzea... Horrezaz aparte, ikus-entzunezko bideo eta DVDak ikusgai egongo dira egun osoan zehar. Ostean, hiru eta erdietarako mahainguru bat antolatu dabe: Louis Jolicoeur Laval Unibersidadeko Dekanordea mahaiburu dala, hizlariek euren arloko gorabeheren barri emongo dabe. Jocelyne Verret andereak, Eskualdunak alkarteko kideak, Euskal Herriko Hizkuntza Politikearen ganean egingo dau berba. Lise Bastien andereak, Wendake alkartearen izenean (indiar-erreserbea), Kanadako hizkuntza autoktonoen etorkizunaren inguruan egingo dau berba. Martin Pâquet Laval Unibersidadeko irakasleak 1960-2005 urte bitarteko Kanadako Hizkuntza Politikea izango dau berbagai; azkenik, Nahed Nadia Nouredinek, Unibersidadeko kidea berau, Tunisiako hizkuntza politikearen egoerea aztertuko dau.

Bigarren atalean, Laurier Turgeonek Quebec eta Kanada ekialdeko euskaldunen presentzia jorratuko dau historia eta arkeologiaren ikuspuntutik eta eguneko ekintzakaz amaitzeko, Elise Dubuc andereak Ipar Amerikako jantzi europar zaharrenen barri emongo dau, Red Bayko euskal jantziek Quebec eta Kanadako museoetan daukien garrantzian sakonduz.

Urtarrilaren 27an, barriz, bideo emonaldi bat egingo dabe lehenengo eta gero mahai baten inguruan alkartuko dira tripea beteta euskerea eta euskal kulturearen ganean berba egin gura daben guztiek. Ganera, guztiari bertsoak eta jantzak gehitu behar jakoz, orain Montrealen eta Quebecen dagozan ikasle euskaldunek ahalegin berezia egin dabelako euskal kulturearen ale bana eroaten itsosoaren beste aldera.

Ez da lehenengo aldia Quebec horrenbeste parajetzen dogula Bizkaira, akaso, hori dalako euskal diaspora eraginkorrena lortzeko bidea. Euskal Herria ezaguna da munduan.

Xabier Paia

Eusko Jaurlaritzea diasporea zabaldu guran dabil aspaldion. Honezkero munduari bueltea emoteko bestekoak dira euskal etxeak, baina oraindino asko dira munduan zehar dagozan euskaldun alkarteak euskal etxe estatusa lortu gura dabenak. Zerrenda horretan denporaldi bat pasau eta gero, azkenean, Quebeceko “Eskualdunak”, Buenos Aireseko “Club Vasco Argentino Gure Echea” eta herri bereko “Centro Vasco de Suichapa Gure Txokoa” alkarteek Euskal Administrazinoaren burokrazia gainditu eta leku ofizial bana lortu dabe euskal sare mundutarrean.

Buenos Aireseko alkarteek barri ona ospatu dabe eta Quebecekoak, horrezaz ganera, beraren burua ezagutzera emoteko ahalegin bat preparau dau: “Kultur Jardunaldiak”. Quebec uriko Laval Unibersidadeagaz alkarlanean, urtarrilaren 26 eta 27an Charles-de-Koninck Letra Fakultadean euskerearen inguruko berbaldi, mahainguru, erakusketa, eta bestelakoak preparau dabez. Quebeceko eta atzerriko hainbat laguni bialdu deutsien gonbidapenak dinoan legez, batetik, euskal kulturearen hedapenaren aldeko ekimena izan gura dau eta bestetik, Quebec eta Euskal Herriaren arteko loturen oroigarri izateko asmoa dauka. Egun bereziak izango dira, historiak sortutako lotura horreek atzera sendotzeko. Izan be, asko dira euskaldun jatorriko quebectarrak (Bastarache, Bastrash, Basque, Bernèche, Turbide, etab.), Quebecen bizi diran euskaldunak (sasoi baterako emigranteak, ikasleak...) edo besterik barik euskal kulturea eta euskerearen aldeko jakin-mina daukien personak.