Euskaldunok munduan  I. urtea // 10. zenbakia - 2002ko irailaren 15a - Hamaboskaria

'Euskal Herrirantz'


Onuradunak

'Euskal Herrirantz' programea Argentina eta Venezuelako gazteei zuzendu jake oraingo honetan, eta lanbide hezkuntzan eta behar munduan sartzeko proiektuan parte hartu ahal izateko nahitaezkoa izango da ondoko baldintzak betetea: Espainiako edo Europako Batasuneko herrialde bateko uritartasuna izatea, 18 eta 35 urte bitartekoa izatea, Espainiako hezkuntza sistemearen arabera, batxiler tituluaren homologazinoa lortzeko modua izatea eta, azkenik, bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan finkatzea.

Jasotako hautagaitza guztiak zehatz aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzako teknikariek egingo dabe aukeraketea. Gauzak holan dirala, aukeratutako lagunak beharrean hasiko dira eta ostatu-gastuak, osasun-estaldurea eta hezkuntzea ordainduta izango dabez; ganera, mantenurako eta gastu personaletarako hilero diru kopuru zehatza emongo jake.

'Euskal Herrirantz', Eusko Jaurlaritzeak abian jarri dauen lanbide hezkuntzako programea da, eta helburu nagusia euskal gazteei edo euskal jatorriko gazteei Euskal Herrira bueltan etorteko aukerea izan daien bidea erraztea izango litzateke. 2002ko irailetik 2004ko irailera bitartean, urtero 100 gazte ingururi emon gura jake horretarako aukerea.

Oraintsu egindako Euskal Autonomia Erkidegoko egoera sozioekonomikoaren azterlanak erakutsi dauenez, sektore estrategiko batzuetan beharginak falta dira eta hutsune hori betetea da asmoa. Teknikari eta behargin kualifikatuen mailan, eskabide asko dagoz mekanikea, elektrizidade mekanikoa, eraikuntzea, nekazaritzea, abeltzaintzea eta ostalaritzea lako sektoreetan eta, esan dogun legez, Euskal Herrirantz programeagaz, aurten hasita, urtero 100 gaztek izango dabe aukerea Euskal Herrira etorri eta bizimodua atarateko.