Barriketan  IV. urtea // 94. zenbakia

Herri Torrontegi: 'urte eta erdiko semeak hiru motor daukaz'

Gorputza burdinez josita dauka gorliztarrak baina irribarrea ez dau galdu Herri Torrontegik. Orain zortzi urte itxi eban eliteko motoziklismoa baina oraindino motorren garra ondo sartuta dauka.

Bederatzi urtegaz, Trialeko Euskadi eta Nafarroako txapelketea irabazi eban eta hamabost denporalditan, 128 sari nagusitan eta mundialeko 12 lasterketatan parte hartu eban, tartean sari nagusi bi irabazi eta sei podiumetan sartu zan; era berean, 80ko motorragaz munduko hirugarrena izan zan 1989an. Pasinoa berbatan igarten jako eta etxean daukazan bost motorrak (hiru karreratakoak, bat moto-krosekoa eta bestea Lube-rem klasikoa) horren erakusgarri dira.

Oraintsu, Solo Moto aldizkariak eskatuta, Dani Pedrosa, Alex Barros, Sergio Gadea eta Jorge Lorenzoren motorrak eta Super Sporteko munduko txapelketea irabazi eban Honda CBR 600 RR motorra probau ditu zirkuitoan. Hona hemen, berak kontau deuskuzanak:

1.- Dani Pedrosak 250 kategorian Munduko Txapelketea irabazi eban motorra probetako aukerea euki dozu oraintsu, baita Alex Barros brasildarrarena eta beste hainbatena be. Zer sentidu dozu barriro motor ganean jarri zaranean?

Denporeak ez dauala aurrera egin. Oso emozionauta nengoan eta Valentziako zirkuitua ezagutu be ez neban egiten, profesinoa itxi dodanetik bertan egin diran mundu mailako txapelketa guztietara joan nazan arren. Baina telebistan ikusteak asko lagundu eustan, eta karrerea zirkuituan bertan ikusi arren, etxean be hiru edo lau biderrez ikusten dot barriro. Inoiz be ez naz kantsetan karrerak ikusteaz. Horregaitik zirkuituan gustura sentidu nintzan, eta barriro be karreretan hasi beharko nintzala pentsau neban neure burua hain ondo ikustean. Zoragarria izan zan, sekulakoa.

Jaiotzatik lepoko arazoak euki dodaz eta motorreko posturea ez da bape ona niretzat. Entrenamentuetan bete-betean sartuta egon ostean ohitu egiten zara, baina luzaroan ezer egin barik bazagoz, 1996tik, igarri egiten da...; halan da be, oso gustura geratu nintzan probakaz, pozik.

Solo Moto aldizkariak proposatu eustan ideia hau eta batez be orain zortzi urteko motorren eta gaur egungoen arteko desbardintasunak zeintzuk ziran jakitea zan helburua. Konparazino oso zehatza egin behar neban lehengoaren eta oraingoaren artean. Nik lehen neukana tren bat zan, eta Dani Pedrosak daukanak bizikletea emoten dau. Oraingoak bai dirala arinak eta pisurik bakoak! Barrosen motorrak, berbarako, 140 kilo daukaz, 260 zaldi, eta puntako teknologia. Orain hamar urte, mekanikea zan gauzarik garrantzitsuena eta gaur egun, barriz, teknikeak eta informatikeak garrantzia gehiago daukie. Oraingoak ez dira mekanikoak, injineruak baino. Horregaitik, motorrek daukien potentzia ikusita, lan gogorrena aurreko erroberea asfaltoaren gainean eroatea da, batez be, bihurguneetan.

2.- Duda barik, euskal motoziklismoaren irudia zara, eta oraintsu adierazo dozu ez dozula albo batera ixten barriro karreratan hasteko ideia. Ames hori daukazu?

Modu asko dagoz ideia hori interpretetako eta modu asko dagoz zirkuituetara heltzeko. Barruan pasino hori daukazunean ez da dudarik egoten zirkuituetara joateko. Barriro karreratan hastea ilusino itzela da niretzat, eta bai, hasiko nintzateke, baina ilusino bat baino ez da. Orain aita naz, 18 hilabateko mutiltxu batena, Herri dauka izena eta nonoiz zirkuituetara beragaz joatea gurako neuke.

3.- Bederatzi urtegaz Trialeko Euskadi eta Nafarroako txapeldun izan zinan, 1976an hain zuzen be, eta ordutik, onenen artean egon zara, 1998ra arte. Zein da garai hareetatik daukazun gomuta onena?

Gomuta onak daukadaz gehien bat, eta denpora asko pasau ostean kazetariak alkarrizketak egiten etorten jatazanean,poztu egiten naz, garai hareetako kontuak etorten jatazalako burura.

Duda barik, nire lorpenik handiena Jerezen irabaztea izan zan. Helburua sari handi bat irabaztea zan, baina hankak lurrean eta burua sorbalden ganean eukita, banekian oso gatxa zala munduko txapelduna izatea. Horregaitik,Jerezekoa irabazteak poztasun izugarria emon eustan.


4.- Zure ibilbide profesionalean arazo ugari be euki dozuz, tartean istripu larriak. Zein da daukazun gomutarik garratzena? Gaur egun, zelan zagoz?

Istripuak eta osasun arazoak dira eliteko kirolarien arazorik nagusienak. Gaur egun ezin dot arineketan egin: orkatil baten txapa bat daukat sartuta eta egin ahal dodan mobimentua mugatuta dago. Oinez be kontu handiagaz ibili behar naz eta umeagaz bizikletan joaten nazanean..., hiru egunetan hankako min itzela eukiten dot. Lepoa be nahiko txarto daukat eta anaiak masajeak emoten deustaz. Berak lagundu deust gehien ibilbide profesionalean, eta bolada baten hasarratuta egon baginan be, beragaitik izango ez balitz, inoiz ez nintzateke izango izan nintzana eta nazana. Eskumuturrean hiru ebakuntza egin eustiezan eta orain ia ezin dot flexinorik egin. Mobimentua be mugatua da eta min eukiten dot sarritan. Saihetsak askotan apurtu dodaz eta ohean albo batera lo egin ezkero, hurrengo egunean minagaz altzetan naz. Zer egingo deutsagu ba, leku guztietatik nago apurtuta!

Baina merezidu dau, norberari benetan gustetan jakona egitea zoragarria dalako. Hori ez da diruagaz pagetan.

5.- Motoziklismoan, aurrerakuntza teknikoak itzelak dira. Zeintzuk nabarmenduko zeunkez? Aurrerakuntza horreez gan, zer behar dau moto-gidari batek ona izateko?

Aurrerakuntza teknikoen artean neumatikoena aitatuko neuke. Orain hamar urte pentsauezinekoak ziran gauzak ikusi geinkez orain, bihurguneetan pilotoek daroen abiadea gure denporetan baino askosaz handiagoa da eta hori neumatikoetan izan dan iraultzeari esker baino ez da.

Teknologian be aurrerapausu itzelak egon dira. Motorraren martxea aldatzeko, palankea ukutu baino ez da egin behar. Horregaitik uste dot gaur egungo pilotoak hobeto preparauta egon behar dirala, eta benetako atletak dira, motorrak behar gehiago eskatzen daualako batez be. Pilotoak gauza asko jakin behar ditu eta motorra oso ondo ezagutu behar dau, esku artean zer daroan jakiteko. Bestetik, zer gura dauan argi euki behar dau eta ideia hori taldeari transmitidu.

Piloto ona izateko burua argi eta hotz euki behar da eta momentuan hartu beharreko erabagiak arin eta ondo hartu behar dira. Ganera, kritikei aurre egiten jakin behar da, non zagozan argi euki eta nora joan gura dozun jakin.

6.- Motoziklismoan hasten diran pilotoak gero eta gazteagoak dira. Ondo topetan dozu hori ala helduagoak izan beharko litzatekezala uste dozu?

Txarto ikusten dot horren piloto gazteak egotea, batez be ikasketak atzean ixten dabezalako. Esperientziaz dakit nik hori, eta lorpenak lorpen, amaitzen dozunean amaitu dozu. Bizitza erdia motoziklismoari eskaintzeak alde txarrak be badaukaz eta gauza gehiago egin behar dira kirolaz gan, eguneroko bizimoduak erakusten dituan kontuak ikastea ezinbestekoa da, eta motoziklismoak ez ditu horreek erakusten.

Askotan gurasoak eurak izaten dira semeak bultzatzen dabezanak honetara, baina kontu handiagaz ibili behar da, obsesinorik barik. Pedrosa bakarra da, eta ikasketak ez dira inoiz ahaztu behar.

7.- Ze erlazino-maila dago abiadurearen eta auto- edo motor-istripuetan hildakoen kopuruaren artean?

Bidean orain hamabost urte baino auto gehiago dagoz, eta potentzia gehiagokoak. Horregaitik, hanka-sartzeren bat egin ezkero, ez dago atzera bueltarik, kapazidade itzela behar dalako autoa kontroletako.

Horregaitik, ezinbestekotzat joten dot astiroago ibiltea istripuak ebitetako. Eta abiadurea gustetan jakenek zirkuituetara joan daitekez, han arrisku gitxiago dagoz-eta.

8.- Gaur egun, B1 karnetagaz posible da 125eko motorrak gidatzea. Ondo topetan dozu hori?

B1 karneta daukan batek ez daki motor bat gidatzen, edo ez dau zertan jakin behar. Emoten dau erraza dala motorrean ibiltea baina ez da holan. Horregaitik, baimena jasoteko azterketea egotea derrigorra izan beharko litzetekela uste dot, bai azterketa praktikoa eta baita teorikoa be. Pasau leiteke persona batek hamargarrenean ataratea autoa gidatzeko baimena, eta hori eskuratzen dauanean motorra be hartu leike, baina ez daki zelan gidatzen dan! Nire ustez ez dauka bape logikarik erabagi horrek.

9.- Motorraren mundutik enpresa arlora emon dozu saltoa. Gatxa da bizimodua ataratea kirol ibilbidea amaitzen danean?

Nik hasieran uste neban edonori kostetan jakona kostauko jatala bizimodua aurrera ataratea. Baina hori ez da holan izan. Ate asko zabaldu deustaz motoziklismoak eta suberte itzela daukadala uste dot. Lubrifikatzaile enpresa bat daukat orain, ni komertziala naz eta bidea zabaldu dot mundu horretan.

10.- Zer esango deutsazu semeari motor-gidari profesionala izan gura dauala esaten badeutsu?

Pozez zoratzen hartuko dot barria. Urte eta erdigaz hiru motor daukaz, plastikozkoa eta zuriz, gorriz eta berdez pintauta. Bestea aitabitxiak ekarri eutson, botoi bateri sakatu eta bakarrik dabilena. Eta hirugarrena egurrezkoa da.

Gaur gaurkoz, asko gustauko litxakit, baina min be hartu leikela badakit eta hori ez jatan gustauko. Mundu gatxa da baina oso polita. Horregaitik, motoziklismoan sartu gura badau, nik neuk ahal dodan guztian lagunduko deutsat.

11.- Orain, Herri motorrean ibilten da?

Bai. Umea euki dodanetik birritan baino ez naz joan, baina bai, sarri ibilten naz, moto-krosean batez be. Oraintsu hiru saihets apurtu dodaz ganera. Lobakaz ibilten naz eta bateren baten semeagaz be joatea gustauko litxakit.

Koldo Isusi Zuazo