Antxina-barri  IV. urtea // 94. zenbakia

Memoriaren lapurretea (Salamancako agirien harian)


Zer dago Salamancan Euskal Herriari buruz?

1989an Juan Carlos Jimenez Aberasturi, agiritegiko beharginak 4.000 agiri egozala adierazo eban, danak 259 kaxatan batuta. Agiriak 1898tik 1939ra bitartekoak izan arren, gehienak Gerra Zibilaren sasoikoak ziran (1936-37). Orduko alderdi politiko eta sindikatu guztietako (EAJ, PSE, ANV, PCE, Izquierda Republicana, Comunion Tradicionalista, UGT, ELA…) agiri asko egozan: bazkideen zerrendak, aktak, karnetak, eta bestelakoak; horreekaz batera, Eusko Jaurlaritzearen aurretik eratutako Guda Batzordeko hainbat agiri be baegozan eta gudarien batailoietako zerrendak, nominak, fitxak edo presoen zerrendak. Ganera, argitaratutako egunkari zein aldizkari desbardinakaz zerikusia eukienen zerrendak be asko ziran: akzinodunak, kazetariak, kolaboratzaileak. Bardin argitalpen abertzaleenak zein sozialista edo komunistenak. Agiri horreekaz batera, alderdi politiko zein sindikatuetako arduradunen ganeko bizimoduak eta zereginak batzen ebezan agiriak be baegozan: Agirre Lehendakaria, Indalecio Prieto, Ramon Aldasoro, Enrique de Francisco, Luis Arana eta beste hainbat personaien barriak erakutsiz. Azkenik, hainbat udaletako agiriak be batzen dira: Arrieta, Basauri edo azken aldi honetan hain ospetsu egin jakun Amorotokoak berbarako.

Espainiako agintariek, agiriak ez bueltetako emondako arrazoien artean nagusiena agiritegiaren “bateratasuna” ez apurtzearena izan da. Hau da, gai baten ganeko agiri guztiak batera euki behar dirala. Baina agiri horreei jagokenez, “bateratasuna” 1937an apurtu zan herrietatik agiriak atara ebezanean eta hori izan beharko litzateke berreskuratu beharreko “bateratasuna” eta ez Salamancakoa.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Egunotan jakin izan dogu Espainiak izentautako “Jakintsuen Batzordea” deitutako batek, Kataluniako Generalitateri emon deutsola arrazoia eta Salamancan gordeta dagozan erakunde honetako agiriak, barriro jaubeari bueltau behar jakozala erabagi dabe, aspaldi hasitako prozesuagaz amaitzeko.

Kontuak kontu, Salamancako agiritegi ospetsu honetan ez dagoz bakarrik Kataluniako papelak. Bertan gure herriagaz zerikusia daukien hainbat eta hainbat agiri be badagoz. Hurrengo lerroetan ba, papel horreek zelakoak diran eta zelan heldu ziran Salamancara argitzen ahaleginduko gara.

Lehenengo eta behin, Gerra Zibilaren garaietara joko dogu, hau da, 1936ko garagarrilera. Gerrea hasi eta berehala frankotarrak inportantzia handia emon eutsen hartutako lurraldeetan aplikau beharreko errepresinoari. Errepresino hau aurrera eroateko ezinbestekoa eben herri eta eskualde desbardinetan gerra aurretik talde politiko, sindikal, zein talde sozialetan aparteko garrantzia euken personen datuak ezagutzea.

Helburu hori beteteko soldaduak “liberautako” herrietan ahalik eta dokumentazino eta agiri gehien lortzeko agindua jaso eben, era guztietako agiriak: udaletxeetakoak, sindikatuetakoak, epaitegietakoak, herriko taldeena eta, batez be, alderdi politikoetakoak. Horretarako, herrietan sartzen ziran lehenengo soldaduakaz batera hiru lagunez osotutako taldetxua joian, erakunde eta egoitza desbardinetako agiriak eskuratzeko.

Apurka-apurka eta gerrea aurrera joan ahala, osotutako taldeei erazko egiturea emon jaken: 1937ko garagarrilean, Bilbo frankotarren esku geratu eta hilabetera, Marcelino Ulibarri poliziak “Recuperacion de Documentos” erakundea eratzeko agindua hartu eban. Urtebetegarrenean, Ulibarrik idatzi ebanez, bahitutako agiriak, gerra aurretik zein gerran bertan jentearen ekintza sozio-politikoen barri jakiteko interesgarriak ziran. Erakundea sortu eta urte t´erdi geroago 5 miloetik gora agiri eukazan, kontuan hartu barik liburuak, liburuxkak, kartelak, egunkariak eta beste hainbat gauza.

Euskadiko Jaurlaritzeak berak edo beste erakunde batzuk atzerriratutako hainbat agiri berreskuratzeko ahalegina be egin eben frankotarrek eta 1939ko zezeilean Berard ministro frantsesak eta Jordana espainiar ministroen arteko hitzarmenaren ondorioz, Frantziak Frankoren diktadurea onartu eta Frantzian egozan hainbat gauza bueltau eutsiezan frankotarrei.

1939an Gerra Zibila amaitu eta II. Mundu Gerrea hasi zanean, frankotarrek, nazien laguntzinoagaz, Parisen “Servicio de Recuperacion de Bienes del Estado” erakundea abiarazo eta zerbitzuburu Pedro Urraca Rendueles polizia izentau eben. Honen lana Errepublikako Gobernuak atzerriratutako ondarea eta agiriak lortzea zan. Gauzak holan, barriro Jaurlaritzeak atzerriratutako hainbat agiri hartu eta Espainiara eroan ziran. Agiri horreek balioko eben gero euskaldunen kontrako errepresinoa gidatzeko; horren erakusgarri, Luis Alavaren kasua daukagu, Parisen lortutako agiri batzuetan agertutako informazinoari esker, Gasteizen kartzelaratu eta fusilatua 1943ko maiatzaren 6an.

Hasiera-hasieratik lortutako agiri guztiak Salamancara eroan ebezan eta “Archivo de Servicios Documentales” erakundea sortu. Frankoren Idazkaritza Partikularraren menpe egoan baina gero, behin Carrero Blancok Gobernuaren buruzagitzea hartu ebanean, Salamancako Agiritegia be erakunde horren menpe geratu zan. Honek guztiak erakusten deusku Frankoren diktadureak sekulako garrantzia emoten eutsola Salamancako agiritegiari. Azkenik, 1977tik aurrera, Kultura Ministerioak hartu eban erakundearen ardurea, gaur egunera arte.