Jan-edanak  IV. urtea // 94. zenbakia

Behi buztana ardao baltz saltsan


Behi buztana ardao baltz saltsan

Osogaiak: (4 lagunentzat)

 Behiaren buztana (kilo bi).
 Kipula bat.
 Porru bi.
 Azenario bat.
 Piper berde bat.
 Zazpi berakatz ale.
 Piper gorri bi.
 Hiru litro salda.
 Litro erdi ardao baltz.
 Uruna (100 gr.).
 Oliba orioa.
 Gatza.

Zelan egin:

Lehenengo eta behin, buztana hazur artetik ebagiko dogu. Ostean, gatza bota eta urunetan pasau. Gero, zartagin baten prijituko dogu, kolorea hartu arte.

Bien bitartean, kazuela batetan barazki txikituak jarriko doguz surtan eta eginda dagozanean, buztana ganeratuko dogu bertara, ardao baltzagaz eta saldeagaz batera. Hori guztiori egosten itxiko dogu su oso bajuan baina irakin barik, 4 orduz edo, buztana bigun dagoala ikusi arte. Ostean, bertatik atara eta saltsea thurmixetik pasau behar da. Gero, barriro kazuelara botako dogu, dana nahasteko, eta gatza ganeratuko deutsagu. Patatak eta txanpiñoiak be ganeratu ahal deutsaguz buztanari. On egin!

Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria

Amaitu dira jaiak eta hainbeste jatea be bai. Baina ezin deutsagunez jateari itxi, sukaldean segiduko dogu gure jatekoak preparetan. Oraingoan okelea landuko dogu, edonork erraz lortzeko modukoa ganera: behi buztana. Ardao baltzagaz egingo deutsagu saltsea. Oso plater aproposa da, izan be, lana aurreratu ostean, izozkailuan sartu eta guk gura dogunean jan ahal izango dogu.

Goazen ba sukaldera, behi buztana ardao baltz saltsan zelan preparetan dogun ikustera eta ikastera.