Jan-edanak  IV. urtea // 94. zenbakia

Begetarianismoa: bizitzeko modu bat


Dieta begetariano mueta desbardinak dagoz:

- Begetalianoa: barazkiak bakarrik jaten dabez.

- Lakto-begetarianoa: barazkiak eta esnekiak jaten dabez.

- Ovo-lakto-begetarianoa: barazkiak, esnekiak eta arrautzak jaten dabez.

Hau sailkapen nagusia da, baina gero, logikoa dan moduan, munduko leku bakotxean modu bateko edo besteko barazkijaleak dagoz, lekuan lekuko jakien arabera (Indian eta Euskal Herrian bizi diran persona barazkijale bik ez dabez jaki bardinak jango) eta norberaren erabagien arabera (berbarako, persona batek nekazaritza ekologikoan sortutako elikagaiak bakarrik jatea erabagi leike).

Jateko modu bat baino gehiago: pentsetako eta bizitzeko modu bat

Barazkijaletasuna pentsetako eta biziteko modu bat be badala esateak sarritan modu automatikoan fanatiko batzuen ganean berbetan gabilzala pentsarazoten deusku, baina hau ez da zuzena. Fanatikoak diran persona barazkijale batzuk egon badagoz, Athleticen jarraitzaile fanatiko batzuk edota kontsumista fanatiko batzuk dagozan legez; fanatikoa izateko ez dago barazkijalea izan beharrik.

Etika eta morala

‘Zergaitik animaliak hil, elikatzeko beste modu batzuk badagoz?’ Persona askoren eretxiz, aminaliek personen adinako errespetua eta errukia merezidu dabe.

Badago erdiko bide bat (barazkijaleek onartzen ez dabena baina beste persona askok bai): dieta orekatua izan ahal izateko jan beharko geunken animalia eratorriko jaki kopurua txikia da, eta behar dana bakarrik jan ezkero, ez geunkez hainbeste animalia hilko alperrik (ez dogu ahaztu behar, ganera, animalia eratorriko elikagai gehiegi jaten dogunean, gure osasunaren kalterako dala). Hilko badira be, bizirik dagozan artean animalien bizi baldintzak eta heriotza aurreko baldintzak duinak izatea eskatzea garrantzitsua da.

Ekologia eta ekonomia

Ekologiaren ikuspuntutik, okelea sortzea oso karua da: eguzkiaren eta lurraren energia landareetara pasetan da lehenengo; landareen energia landareak jaten dabezan animalietara doa gero (prozesuan energia galtzen da); eta animaliak jaten diranean, horreek jan dabezan beste animalietara (barriro be energia galerea dago). Hau da, animaliak janda, jatorrizko energiatik heltzen dana proportzinoan nahiko gitxi da.

Animalia kopuru handiak elikatu ahal izateko landak eta garauak landatzeko lurrak euki behar dira, eta sarritan baso arlo handiak desagertu arazoten dau horrek. Holan, planetako orekea apurtzen da.

Benetako beharrizan barik animalia kopuru handiak jan ahal izateko, animaliok elikatzeko erabilten diran garauakaz gosez hilten diran persona asko elikatzea posible izango litzateke.

Gai honetan be, goian aitatu dogun erdi-bide ez-begetarianoa dago: animaliak neurriz jatea.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan diplomaduna

Begetarianismoak aspalditik erakarten dau gizakion arretea eta jakinmina. Animalietatik eratorritako jakiak janda be, argi dago gure elikadurea orekatua izatea gura badogu elikagai gehienak landareetatik eratorritakoak jatea komeni dala. Argi dago, baita, dieta mediterranearrean animalietatik eratorritako elikagaiak neurriz jaten dirala eta landareen arteko oreka on bat mantentzen danez, osasuntsu bizitzen laguntzen deuskun dietea dala esan geinke.

Nor da ‘barazkijalea’?

Egia esan ‘barazkijalea’ berbea oso persona desbardinak definiduteko erabili izan da eta ez beti modu egokian: batzutan arraina bai, baina okelea jaten ez daben personei esaten jake, munduaren alde pobreetan bizi eta besterik ez daukielako barazkiak bakarrik jaten daben personei beste batzutan, dietetikako dendetan gauza asko erosten dabenei, maniatikotzat joten doguzanei... Tartetxu honetan, gaur egunean zientziaren munduan onartzen diran barazkijaleen inguruko definizinoak eta printzipioak aitatuko dodaz, beti be errespetuagaz.

Barazkijale berbea (‘vegetarian’ ingelesez) lehenengoz 1842an erabili eban Geoffrey L.Rudd jaunak, orduan ‘British Vegetarian Society’ko idazkaria zanak. Holan ba, Ingalaterrako persona barazkijaleek erabili eben lehenengoz berbea eta, antza danez, latineko 'vegetus' berbearen eratorria da.

‘Homo vegetus’-ek zera esan gura dau: arlo fisikoan eta psikologikoan bizitasunez betetako personea. Definizo honetan argi ikusten da persona horreek euren jateko moduagaz osasun ona izateko bideak iminten saiatzen dirala; aldi berean, jateko moduagaz batera, bizitzeko modu bat be aukeratu dabe eta guzti honeri tonu filosofiko eta moral bat emon gura izan deutse.

Barazkijaletasunaren (ez berbearen) jatorria Indiako erlijino zaharretan eta budismoan dagoala uste da. Erlijino horreek animaliak hiltea galarazoten dabe eta jatorriz, osasun fisikoari begira, jarraibide dietetiko batzuk emotea baino, euren helburua beste bat ei zan. Erlijinook arimen trasmigrazinoagaz daukien siniskereagaz zerikusia dauka antza.

Gaur egun barazkijalea okelea eta arraina jaten ez dauan personeari esaten deutsagu, persona horrek esnekiak edota arrautzak jan ala ez (beraren erabagiaren arabera).