Sarean  IV. urtea // 93. zenbakia

Getxoko ikastetxe baten kontrako lapurreta informatikoa

Aurreko urteetan baino birus informatiko gehiago izango da aurten


Bizkaie!


Adituen aurreikuspenak uste baino arinago baieztu dira. 2005eko lehen hilabetearen erdialdera jakin dogu hacker informatikoek Getxoko ikastetxe bateko online bankua eraso eta 21 mila eurotik gora ostu dabezala. Pirata informatikoek mezu elektroniko bidez troyano bat bialtzen dabe erantsitako artxiboan (gehienetan modu erakargarrian, ahalik eta arinen zabaldu daigun) eraso gura daben ordenadorera eta, era horretara, jaubearen online bankuko kontuetan sartzeko klabeak jasoten dabez. Hortik aurrera, bankuko kontuen titular balitz legez jokatzen dau hackerrak eta gura dituan eragiketak egiten ditu. Kontuz, beraz, ordenadorean jasoten dozuezan mezuakaz eta dudarik txikiena daukazuenean, zaborrontzira bota zuzenean.

Birusak, asmo makurreko kodeek eta spyware-ak igaz baino gehiago eta isileko informazinoa ostuteko metodoak garatuagoak eta aurreratuagoak izango dira 2005ean, adituek esan dabenez.

Ordenadore erabiltzaileen amesgaiztoak izan ziran igaz spyware izenekoak, hau da, mezu elektronikoen bidez zabaldutako birus kaltegarriak; eta antza danez, holan jarraituko ei dogu 2005ean, modu nabarmenagoan ganera, programak aurreratuagoak izango baitira, adituen ustez.

McAfee segurtasun informatikorako enpresak jakinarazo dauanez, "internet bidez edo posta elektroniko bidez zabaldutako birusek gora egingo dabe, programa konplikatuagoakaz, atzemoteko gatxagoakaz ganera. Birus-mehatxuak spam eta phishing bitartez (webgune faltsuak sortzea ezkutuko datuak eskuratu ahal izateko) gero eta gehiago zabalduko dira aurten".

2004an oso arriskutsuak edo erdi-mailako arriskua euken birusen kopuruak gora egin eban nabarmen, 2003agaz konparauta. Gauzak holan, urtean 20 izatetik 46 izatera pasau ziran, McAfeeren esanetan. 2004ko lehen sei hilabeteetan egunean 50 birus berri atzemon ebezan; urte amaierarako, barriz, kaltegarriak ziran 17.000 programa kontau ebezan.