Euskaldunok munduan  I. urtea // 10. zenbakia - 2002ko irailaren 15a - Hamaboskaria

Gaztemundu eta dantzea bat eginda

Gaztemundu Programako lagunak Euskal Herrian


Gaztemundu 2002 (Euskal Diasporearen Jaia)

Gorago azaldutako moduan, aurten euskal etxeetako dantza taldeak eta dantzea izango dira protagonista Gaztemundu Programan eta, jakina, aitatutako ekitaldiakaz batera, dantza saioak be ez dira faltako. Horreetariko bat Bilboko Kafe Antzokian izango da irailaren 17an, martitzenean, arratsaldeko 20:30etan. Dantza-piko saioa antolatu dabe Batbiru taldeagaz batera.


Gaztemundu Programea 1996an ipini eban martxan Eusko Jaurlaritzeak munduan zehar dagozan euskal etxeetako gazteek gaur egungo euskal errealidadea hur-hurretik ezagutu daien. Aurten aukeratutako 40 lagunek 15 egun emongo ditue Euskal Herrian, eta jarduera eta ekitaldi askotan parte hartuko dabe; era horretara, euskal errealidadearen arlo guztietako (gizartea, politikea, kulturea, enpresen mundua, erakundeak...) zuzen-zuzeneko informazinoa jasoko dabe. Jarduera eta ekitaldion artean, Juan Jose Ibarretxe lehendakariagaz batuko dira, eta Euskal Herrian zehar herririk herri ibiliko dira bisitan; horrezaz ganera, euskal dantzen ganeko ikastaroetan parte hartzeko aukerea be izango dabe.

Aurtengo edizinoan, deialdia euskal etxeetako dantza taldeetako arduradunei egin jake taldeon arteko alkarlana suspertzeko asmoagaz. Esan dogun legez, 40 lagun aukeratu ditue, eta horreetako bat Lucia Famin izango da, Argentinako Paranako Urrundik Euskal Alkarteko kidea; Famin andrea Urrundik Alkarteko dantza irakaslea da, baina euskal kulturearen ganeko kontuak zabaltzen be aparteko ahalegina egiten dau. Maria Isabel Monzonegaz batera, Urrundik Euskal Dantzak Eskolearen ganeko azterlan sakona egin dabe, eta dantzen gorabeherak, historia edo dantzetan emakumeek daben funtzinoa eta holako gaietan sakontzeaz ganera, galtzeko arriskuan dagoan euskal musika tresna tradizionalaren, hau da, txistuaren irakaskuntzea suspertu egin behar dala be konturatu dira.