Euskerea berbagai  IV. urtea // 93. zenbakia

Gidoiaren marra gainditzen


Eta berba egitea gatxa bada, zer esanik ez idaztea. Danak aitatzea erraza be ez danez, gidoiaren erabilereari begituko deutsagu. Ideia Luistxo Fernandezen webgunetik atara dot (http://www.eibar.org/blogak/luistxo): blog berbea. Zelan deitzen jako blog bat egiten dauanari? Eta zelan idazten da? Holan planteetan dau berak auzia:

“blog-gintza eta blog-gile aipatu izan dodaz hortik,
eta ez dakit blog-gin egin beharko ote geunkeen...
Eta idazkera ere g+g horretan nola moldatu?
blogintza, bloggintza, blog-gintza?”


Eta egia esateko, gure hizkuntzeak daukan arazo eta birtuterik handiena hori da: posposizionaltasuna. Gidoiaren kontuak eragozpena dakar idazkerarako:

1.- Berba-alkartuak:

Berba-berba edo berba-atzizki (aurrizki eta artizkiakaz oraindino ez dogulako marratxorik iminten) alkarteetan, askotan ez da jakiten noiz lotu behar doguzan berbak tinta lerro bategaz eta noiz ez. Jartea noiz toketan dan asmetan danean, ez da beste arazorik berba soil bi alkartu gura diranean, baina berba-alkartea beste berba-alkarte bategaz egin behar danean, arazoa ezin leiteke uka: esate baterako, [berba] + [hizki + multzo] kontzeptua (hasieran berba-atzizki esan dogunaren parekoa) adierazo gura dogunean, lar gatxa da dana marratxo bitartez adierazotea. Halanik, ezinezkoa izango litzateke kontzeptuen arteko erlazinoa zehaztea (berba+hizki-multzoa ala berba-hizki+multzoa).

2.- Deklinabide-markak:

Zelan esaten da Marie Touchée anderearen alabea Amiens herrian jaio zan informazinorik birritan emon barik? Marie Touchée-ren alabea Amiens-en jaio zan. Dudea daukagun kasu danatan holan idatzi behar ei da, hau da: ezagutzen ez diran berba danatan marratxoa imini behar da erabilten dan lehenengo aldian eta bigarrenetik aurrera marratxoa kentzea dago. Holako kasuetan, ostera, deseroso samarra izan daiteke Alemaniako herri izen luzeren bateko herritar izen ahoskaezin baten biografia euskeratu beharra.

Gauzak garbi esateko, marratxoak erraztasun handiak ekarten dauz kontzeptuak osotzeko, baina joskerarako ez da gauza ona. Bitarteko konponbidea, ostera, tranpa egitea da; hau da, gidoia erabili beharrean, informazino gehigarria eranstea: “Voltaire-ren” beharrean, “Voltaire jaunaren” imintea. Hori, edozelan be, adabakia baino ez da.

Xabier Paia

Kondaira barrienek kontetan dabenez, hizkuntza guztiek ez dabe munduaren akaberea ikusiko. Are gehiago, egungo hizkuntzen erdia ez da bihar biziko. Eta arrazoia? Jentearen alperkeria. Bai, jenteak gauza errazak gura dauz. Eta alde horretatik euskereak ez dauka bape fama onik. Esaten da sano hizkuntza gatxa dala: gure irakasle-funtzionario xarmagarriek, lau urteko oporraldian ezin dabe Europako kode zaharrena ikasi; euskeraz berba sarritan egiten ez daben askoren ustez, diezazkiokezu lako aditzak ahoskaezinak dira; euskeraz sarritan egiten dabenek gaztelaniara joten dabe gero eta sarriago, euren ama hizkuntzeak gura beste asetzen ez dauzalako; eta euskeraz beti egiten dabenak lotsa dira euren buruez, eurak telebistako euskera batutik asago lotzen diralako.