Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 93. zenbakia

Depresinoaren kontrako botiken kontsumoa gora


EAEko datuak

EAEn be antidepresiboen kontsumoak eten barik gora doan jokaera bati segitzen deutso. Azken datuen arabera, botika mueta honeen salmentak %10 hazten dira urtero-urtero. Ondorioa sano argia da: kontsumoak erritmo horri eusten badeutso, medikamentu honeen errezetak bikoiztuko dira hamar urteko epean. Araba da hazkunde tasarik handiena daukan lurraldea; bertan kontsumoa % 11 hazi da. Horren ostean, Bizkaia daukagu % 8,5eko igoereagaz eta Gipuzkoa % 6,5ekoagaz. Lasaigarrien kasuan be, Araba da lehenengo postuari eusten deutsona; gauzak holan, lasaigarrien kontsumoak % 10 igon dau Araban, % 6 Bizkaian eta % 3,4 Gipuzkoan.

Gaixotasun hau eta haren sintomak aztertu ostean, depresinoa eukiteko jokerea daukan personaren profila egin ahal izan da. Gaixoaren erretratu robota ondokoa da: izakera perfekzionistea, ezkorra eta kontrolatzailea, ezaugarri obsesiboak, larritzeko jokerea eta izakera barrukoiegia. Horreek gaixotasuna sortzen laguntzen daben ezaugarriak besterik ez dira; izan be, kanpoko eraginek garrantzi handia daukie buruko gaixotasunak garatzeko orduan.

Zoritxar personal eta zehatzak, hartu-emonetarako gizarte euskarri edo sare txikiegia, lan arazoak eta bizitzeko erritmo lar bizkorra izan daitekez depresinoa agertzeko oinarririk onenetarikoak. Amaitzeko, datu bat baino ez: 2010erako estadubatuar guztiek gitxienez antsiolitiko bana hartuta eukiko dabela kalkuletan da.

Begiluzea

Estresak, bizitzeko erritmo arinegiak, persona maite bat galdu izanak, haustura sentimentalek eta biztanleen zahartze handiagoak, besteak beste, depresinoaren kontrako botiken salmentearen gorakada itzela ekarri dabe Europa osoan.

Holan, gure kontinente honetan 30 miloe personak antsiedade eta depresinoa daukie; 21 miloek alkoholak sortu eragindako arazoak daukiez; 7 miloek Alzheimer eta bestelako dementzia batzuk; 4 miloek eskizofreniari egin behar deutsie aurre eta beste horrenbestek panikoagaz zerikusia daukien arazoei. Ganera, urtean-urtean 150.000 europarrek euren buruaz beste egiten dabe. Horreetariko % 80 gizonak dira.

Gero eta eremu zabalagoa

Edozelan be, gero eta antsiolitiko gehiago erabilteak ez dauka beti zuzeneko zerikusirik gaixoen egoera depresiboakaz. Medikuen esanetan, antidepresiboak gero eta eremu zabalagoan erabilten dira: antsiedadea, fobiak, jateko gorabeherak, mina, adikzinoak... botika honeek errezetetako arrazoiak izan daitekez. Horrexegaitik saltzen dira gero eta gehiago.

Oso arrunta izaten da drogen menpean dagozan personak tratetako pilula mueta honeek agintzea. Estupefazienteen kontsumoari, batez be kokainarenari, depresino sintomek jarraitu ohi deutsie eta antsiolitikoak horreei aurre egiten laguntzen dabe. Era berean, edadeko personen kasuan be nahiko erabilten dira gaixotasun kroniko bat urteetan euki ostean agertzen dan depresino erreaktiboaren eragina gitxitzeko.

Beste alde batetik, depresinoak agiriko moduan eragiten deutso lan merkaduari. Gaixotasun horrengaitiko lan bajen % 70 udagoien eta neguan izaten dira. Aldi berean, osasun mentalaren gorabeherarik ohikoenak depresinoa, antsiedadea eta bien artean dagozan arazo mistoak dira. Antza danez, andrazkoek depresinoa eukiteko jokera handiagoa daukie, batez be 40 urtetik gora.