Walk on water
Eytan Fox-ek film on-ona egin dau, pelikulearen ildoak ezin buztartu daitekezala emoten dauan arren: batetik, Bigarren Mundu Gerrako holokaustoa, Israel eta Palestinaren arteko gatazkea, alemanen erruduntasun sentimentuak eta judutarrek parkatzeko daukien ezintasuna; eta, bestetik, gay nahiz heterosexualen arteko hartu-emonak.
Dana dala, “Walk on water” filma holokausto eta okupazinoaren ganeko filma baino gehiago gay eta heteroen inguruko istorioa da. Fox-ek energia erotiko handia emon deutse gizon bi agertzen diran eszena guztiei. Homosexualidadearen gaia jorratukeran, zuzendariak sinisgarritasun handiagoa lortu dau okupazinoarena irudikatzean baino.
Antzezpen beharraren pisua Lior Ashkenazi eta Knut Berger-en esku dago. Lehenengoak Israelgo benetako arraren rola beteten dau eta bigarrenak aleman homosexual baketsu eta sentiberearena. Israeldarra errenkura barik hilten dauan Mosad-eko agentea da eta alemana nazi oldoltsu baten lobea. Biek ala biek antzezpen lan ona bete dabe eta kontrapuntu ezin hobeak dira.
Beste alde batetik, erabilitako gaiak guztiz bestelakoak diran ezkero, istorioa guztiz aldrebesa eta korapilatsua izan daitekela emoten dauan arren, argumentua nahiko modu logikoan garatzen da eta, beraz, ez dago sinisgogortasunerako aparteko tarterik. Beharbada, amaierea izan leiteke pasarterik zentzunbakoena, baina haraino ailegetako pelikulea ikusi beharra dago. Seguru antzean une honetan ikusgai dagoan filmik interesgarrienetariko bat dozue.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Eytan Fox.
- Herrialdea: Israel.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Lior Ashkenazi (Eyal), Knut Berger (Axel Himmelman), Caroline Peters (Pia Himmelman), Gideon Shemer (Menachem), Carola Regnier (Axel-en ama), Hanns Zischler (Axel-en aita), Ernest Lenart (Alfred Himmelman), Eyal Rozales (Jello), Yusef 'Joe' Sweid (Rafik), Imad Jabarin (Rafik-en osaba).
- Gidoia: Gal Uchovsky.
- Argazkia: Tobias Hochstein.
- Muntaia: Yosef Grunfeld.