Musikea  IV. urtea // 93. zenbakia

"Euskadiko Soinuak" Midem musika azokan


Azkenik, informazino gehiago behar izan ezkero, www.euskadikosoinuak.com webgunera jotea interesgarria izan daiteke; ganera, programan dagozan enpresen arteko komunikazioa bultzatzeko web programa barri bat be eskura dago; horren bitartez, informazioa alkartrukatzeko aukerea dago sektoreko enpresen artean.

Gotzon Uribe

Europako musika merkaturik handiena da MIDEM eta aurten Frantziako Cannes urian egingo da sektore honetako nazinoarte mailako jazoerarik garrantzitsuenetakoa. Aurten, urtarrilaren 23tik 27ra bitartean egingo da eta "Euskadiko Soinuak" programea aurkezten dan 5. urtea izango da.

"Euskadiko Soinuak" programearen helburuetako batzuk euskal musikea ezagutarazoz produkzinoa bultzatzea eta Euskal Herriko diskoetxeak beste alor batzuetan lan egiteko bideak zabaltzea dira. MIDEM azokea funtsezko alkargunea da musikearen industria osotzen daben guztientzako.

Musikearen profesionalen alkargune handi honetan, urtero legez, "Euskadiko Soinuak" programearen babesa eukiko dabe Cannesera hurreratuko diran 14 diskoetxetako ordezkariak. Stand-ean, diskoetxeek euren materiala banatuko dabe, baita programeak sustatze lanetarako propio egindako euskarriak be, hau da, disko bilduma bi eta sektoreko enpresen informazinoa azaltzen dauan liburuxkea dira feria desbardinetan banatzen dan promozino materiala. Bestetik, komunikabideei eta interesa euki leikien lagun eta enpresei be bialtzen jake material hori.

Esandako moduan, 2004an "Euskadiko Soinuak" programeak disko bilduma bi plazaratu ditu. Euskal kantari eta talde desbardinen abestiak azaltzen dira, bai pop, rock, folk, jazz zein kantautoreen lana beste estilo batzuen artean. Disko bilduma honeek polito zabaldu dira programearen barruan eta 1200 bat ale atara dabez. Promozinorako disko bilduma bikotx hau Euskal Herriko komunikabideetara be bialdu da eta baita estadu mailakoetara be Euskal Herrian egiten dan musikearen barri izan dagien; oro har, kazetariek, musika kritikoek, jaialdietako arduradunek, kultur programatzaileek eta musika eragileek be jaso dabe. Bildumeak "Euskadiko Soinuak" programea egon dan azkenengo azoka bietan oihartzun handia euki dau. Vic-eko azokan hainbat jende hurreratu zan stand-era material eske; bestetik, Popkomm azokan parte hartu zan lehen urtea izanik, oso positiboa izan zan jentearen erantzuna.

Disko bildumeagaz batera, liburuxka bat be plazaratu dabe sektoreko enpresen ganeko informazino zabalagaz, MIDEM azokara joango diran enpresen informazio eguneratua biltzen dauan liburuxkea hain zuzen be. Liburuxkea lau hizkuntzatan dago: euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Kontuak kontu, "Euskadiko Soinuak" stand-a jentea biltzeko asmoagaz sortu da, euskal musika-enpresak managerrakaz, beste diskoetxe-konpainiakaz, jaialdietako arduradunakaz hartu-emonetan jarri eta bilerak egiteko gune izateko, labur esanda, musikearen arloko era guztietako agenteen arteko hartu-emonak bideratzeko eta musika-industriaren topagune izateko. Horrezaz gan, musikearen merkatuaren egoerea, eboluzinoa, teknologia barriak, sektoreko arazoak eta bestelako gaien ganeko bilera, berbaldi eta mintegietan parte hartzeko aukerea izango da.

Aurtengo MIDEM azokan, Euskal Herriko 14 diskoetxe izango dira: Agorila, Aus-Art records, Brixton, Distrolux (Munster), Elkar, Esan Ozenki, Etxe Ondo, Gaztelupeko Hotsak, Goi Music, Gor Discos, Metak, Musica Autonoma, Noizpop eta Oihuka.