Hamaika euskal artista gazte, mundutik Bilbora
Lehen esan dogunez, 2001-2002 urteetan saritutakoen artean danetarik ikusi geinke: argazkiak, irudiak, instalazinoak, bideo-emonaldiak eta performanceak. Lan horreek guztiak urtarrilaren hasieran argitaratuko dan katalogo baten bilduko dira, beste hamaika kritikarik egindako iruzkinei esker.
Rekalde aretoko erakusketak irauten dauan bitartean, artxibo paralelo bat sortuko da, zuzenean zein zeharka bekakaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoakaz zerikusia daukan guztiak bere eretxia adierazo ahal izateko. Modu horretan lortu gura dana da lan baten atzean ezkutauta dagoan guztia argi eta garbi erakustea, jenteak ulertu dagian obra baten atzean praktika artistiko luze bat dagoala, eta horregaz batera ikerketa prozesuak, lankidetzak eta hausnarketa momentuak dagozala. Behin erakusketea amaituta, artxibo hau Dublinen egingo dan beste proiektu zabalago batera eroango da, ‘The Metropolitan Complex’ izenburupean. ‘The Metropolitan Complex’ Sarah Pierce artistak Dublinen sortutako ideia bat da, eta horren bidez ekintza ugari egingo dira: berbaldiak, ekitaldi artistikoak eta abar. Gainera, egunkari bat be sortuko da proiektu horren inguruan.
Artistei eurei ‘ahotsa emoteko’ eta sorkuntza-prozesua jenteari hurreratzeko asmoz, Rekalde aretoan parte hartzen daben artistek mahai-inguru batzuk egingo ditue. Modu horretan, artistek azaldu ahal izango dabe bakotxaren lana zertan datzan, eta jenteak hobeto ulertu ahal izango ditu obrak. Daborduko Itxaso Diaz, Mikel Eskauriaza, Abigail Lazkoz, Erlea Maneros, Miren Arenzana, Itziar Bilbao, Yolanda de los Bueis eta Marina Mendietak parte hartu dabe aitatutako bi mahai-ingurutan, baina oraindino badago aukerea euretariko batzuen azalpenak entzuteko; halanda ze, urtarrilaren 27an Naia del Castillo, Ismael Iglesias eta Isabel de Naveránek egingo dabe berba, eta zezeilaren 3an Sarah Piercek berak azaldu egingo dau zertan datzan Dublinen egingo dan ‘The Metropolitan Complex’ proiektua. Berbaldi guztiak Rekalde aretoan egingo dira, arrastiko 19:00etan hasita.
Erakusketea, barriz, martitzenetik zapatura bitartean egongo da zabalik, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arrastiko 17:00etatik 20:30era, baita domeka eta jai egunetan be, goizeko 11:00etatik 14:00etara.
Julen Gabiria
‘Bitartean, beste nonbait...’ izenburupean aurkeztu ditue euren lanak hamaika artistak, Bizkaiko Foru Aldundiak 2001-2002 urteetan banandutako bekei esker. Erakusketa Bilboko Rekalde aretoan imini da erakusgai, eta bertan ikusi ahal izango doguz, besteak beste, irudiak, argazkiak, instalazinoak, bideo-ikuskizunak eta performanceak, zezeilaren 20ra arte.
Miren Arenzana, Itziar Bilbao, Yolanda de los Bueis, Naia del Castillo, Itxaso Diaz, Mikel Eskauriaza, Ismael Iglesias, Abigail Lazkoz, Erlea Maneros, Marina Mendieta eta Isabel de Naverán izan ziran Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik 2001-2002 urteetan bekea jaso daben artistak. Beka horreen bidez, artista gazteek aukerea euki dabe euren lanak egin eta, aldi berean, ikasketakaz segiduteko. Bekea jaso ostean, artistek hartu dituen bideak asko izan dira: batzuk Parisera, Londresera edo New Yorkera joan diran bitartean, beste batzuk EHUn bertan egin dabe doktoradutzea. Euretariko askok ikasketak atzerrian amaitzeko hartutako erabagiagaitik izentau dabe, hain zuzen be, modu horretan erakusketea: ‘Bitartean, beste nonbait...’.
Pilar Mur aretoko zuzendariak esan dauanez, erakusketa honek islatzen dau ondoen Bizkaiko Foru Aldundiak arte garaikideagaz daukan konpromisoa; gainera, erakusketa honen helburuetako bat da kanpoan lan egiten daben artistak berreskuratu eta euren lanak Bizkaian erakustea. Izan be, Rekalde aretoaren asmoa beti izan da ‘artistak osotzea eta euren lanak jentearengana hurreratzea’, Pilar Murren esanetan.
Leire Vergara da erakusketako komisarioa, eta berak azaldu dauanez, momentu bi hartu ditu abiapuntutzat erakusketa antolatzerakoan: sorkuntzearen momentua, bekak banatzeko momentuari jagokona; eta gaur eguneko momentua. ‘Ikusten doguna, ondorioa, sano garrantzitsua da, baina prozesu artistiko osoa be kontuan euki behar da’, autortu dau.
Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, 57.000 euro emoten ditu sortzaile gazteentzat; guztira, lau beka eta sei laguntzino. ‘Gure asmoa gazteen balorea erakustea da’, adierazo dau Belén Greaves Kultura diputaduak. 1988an hasi zan Aldundia diru-laguntzino honeek banatzen, eta ordutik gaur egunera arte makina bat artista ezagun sortu izan dira, besteak beste, Andoni Euba, Juana Cima, Alfonso Gortazar, Alberto Rementeria, Roscubas anaiak edota Daniel Tamayo.