Barriketan  I. urtea // 10. zenbakia - 2002ko irailaren 15a - Hamaboskaria

Kepa Junkera: 'Bilboko zarateak eta kaosak be inspiretan nau'

Kepa Junkera, Bilboko Errekalde auzoko trikitilaria. Txiki-txikitatik musikeagaz eta akordeoi diatonikoagaz maiteminduta; urte batzuk geroago, Euskal Herrian zein kanpoan musikari ezaguna da eta milaka disko saltzen ditu han eta hemen. Uda sasoian geratu barik dabil kontzertuak emoten, eta oraintsu heldu da etxera AEBetan zehar, Los Angeles, Elko, Boise, Chino, Chicago, Seattle edota New York lako urietan kontzertuak emon ondoren. Laster, irailaren 19an Hong Kongen emongo dau kontzertua, eta ganera, Grammy saria be irabazi leike.

1. Pozik ibiliko zinan atzerrian kontzertuak emoten, garagarrilean Italian, Euskal Herrian eta Espainiako folk jaialdi garrantzitsuetan eta abuztuan AEBetan. Zelako esperientzia izan da AEBetan zehar egin dozun osterea?

Esperientzia barria izan da, ederra baina gogorra be bai, logistika arloan batez be, ze, pentsaizu, herrialde erraldoia da eta distantziak sekulakoak estadu batetik bestera; ganera, seguridadeagaz obsesionauta dabilz aireportuetan, eta hegazkin asko hartu behar izan doguz. Dana dala, suberte handia izan dogu eta hegaldi bat bera be ez dogu galdu, ezta maletarik be. Euskal Herrian, Estaduan eta Europan asko ibilitakoa naz, baina mugak zabaltzea ondo dago eta oso pozik nago AEBetan emondako kontzertuakaz; jentearen erantzuna oso ona izan da, eta Nevadan, esaterako, jentearen berotasuna hunkigarria izan da, kasu batzuetan etxean gengozala emoten eban-eta. Kontzertu batzuetan, belaunaldi desbardineko senitartekoak alkartu dira eta benetan ederra izan da. AEBetan alde batetik bestera ibili gara eta hango kulturen nahasketeagaz disfrutetako eta ikasteko aukerea be izan dogu. Oso emozionantea izan da.


2. Egun batzuk barru, irailaren 18an Grammy saria irabazi zeinke Hoollywooden; izan be, Grammy latinoen sarietarako hautagaia da 'Maren' zure azken diskoa folk musikearen diskorik onenaren mailan. Kontaiguzu hautagaitzearen albistea zelan jaso zenduan eta zelan baloretan dozun hori. Saria irabazteko aukerarik ikusten dozu?

Poz handia sentidu neban albistearen barri emon eustenean, baina esan behar deutsut ezustean harrapau ninduala barriak. Badakit saria irabaztea gatxa izango dana, ze kategoria bakotxean bost hautagai dagoz, baina niretzat oso garrantzitsua da hautagaien artean egotea; berez, saria izan da niretzat, aurretiaz egindako beharrari emondako saria. Hori bai, ilusino handia daukat orain, eta ia Euskal Herrira ekarten dogun grammya.

Dana dala, konpartiduta baino ez bada be, badaukat grammy sari bat; Chieftains taldeak Santiago diskoa plazaratu eban orain urte batzuk eta grammy saria emon eutseen; bueno, nik kolaborazino txiki bat egin neban disko horretan, eta asko poztu nintzan sariagaz.

3. 50 mila disko baino gehiago saldu ondoren, 'Maren' diskoa zure ibilbideko onena ala bat gehiago da?

Nire azken diskoa da 'Maren', eta ez naz inoiz hasi era horretako balorazinoak egiten. Jakina, lehenengo diskoa grabau nebanetik hona gauza asko ikasi dodaz eta normala da gauzak gero eta hobeto egiten joatea. Disko baten grabazinoagaz, gehienetan etapa bat amaitu eta beste bat hasten da. Nik orain beste modu baten grabauko neukez 'Maren' diskoko kantuak. Eboluzionetea gustetan jat. Geldiro-geldiro ibilten naz, ikusten eta ikasten, aurrera begira; etorkizunari begira nago. Gauza guztiei legez, diskoei be behar eta merezidu daben balioa emoten deutset, eta nire desioa egindakoagaz pozik eta gustora egotea da. Egia da 'Maren' diskoa berezia izan dana, besteak beste, alaba nagusiari eskaini deutsadalako (Xune, alaba txikiak hile bi daukaz), lagun askogaz, Bulgaria eta Albaniako abeslariakaz kolaborau dodalako, pista interaktiboa sartu dogulako, bideoklip bat grabau dogulako...

4. Gaur egun, urteetan zehar lortu dozuna lortuta eta pasautako kalbario eta momentu onak pasau ondoren, ze balantze egiten dozu? Atzera egiteko aukerarik izan ezkero, zeozer aldatuko zeunke?

Oso pozik nago. Musikea da nire bizipoza eta bizimodua. Musika kontuetan hasi nintzanean, ameseta handiak ziran eszenatokira igotea eta diskoa grabetea; autodidaktea izan naz beti, eta asko kostau jat orain nagoan lekura heltzea, sakrifizio handiak pasau dodaz, bakardadea eta zalantzak be sentidu dodaz eta, horrenbestez, pozik eta harro egoteko arrazoirik ez jat falta, baina beti dago gauzak hobetzeko modua; lehen esan deutsudan legez, aurrera egitea da nire filosofia, ze, atzera asko begiratu ezkero, seinale txarra, beharbada tramankuluak baztertzeko momentua izango litzatekelako. Proiektu eta zeregin askogaz dantzan ibiltea da nire bizimodua.

5. Zure ibilbide profesionalean diskoetxe asko ezagutu dozuz, baina oraingoagaz badakigu gustora zagozana. Musikari baten ibilbidean zeren besteko garrantzia dauka diskoetxeak?

Bai, orain Emi disketxeagaz nago eta oso pozik. Edozelan be, Elkar diskoetxeagaz hasi nintzan eta oso ondo portau ziran nigaz; gero, World Music arloan espezializautako Resistencia-gaz egon nintzan eta bilduma disko bat argitaratu eban Japoniako diskoetxe bategaz be esperientzia polita izan neban, eta Frantziako beste bategaz be bai. EMI multinazionalera emondako saltoa be oso garrantzitsua izan da. Musika sortzailea eta produktorea be banaz, eta musikearen industria barrutik ezagutzea oso positiboa izan da niretzat. Euskal musikearen arloan, diskoetxeek mugak zabaltzeko ahalegin handiagoak egin behar leukiez. Duda barik, diskoetxeak zeresan handikoak dira musikari baten ibilbidean: babesa, aholkularitzea, promozinoa...

6. Bakarka, taldeka, besteak beste, Justin Vali, Hevia edota Maria del Mar Bonetegaz kolaboretan, Oskorri taldeagaz, musikea sortzen eta diskoak grabetan emoten dozuz orduak eta egunak. Orain dala gitxi Camaronen omenezko diskoan be parte hartu dozu. Musikeagaz bizimodua ataratea gogorra da Euskal Herrian?

Kolaborazino horreek guztiak asko estimetan dodaz. Maria del Mar Bonet, berbarako, mediterranear kulturako ahotsik ederrenetarikoa da; euskeraz kantuan ipintea eta Mediterraneoa eta Bizkaiko itsasoa buztartzea lorpen handia izan da; ganera, laster alkarregaz emon behar dogu kantaldi bat Manresan. Hevia eta bere midi gaitea iraultza handia izan dira, eta niretzat ohore handia izan da haregaz behar egitea; ganera, antzeko melodia eta harmoniak lantzen doguz, eta konekzino handia dago bion artean. Justin Valik, Madagaskarreko kulturearen zipriztinak ekarri deustaz. Bulgariako abeslariakaz asko gozau dot eta Oskorri taldekoen ganean berba onak baino ezin dodaz esan: nire maisuak izan dira, hau da, Oskorriko lagunakaz ikasi neban. Camaronen omenezko diskoan oso gustora ibili naz, eta oso hur daukagun baina urrun sentitzen dogun flamenkoaren magiagaz maiteminduta nago. Kolaboratzaile horreek guztiak nire inspirazino iturri izaten dira eta balio musikalaz ganera, beste kontu batzuk be asko baloretan dodaz, hau da, kulturak, hizkuntzak, musika tresnak buztartzeko aukerea.

Musikeagaz bizimodua ataratea gogorra ete dan esan deustazu, eta nik, oro har behinik behin, ez daukat kejarik. Hasikeran, duda asko izan nituan, behar asko egin behar izan dot eta asko sakrifikau naz; mundu honetan ez dago zapatu-domekarik, ez uda-negurik, baina gehien maite dodan saltsan nabil eta, ganera, dana egituratuta eta ondo markauta egotea ez da nire gustokoa; musikeari esker nire erritmoan ibilten baz, jefe barik. Jentea oporretan egoten danean ni beharrean ibilten naz, eta alderantziz; jente pilaketak edo aglomerazinoak gustetan ez jatazanez, asko disfrutetan dot paseoan, hutsik dagozan hondartza edo kaleetan zehar. Hori bai, proiektu barrietarako eta familiagaz egoteko denpora gehiago behar neuke.

7. Trikitilari gazte askoren irakasle eta eredu argia zara. Tradizinoa baztertu barik, jokera barritzaileen alde be egin dozu, era horretara trikitixearen mundura gazteak erakarriz; dana dala, edadeko batzuei ez jakez gustetan trikitixa erritmo "modernoak". Zergaitik ez dabe musika 'barri' hori aditzen?

Trikitixa tradizionalagaz neukan kontaktua aspaldi galdu neban, eta badakit kritikak eta goraipamenak jasoko dodazana; inprobisazinoari leku handia izten deutsat eta, horregaitik, nire musikeagaz dantzan egitea gatxagoa dala entzun izan dot, eta argumentu hori ulertzekoa da; hori derrigor onartu behar da, baina pentsetan dot pertsona bat kritiketako edo goraipatzeko lagun hori sakon ezagutu behar litzatekela. Horretan ez dot denporarik galdu gura, nahikoa behar daukat egiteko eta. Kritikei zein goraipamenei merezidu daben garrantzia baino ez deutset emoten. Dana dala, ahoa zabalik geratzen naz trikitixa tradizionalagaz, eta soinuetan edo jokeretan eboluzionau dodanean, nire asmoa ez da izan trixitixa tradizionalaren kontra egitea; niri asko gustetan jataz Fasio, Leon Bilbao, Rufino Arrola, Laja... eta sarritan entzuten dodaz horreen diskoak.

8. Diskoetxeakaz kontratuak bete behar badira be, musikarien lan ordutegia oso malgua izaten da, beti be, gogoaren edo inspirazinoaren arabera. Zelako lan ordutegia dauka Kepa Junkerak?

Urteko sasoiaren arabera, desbardina izaten da lan egiteko modua. Esaterako, AEBetako kontzertuen birea egin aurretik behar handia egon da dana preparetan, kontzertuak, errepertorioa, entrenamentuak eta gauza txikienak be zehaztuten. Birearen erdian, entsegu oso gitxi egiten doguz eta indar guztiak kontzertuetarako gordeten doguz. Bestalde, disko barri bat preparetako, ezer baino lehen, erabiliko dodazan elementuak pentsau, musikea sortu eta aukeraketea egiten dot. Hori bai, azkenengo momentura arte gauza barriak sartzeko edo aldaketak egiteko aukerea izatea gustetan jat. Egunero, orduoro gauza barriak hausnartzen, ikasten ibilten naz, eta esperientzia horreek guztiak sartu gura izaten dodaz; musikea lantzeari besteko garrantzia emoten deutset kontu txiki guztiei. Prozesu horretan, orduak eta orduak joaten dira.

9. Inspirazinoa beharrean zagozala jatortzu ala berez agertzen jatzu edozein momentutan eta lekutan?

Gehienetan beharrean, baina edozein lekutan be bai. Oraintsu kontzertu bat hasi aurreko soinu aprobetan, melodia bat etorri jatan burura eta berehala apuntau neban libretan. Askotan, lagunakaz edo edozeinegaz berbetan nagoala be etorten jat eta familiagaz nagoanean, jakina, gorputzean igarten dot, motibazino berezia sentitzen dot. Bilboko zarateak eta kaosak be inspiratu egiten nau.

10. Jakin izan dogu Almudena Cid, munduko onenen artean dabilen gimnasta arabarrak bere ariketetarako musikea sortzeko egin deutsun eskariari baiezkoa emon deutsazuna. Zelan buztartzen dira trikitixea eta gimnasia?

Gasteizko jaietan alkarregaz egon ginan eta Almudenak bere ekitaldian Oreka Tx taldearentzat sortu neban musikea erabili eban; era horretako esperimentuak oso politak dira, eta duda barik txalapartearen soinuak nortasun berezia emoten deutso edozein ekitaldiri; Almudena oso interesauta dago eta berbetan egon ginan, hurrengo mundu txapelketarako haren gimnasia ariketarako musikea sortzeko aukerea aztertzen; oraingoz, ez dago ezer zehaztuta, baina gauza interesgarria izango litzateke. Gogoratu, Dantza Konpainia Nazionaleko Nacho Duatok be Oreka Tx taldearen doinuak erabili dituala koreografia bat egiteko.

11. Munduan zehar, sarritan lehenengoz entzuten dituen trikitixa doinuak zelan hartzen ditue?

Nik esatea ez da zuzena, baina jenteari, oro har behintzat, asko gustetan jakoz trikitixa doinuak. Melodia eta erritmoakaz, txalaparteagaz eta, zur eta lur geratzen dira. Worl Music arloan, musika tresna barriak eta erritmo eta jokera ezezagunen barri jakiteko aukera handia dago, eta niretzat gozada handia da, musika arloan baina bestelako arloetan be etenik barik, gauza barriak deskubridutea.

12. Musika estilo desbardinak nahastetea antxinako kontua da, baina fusino kontu horreetan, non dagoz trikitixearen lekua eta muga?

Norberaren inguruko melodiak edo erritmoak sentidu eta horreek filtrau eta ahal dan musika gehien entzun eta ikasi ondoren, zeurea dan musikea sortzen dozunean, fusinoa egiten zagoz. Niri bertsinoak ez jataz gustetan, esaterako Flaco Jimenezen kantu bat hartu, berbak aldatu eta kopietea. Horrek ez nau erakarten. Norberaren nortasuna galdu barik, erritmo, musika eta jokera horreek guztiak kontuan hartu eta esperimentazinoaren aldekoa naz. Gauzak holan dirala, musikea sortzeko prozesuan ez dot ezelako mugarik ikusten.


13. Aurrera begira, ze asmo edo ze ideia daukazu buruan? Noiz kaleratuko dozu hurrengo diskoa?

Proiektu asko diturt buruan. Zuzeneko disko bat grabau gura dot, ze aspaldi nabil ideia horri bueltak emoten, eta seguruenik, hurrengo diskoa zuzenekoa izango da. Bestalde, Donostiako Musikenen 'Jokera barriak musika tradizionalean' izenburupeko urte biko ikastaroari ekin behar deutsagu berehala, eta koordinazino beharra neuk egingo dot. Horrezaz ganera, Txalapartearen Euskadiko Konpainia sortzeko ahaleginetan gabilz, abangoardia eta jokera barritzaileen bidetik. Horrezaz aparte, ikasten eta produkzino beharrak egiten jarraitu gura dot, Ibon Koteronegaz, Xabier Amuritzagaz... Asti barik nabil.

14. Maren alabeari gustetan jako zure musikea?

Sano. Kotxean beti eskatzen dau diskoa, eta ez badago sekulako tabarrea emoten dau.

15. Azken boladan, zein da etxean eta kotxean gehien entzuten dozun diskoa?

Goran Bregovic serbiarra asko gustetan jat eta Nicholas Wroman, Susana Baca, Bill Frisell, Cesaria Evora, Astor Piazzolla edo Chucho Valdes sarri entzuten dodaz; musika komertzialik ez dot entzuten, baina World Music / Munduko Musikak asko gustetan jataz.

16. Aurten, badago oporrik Kepa Junkerarentzat?

Gehienen oporraldiagaz konparau ezkero, alde nabarmenak dagoz: ni hilebete osoan gora begira egotea ezinezkoa da, baina, jakina, deskantsua hartzeko astia be ataraten dot; hori bai, benetan lanpetuta nabil, proiektu eta burukomin asko dodaz, eta familiagaz be gehiago egon gura neuke.

17. Irakurteko astirik badozu?

Ez askorik. Liburu bat irakurteko, aparteko ahalegina eta denporea behar da, nasai-nasai jesarri eta haria ez galtzeko eta musikea entzuten denpora asko emoten dot; diskoak ez dodaz oso-osoan entzuten, kantuak edo kantuen zatiak entzuten dodaz.

Zinera joateko be ez daukat orain astirik; lehen zinezale amorratua nintzan, astean birritan edo hirutan joaten nintzan eta orain, barriz, hile birik behin edo joaten naz. Kontzertuetara joatea be asko gustetan jat baina...

18. Zein herritako jaietara joaten zara urtero hutsik egin barik?

Bilboko jaietan asko disfrutetan dot, baina aurten ez naz hemen egon; herri txikietako jaiak be gustetan jataz. Kontzertuen ostean, apurren bat aprobetxetan dogu jai giroan sartzeko.

19. Zeintzuk dira Kepa Junkeraren bizioak?

Bidaietatik gauza asko ekarten dodaz: gehienbat musika tresnak eta diskoak, bilduma ederrak daukadaz. Jatea eta jatekoagaz esperimentetea asko gustetan jat. Ez naz erretzailea eta edateak be ez nau amorratzen. Hori bai: Athletic zalea naz. Dana dala, nire biziorik handiena familia da orain.

Koldo Isusi Zuazo