Euskaldunok munduan  IV. urtea // 93. zenbakia

Leire Intxausti: 'AEBetan pobrezia eta aberastasuna alkarren ondoan bizi dira'


- Zerk erakartzen zaitu gehien?

Hango libertadea. Ez dakit libertadea berbarik egokiena dan. Libertadea, zein zeintzutan? Han jenteak aurreretxi gitxiago dauka, eta horrek, akaso, hartu-emonak errazten ditu. Hemen baino zabalagoak dira. Beharbada, ha uri handi bat dalako, eta mundu guztiko jentea dagoalako. Ha Karibea da eta horrek zerikusia eukiko dau segurutik. Han eskemak apurtu egin dira: mueta askotako familia eta bikoteak dagoz. Karibeko jente asko dago, Kubako jenteaz gan, Jamaikakoak, Haitikoak, Kaiman ugartekoak…; eredu eta kultura oso desbardinak ikusten dozuz.

- Zelakoa dan zure bizimodua han?

Aste barruan lan egiten dot. Orain arte enbaxadako bulego komertzialean arratsaldeko laurak arte egiten izan dogu behar baina orain “benetako munduan” sartuko gara, enpresan egingo dogu behar, eta ordu gehiego izango dira. Ni han Miami Beach-en bizi naz, ganerako bekadunen moduan, erakargarriena da, hondartza daukazu, eta ganera diskotekak, tabernak-eta dagoz.

- Zeozer dozu faltan?

Ba, pernil ona. Han janaria plastikozkoa da. Badago supermerkatu ekologiko bat, baina uste dot dirua atarateko beste modu bat baino ez dala. Oro har, janaria ez da ona, frutea-eta txarra da. Gurean legez, ez da inon jaten. Eta mendia be faltan daukat; izan be, ha lau-laua da.

Iratxe Ormatza

Leire Intxausti Alonsotegin jaio zan orain dala hogeita zortzi urte. Bilbon ekonomia-ikasketak amaitu eta gero, Belgikara joan zan Europako Batasunako gaiei buruzko master bat egiten. Han oso gustora ibili zan, ikasle-giroan eta, ganera, hainbat herritako lagunak egin ebazan. Orain, barriz, itsasoa zeharkatu eta Ameriketan bizi da.

- Noiz joan zinan Miamira bizitzen?

Joan dan urteko urtarrilaren hogeita seian joan nintzan eta, beraz, urtebete egin dot han. Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Merkataritzako beka bat lortu neban. Hainbat leku egozan aukeratzeko, eta nik Australia, Kanada eta Maroko eskatu nebazan. Azkenean, nora eta Miamira. Estadu Batuak ez jataz gustetan, eta ez deuste sortarazoten aparteko interesik. Baina, bueno, han bizitzea eta hango kulturea ikustea pentsau neban. Holan, kritikea egiteko oinarriak daukadaz.

- Zein da zure beharra han?

Enbaxadako bulego komertzialean egiten dot lan. Han gehienak funtzionarioak dira baina Espainiako hainbat erkidegoetako bekadunak dagoz: Andaluzia, Asturias, Galizia…; beken helburua da enpresen esportazinoak bultzatzea. Lana interesgarria da. Batez be, jente asko ezagutzen dozulako, kultura desbardinetakoak. Horrezaz gan, Euskal Herriaren eta AEBen arteko aldeak ikusten dozuz.

- Aldeak?

Europa eta Estadu Batuen arteko desbardintasun kulturala, oso handia da. Ez naz asko mobidu Estadu Batuetan, New Yorken, New Orleansen eta San Franciscon baino ez naz egon, eta apur bat Kalifornian. AEBn ez dago Gizarte Segurantzarik. Han jentea kalean bizi da, homeless esaten jake, eta albo-alboan munduko ospitalerik onenak dagoz. Itzelezko polarizazinoa ikusten dozu, eta munduko lehen herria da! Hori hirugarren munduko herrian ez jatzu hain harrigarria egiten, baina Estadu Batuetan, bai. Europan be badago pobrezia, baina danontzako Gizarte Segurantzea dago… AEBetan erditzea bi miloe peseta pagau behar dozu. Baliabide ekonomikorik ez badaukazu, salduta zagoz. Han supermerkatu batean hirurogeita hamar urteko persona bat gauzak boltsetan sartzen ikusi zeinke. Eta hirurogeita hamar baino gehiago daukazan bat beharrean ikustea be nahikoa normala da.

- Eta zer gehiago egin jatzu harrigarri?

Kontsumiduteko kultura handia dago eta nahiko kritikoa naz hango sistemeagaz: kontsumismo itzela dago. Han zagozanean, zeure burua be ikusten dozu horretan oso sartuta dagoala. Merkataritza-gune handiak dagoz, mall izenekoak, eta eguna pasetan joaten zara. Umeentzako lekuak daukiez, han egon daitezan, gurasoek visari sua ataraten deutsen bitartean. Euskal Herrian be gero eta merkataritza-gune gehiago dagoz, konsumismo gehiago, baina han muturrera eroanda dago. Aisialdian, dana da erosten joatea. Dana da dirua, dirua gastetea.

- Denporea pasetako beste modurik ez balego moduan, edo?

Bai, hori da. Lan egiteko egutegia eta ordutegia baino ez dozu ikusi behar. Urtean aste biko oporrak daukiez. Behar asko egiten dabe, eta hori nahiko adierazgarria da. Nik uste dot norberaren bizitza personalerako be denpora behar dala, lana ez da dana. Eta umeak hazten ikusteko, eurakaz egoteko be denporea behar da.