Barriketan  IV. urtea // 93. zenbakia

Luistxo Fernandez: 'Interneteko albistegi arketipikoa da webloga'

Interneteko atari edo webgune klasikoak arkaikotzat jo eta weblog, blog edo on line egunerokoen iraultzan bete-betean gagoz gaur egun. Halan da be, igaz, blogaren urtean AEBn egindako 'The state of blogging' izeneko ikerketearen arabera, AEBetako internauten % 62k ez daki oraindino zer dan blog bat baina internet erabiltzaileen % 27ak, ostera, blogak irakurten ditu. Mundu magiko honetaz berba egiteko Luistxo Fernandez, CodeSyntaxeko proiektuen zuzendaria eta 'Ingelesen hilerria' blogaren sortzaile eta hornitzailea konbidau dogu.

1. Webloga zelan definiduko zeunke, eztabaidagune, on line eguneroko ala informazinorako bide barri legez?

Interneteko albistegi arketipikoa da webloga: notiziero jarraitua, erraz editetan dana, eta molde desbardinak har leikezana: erantzunakaz edo barik, moderatua edo moderatzeko, persona batena, korporatiboa ala askoren artean egindakoa...

2. Blogen ezaugarri nagusienetakoa interaktibidadea da baina Sarea mundu birtuala izanik, arriskuak be badaukaz (informazino faltsuak, zentzunbakokeriak...).

Media tradizionalen egia objetiboa zabaltzen dabela sinisteari laga geuntson aspaldi. Blogak subjetibidadea banatzen dau, baina aurpegi hori ez dau ezkutetan: bloga irakurten dabenak badaki hori.

3. Interaktibidadea, bitartekorik eza edota dinamikotasuna ondo dagoz, baina kazetaritzaren harian, blog horreek ez ete dabe ohiko kazetaritza eta kazetarien hondamendia ekarriko? Kazetaririk bako kazetaritzearen aurrean ete gagoz?

Hondamendi berbea larregizkoa dala pentsetan dot. Ofizioa aldatuko dabela uste dot, ostera. Eta bai, kazetari bako kazetaritzea gabiz ikusten. Zientziaz edo informatikaz, honezkero, informatikari edo zientzialariak eurak dira sarean informetan dabenak, zuzenean, beste bitarteko barik. Horren ondoan, zertarako behar doguz informatikaz idazten daben kazetariak? Prentsa idatzian Interneten inguruko gauza interesgarriak ez dodaz topetan neuk. Sarean irakurten dodaz, eta albistearen jatorriagaz lotura zuzenagoa daukanak, informazinoaren protagonisteak idatzitako artikuluetan izaten dabe jatorria horreek informazinook.

4. Weblogen fenomenoa nahiko barria da. Jorn Bargerrek sortu eban weblog berbea 1997ko abenduan baina ordutik hona garapena sekulakoa izan da...

Fase pare bat egon dira garapen horretan. Lehenengo blog kolektiboak etorri ziran, eta horreetan Slashdot lider bihurtu zan eta bada oraindino. Sasoi horretan, blog kolektiboak egiteko tresna batzuk zabaldu ziran, Nuke familiakoak berbarako. Euskal Herrian, programa horreetako bat erabilita, Sustatu.com sortu genduan 2001ean. Gero etorri izan da weblog personalen modea eta jokerea. Bereizketa semantiko bat be badago hor, emoten dau weblog berbea tresna kolektibo bat izentetako dala, eta blog tresna personalerako, bitakora edo egutegi personalerako.

Holan ba, orain bigarren fase horretan gagoz, bitakora personalen garaian. Movable Type eta estiloko beste tresna batzuk dira oinarriak blogintza barri honetan, eta oraingo blog sistemeagaz ia edozeinek dauka aukerea nork beraren bloga sortzeko. Euskal Herrian blog personaletan lehenengoa ez dakit, akaso, Jabi Zabala gorliztarraren Sarean.com izango ete zan...; lehenengo euskerazko blog
personal horreek 2003koak izan ziran, baina 2004an ikusi dogu hazi egin dirala. Eibar.org alkarterako software libreko erreminta bat euskeratu dogu, Coreblog, eta haregaz dozenatxu bat blog sortu dira. Beste erreminta eta azpiegitura batzukaz be badagoz asko: Faroa, Filoblogia, Patxi Gaztelumendi larrabetzuarra... 2004an sortutakoak horreek danak. Eta pentsetan dot 2005ean be sendo ikusiko dogula blogintzea Euskal Herrian.


5. Sarreran aitatu dogun ikerlanaren arabera, AEBko blog sortzaileen % 57 gizonezkoak dira eta % 48, barriz, 30 urtetik beherakoak. Gazteen eta gizonezkoen mundua da blogena?

Euskal Herrian gehienak gizonezkoak dira, bai, baina gaztetasunarena ez dot hain argi ikusten. Berbarako, Euskal Herrian behintzat, prentsa lokalaren eremua (lekuan lekuko aldizkariak...) eremu gaztea dala uste dot, kazetari eta kolaboratzaile gazteak egiten dabe lan han eta hemen. Baina ez dot ikusten esparru horretatik blogari askorik sortu danik. Hedabide lokalak ondo ezagutzen dauzan blogaria Joxe Aranzabal da, baina ez da teenager bat, ez.

6. Blog personalak perretxikoak legez ugaldu dira azken aldian. Oraintsu Julen Gabiria idazle eta Bizkaie!-ko kolaboratzialeak be atara dau 'Lagun batek esan dit lagun batek esan diola' izenekoa. Zuk zeuk be 'Ingelesen hilerria' izeneko blog eleanitza daukazu. Kontaiguzu, oro har, zeintzuk diran zure kezka edo ardurak?

Nire blogak ez dauka asmo editorial handirik. Beste leku batzuetarako idazten dodazan artikuluak hor pilatzen dodaz, artxibo moduko bat da neuretzat. Euskeraz idazten dodazanak, normalean lehenago bota izan dodaz sarean, Eibartarrak posta-zerrendan. Handik egun edo ordu batzuetara, blogean be ataraten dodaz, artxibo moduan funtzionau dagian. Hiru hizkuntzatan aldi berean idaztea esperimentu bat be bada, neure burua hiru hizkuntzatan idazten jarteko batetik, eta blog eleanitz baten mugak eta gakoak non dagozan ezagutzeko bestetik. Esperimentu arraro bat, alde horretatik.

7. Internet eta blogen munduko berba gehienak ingelerakoak dira. Euskeraz berba horreek emoteko ze arazo dago? Jatorrizko berben ala itzulpenen alde zagoz? Zelan deklinau ingelerako berbak?

Ez daukat eretxi argirik horren ganean. Interneten kontu handi barik idazten dodala esango neuke..., idazkeran zaborkeria igarri deustienak be badagoz hortik, eta arrazoia daukie: ez dot papelerako moduan kurioso idazten.

8. CodeSyntaxeko egitasmoen zuzendaria zaitugu. Zer da CodeSyntax?

Hiru bazkideren artean 2000. urtean sortu genduan enpresea. Hizkuntzen teknologiak, Interneterako aplikazinoak software libreagaz eginda ataraten dogu bizimodua, eta ez gara hain txarto bizi. Egoitza Eibarren daukagu, eta sareko helbidea www.codesyntax.com da.

9. Blog bat sortu gura dauan batek ze pausu emon beharko leuke?

Eibar.org alkartean pausu batzuk definidu doguz, inork bazkide egin gura izan ezkero, kontseilu moduko batek erabagi dagian ia bloga emoten jakon eskatzaileari. Baina holako gorabehera barik, dobako plataformak be badagoz hortik, baina erderaz: Blogger, Blogs.ya.com... Nik uste dot egongo dirala blogak web bidez erraz sortzeko aukerak Euskal Herrian eta euskeraz. Igual 2005ean ikusiko dogu hori, ez dakit.

Informatikan sartuta dabilenak erabiltzaile arruntak baino errazago euki beharko leuke, zelan ez. Bizkaie!-k, uste dot nik, albistegi jarraitua euki eikean, beraren RSS feedagaz, alez aleko argitaratze modu hori euki beharrean. Eta blog personalak be sortu zeinkiez zeuon azpiegitura horretan. Ez dot gatx ikusten, eta bai, ostera, logiko.

10. Interneteko atari, webgune eta blogen ostean, zer etorriko ete da?

Sarea etorriko da. Internet benetako sarea izango da. XML jarioen bidez alkarlotutako web zerbitzuak biderkatuko dira. Blog batean idazten dana ez da bakarrik blogean geratuko, haren RSS, feed-a edo albiste-jarioa blogetik askoz harago helduko da. Eta ez bakarrik blogen eta albistegien munduan, bestelako zerbitzuetan be bai: merkataritzan, liburutegietako datuetan..., osoko informazino-trukea izango da Internet. Hori izango da benetako sarea. Nik neuk sinisten dot horretan.

Koldo Isusi Zuazo