Wifi teknologia hegazkinetan
Gotzon Plaza,
informatikoa
Normalean, etxean edo bulegoan, Internet Sarera konekzinoa egiteko telefonoaren kableak erabilten doguz, teknologia “tradizional” legez. Edozelan be, kable barik be Sarean zehar nabegetako modua dago daborduko WiFi teknologia erabilita. Euskal Herriko uri batzuetan, badagoz Wifi teknologiagaz hornidutako lekuak, berbarako Getxoko kirol portuan gune apropos bat dago kable bako nabegazinoa egiteko. Munduan zehar be hasi dira hoteletan eta erakunde ofizial batzuetan holakoak ipinten (eraikin ofizialetan arazotxuak dagoz antza baina ezin jakoz teknologiari leporatu: seguridadea dala eta, sarritan tramankulu elektronikoek daukien seinalaren frekuentzian trabea egiten daben beste elementu elektroniko batzuk dagoz eta ondorioz Wifi teknologiadun ordenadoreek ezin dabe euren lana bete).
Teknologia honegaz aprobak eta saioak egin ondoren, Lufthansa alemaniar hegazkin konpaniak hamasei hegazkinetan Internet-era banda zabalaren bitartez sartzeko aukerea emongo deutsie euren bezeroei. “FlyNet” izena jarri deutse zerbitzuari eta horren bitartez hegaldiaren bezeroak bere ordenadorea hegazkinean bertan dagoan puntu bategaz konekzinoa egiten dau, gero hegazkinak satelite bategaz eta honek bere aldetik lurrean dagoan (Littleton, Estadu Batuetako Kolorado estaduan) konekzino-zentroagaz).
Konpaniaren esanetan, negua amaitu baino lehenago, bide luzeetako hegaldi gehienak prest egongo dira honako konekzinoak egiteko eta gero besteetara zabaltzeko planak egingo dabez. Lufthansa etxea lehenengoa izan da baina laster, urte edo hilabete gitxi barru, gai izango gara edozein hegazkinetan Internetera konektau eta hor zehar nabegetako, jakina, kableak ahaztuta. Benetan harrigarria… baina bateren batek esango dauan legez, benetan harrigarriena hegazkinetik Internetera konekzinoa kableen bitartez egitea izango litzateke.