Bidaide  IV. urtea // 92. zenbakia

‘Aurretik 120.000 kilometro eta 80 herrialde daukaguz tandem ganean egiteko’


Zuen proiektua sinistu ere egiten ez dauan jentea egon badagoala...

Eneko: Bai, eta normala da. Horren proiektu luzeak eszeptizismoa sortarazoten dau. Baina nik daborduko emon deutsat munduari bueltea bizikleta ganean eta hori berme garrantzitsua da. Lau urtez egon nintzan globoan zehar pedalei jo eta ke, hasieran sei hilabetetan Turkiara heltzeko amesa baino ez baneukan be.

Ganetik azalduta, zein izango da ibilbidea?

E: Ufff. Oso gatxa da azaltzea. Gasteizetik Madrilera joango gara, eta handik Lisboara. Antartika aldera hegazkinez joan ostean, Amerika zeharkatuko dogu kostalde atlantikotik, Terranovaraino. Gero, kostalde Pazifikotik joango gara beherantz, Txilera arte. Handik Ozeania, Japonia, Txina, Tibet, Mongolia eta Asiako beste herrialde ugaritara joko dogu. Asia erdialdetik eta Europa ekialdetik etorriko gara bueltan, eta hortik Egiptora bajatuko gara, Afrikari bueltea emoteko. Azkenik, etxera etorriko gara...

Ez gitxi be...

E: (Barreak). Horregaitik behar dira zortzi urte, ibilbidea trankil egiteko eta bisitauko doguzan herrialdeetako kulturak ondo ezagutzeko.

Horregaitik da horren gatxa biajea preparetea.

E: Bai. Alde batetik babesle eta laguntzaileen gaia dago, eta bestetik, arlo teknikoa. Zorionez, fisikoari jagokonean aurreko biajeko esperientzia daukagu, eta teknikeari jagokonean, Mijuki telekomunikazino-injinerua da, eta berak izango dau horren ardurea. Urtebete baino gehiago daroagu proiektua preparetan.

Proiektua ezagutzera emoteko, lantzean behin edukinak barritu behar izango dozuez. Zelan egingo dozue hori?

Miyuki: Daroagun ekipoagaz edozein lekutatik eguneratu geinkez webguneko edukinak. Ordenadore eroangarria, argazki eta bideo-kamara digitalak eta satelite bidezko konekzinoa be eukiko doguz. Proiektu kultural honek, daukan izenak ondo dinoan legez, mundua hurreratu gura deutso jenteari. Horretarako, gure herrialdeko jenteak tandemaren ganean egiten doguzan kilometro guztiak ezagutu behar dauz.

Gatxa da betiko bizimodua albo batera itxi eta munduari bueltea emoten joatea?

M: Erronka bat da. Eneko jardunaldi batzutan ezagutu neban Brasilen. Maitemindu egin ginan eta telekomunikazino-enpresa garrantzitsu baten neukan lana itxi eta Euskal Herrira etorri nintzan. Orain abentura barri bat daukagu aurretik. Bizitzan, norberaren lehentasunak ezagutu behar dira. Nire lana gustau egiten jatan, baina egin behar nebana egin neban, Enekogaz egon gura dot eta. Biajea bikote legez daukagun proiektu bat da.

Familiarentzat gogorra izango da...

M: Hasieran bai, baina benetan gura doguna egiten gagozala konturatzen diranean onartu egiten dabe eta lagundu egiten deuskue.

E: Hemen zagozanean, buruan beti daukazu ardurearen kontua, eta horren barruan familiagaz kunplidutea dago. Nire kasuan, lehenengo biajean Istanbulera heldu nintzanean, hori zan eta nire helburua, aurrera egiteak merezidu ebala konturatu nintzan. Eta hor egon zan nire familia, arlo ekonomikoan eta maitasun kontuetan euren laguntzinoa eskaintzen.

Zer eretxi dozue taldean doazan turisten ganean?

E: Lastima apur bat emoten dabe, milaka kilometro egin ostean eta dirutza itzela pagau ostean, bisitau daben herrialdearen onena, kulturea eta bertako jentea, ezagutu barik datozelako etxera bueltan. Ibilaldi horreetan gure kultura bereko jentea baino ez dogu ezagutzen. Biajeak egiteko modu hobeak dagozala uste dot.

Munduko hainbat lekutan egon ostean, zer dinozue gure gizartearen inguruan?

E: Bizi garan eskemek askatasuna kentzen deuskue. Umetatik hasita sakondu bako informazinoa jasoten hasten gara. Gaur egun, hemen dana dago eginda eta esanda. Baina esperientzia personalek eskaintzen deuskuenetik ikasi behar da, ez memorizazinotik. Berton pasetan dana modu erlatiboan ulertzen ikasten da munduan zehar ibili ostean. Pozik nago munduagaz hartu-emon interesgarriak daukadazalako, hurrekoak ganera.

M: Niretzat oso gatxa da eretxia emotea, Japoniako, Brasilgo eta Euskal Herriko kulturen nahastea daukadalako. Eneko ezagutzea eta munduan zehar biajeak egitea irakatsi eustiena apurtzea izan da. Eta baita libre egotearen sentsazinoa ezagutzea be.

Uste dot zuen biajea interesgarria dala, batez be ikuspuntu bi eukiko dozuezalako: asiarra eta europarra.

E: Bai, asiar, amerikar eta europar nahastea izango da. Gero, aberastasun hori webguneko irakurleei helarazoko deutsagu. Ganera, Miyukik ez dauka eskema japoniar zarratua, eta hori oso positiboa da, kulturaniztasuna oso garrantzitsua dalako mundua ezagutzeko.

Zelan hartu deutsue Euskal Herrian, Miyuki?

M: Zoragarri, lehenengo egunetik ganera. Ez dot euki ezelako arazorik bertora ohitzeko.

Noiz urtengo dozue?

E: Arazorik egon ezean, hile honetan bertan erroberen ganean egongo gara.

Bizkaie!-tik, biaje ona opa deutsuegu. Akaso bueltan hiru etorriko zarie, zortzi urte denpora asko da eta. Hartu-emonetan egongo gara, nondik-nora zabizien jakiteko. Ondo ibili!

Zigor Aldama

Zortzi urte munduari bueltea emoten tandem bateko pedalei jo eta ke? Bai, hori da Eneko Etxebarrieta gasteiztarraren eta haren emazte Miyuki Okabe, jatorriz japoniarra baina jaiotzaz brasildarraren erronka barria. Aurretik 120.000 kilometro daukiez, alaitasunez eta momentu gatxez beteta, biaje danetan legez.. Baina duda barik, zortzi urte iraungo dauzan biaje bat preparetea ez da gauza erraza, eta gitxiago kostuak pagetako dirua jarteko prest dagozan enpresa babesleak eta laguntzaileak topetea. ‘Egunean 30 euro baino ez doguz gastauko, baina zortzi urtetan hori diru asko da’, dino Etxebarrietak. Oraingoz, euren abentureak oihartzun handia izan dau, eta horren lekuko dira Estadu mailako komunikabideetan argitaratutako alkarrizketa piloa. ‘Ezinbestekoa da finantziazinoa lortzeko. Hasieran, lehenago urtetea pentsau gendun, baina gero atzeratzea erabagi gendun, ate gehiago jo ahal izateko’. Bost kontinenteetan 80 herrialde bisitauko dabez, eta abentureak sekulako esfortzu fisikoa eskatu arren, eurek proiektu pedagogiko legez hartzen dabe. Espedizinoaren izena ‘Acercando el mundo’ da (www.acercandoelmundo.com), eta eurentzat berenberegi egindako Orbea tandem baten ganean egingo dabe. Bizikleteak 14 metroko luzeerea dauka eta gitxi gorabehera 100 kiloko pisua. Horixe izango da euren ibilgailua.



BIZKAIE!

Arbidea, 1 (Txurdinaga), 48004 Bilbao
Erredakzinoa: Tel. 94 4162393 - Faxa 94 4150199

bizkaie@bizkaie.biz

Babesleak:

Creative Commons License

Codesyntaxek garatua