Bertsotan  IV. urtea // 92. zenbakia

2005, txapelketa urtea hau be


Lehiaz kanpo zer?

Egia da lehiek morboa daukiela, baina zorionez bertsolaritzea lehia baino askozaz gehiago da, eta Txapelketa Nagusiko urtean be ohiko esparruetan finkatzen eta esparru barrietara zabaltzen ahaleginduko da. Bertsozale Elkartearentzat urte garrantzitsua da hau, txapelketearen antolakuntzea ez eze, arlo estrategikoetako lan ardatzek pisu handia hartu dabelako beraren proiektuan. Hedapenak pisu nabarmena hartuko dau txapelketeagaz, transmisinoan bertso-eskolen dinamikeari arreta berezia imini gura deutsie, eta hezkuntza arauturako curriculuma amaitu, herrialde guztietan egiten dan lanaren etenbako hobekuntzearen barruan. Komunikazinoan webgunearen diseinu barria, euskal zein erdal munduko gizarte erakundeakaz hartu-emonak, nazinoarteko hartu-emonak... horrexek izango dira lan arlo nagusienak. Azkenik, ez dogu ahaztuko Elkartea bateratze prozesuan dagoala sartuta eta Billabonan alkartearen egoitza izango danaren eregite-lanak hasiko dirala aurten.

Bertso barri on danori.

Iñaki Aurrekoetxea

Joan jaku bi mila eta laua, Igor maisu Baltzaren tronora igon dauan txapela itxi eta gero. Ondo etorri bi mila eta bosta, Euskal Herriko txapela buruz aldatuko dan ala ez argitu barik alde egingo ez dauana. Unairi entzun geuntson Euskaldunako agurretan:

(...)
zugaz entzule laster egongo
gara edozein plazatan
ta zergatik ez, asko dagoz ta,
edozein txapelketatan.

Horixe ba. Txapelketa urtea itxi eta txapelketa urtea hasi. Atzo zalakoan mendebaldeko bertso lehiagaz Xabi Paiak ehunekotu ginduzala, eta daborduko izartu da belodromoko espiritua, ‘asko dago jokoan’ murmurka. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren edizino barria jokatuko da aurten, bertsogintzearen lau urterik behingo upealako erakusleihoa, bertsoaren olinpiadea. Urteko ekintza nagusiena izango da, eta ganerako guztiak baldintzatuko dauz seguruenik. Izango da besterik, zelan ez, bertsolaritzea osasuntsu dagoalako eta prest daukalako beraren egutegia, bertsozalearen agendak gorriz beteteko irrikitan.

Bersto Egunetik Txapelketa Nagusira

Urtaroei erreparau ezkero, erraz antolatu geinkez bertsoaren aroak urte honetarako. Neguan hartu gaitu urte barriak, eta bertsoak garaiotan tradizinora joten dau, santaeskean ibiliko da baserririk baserri, inauterietan mozorrotu egingo da... Eta bertsozaleakaz urtero-urtero daukan zita berezia mimoz jagongo dau. Urtarrilaren 22an izango da Bertso Eguna 2005, Kursaaleko areto nagusian, eta bertsozale askok eta askok alkar ikusteko erabilten dauan ziteak Araeta sagardotegian izango dau jarraipena, afaria eta osteko bertso-jaiagaz. Udabarrian sartu orduko urteko lehenengo txapelak banatuko dira. Bizkaian oraintsu jokatu txapelketea, Gipuzkoan 2003an izan zan (txapelketako liburua argitaratu barri dau Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak), eta orain beste herrialdeei jagoke euren txapelari burua jarri eta Euskal Herrikorako ordezkaritzea finkatzea. Iparraldean txapelketarik ez eta kanporaketea izango da Nagusirako sailkapen legez, urtarrilaren 16an. Nafarroako Txapelketearen finala martiaren 13an jokatuko da, eta Arabakoa taldekako lehiagaz hasita badago be, apirilaren 9an izango dau finala Gasteizen. Udabarrian bertsogintzearen belaunaldi barriak ikusiko doguz loratzen Eskolarteko Txapelketetan. Barrikuntzarik izango da aurten: Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finala ez da Mungian izango azken urteetan moduan, eta Nafarroara eroango dau Ikastolen Konfederazioak, Altsasura hain zuzen be. Guztiz zehaztuta ez badago be, bagilaren 18an izango da.

Udan sartuta, praka laburrak jantzi eta herririk herri, plazarik plaza ibiliko da bertsoa, eta hondartzetako txiringitoak be zapalduko dauz. Sasoi honetan bertso-saioak asko ugaritzen dira, herrietako jaietako karteletan ohiko lekua daukalako bertsoak. Udatik bueltan urteko zita nagusiari ekingo deutsie bertsolaritzearen estamentu guztiek: Txapelketa Nagusia. Gogoa dago Andoni Egañaren nagusitasuna oraingoan amaituko ete dan ikusteko. 2001ean ezin izan eban bertso-eskoletako gudarosteak, eta aurten heldutasun polita lortuta datoz barriro. Maialen Lujanbio, gure Igor eta Unai, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Amets eta Sustrai, Jon Martin... Egañak argi ei dauka txapela tabladuan itxi gura dauala. Agurra preparetan be hasita dago (22 urteko bertso ibilbidea kontetan deusku ‘Hogeita bina’ liburu argitaratu barrian), baina ez dakit arinegi ez ete gabizan Jainkoa Olinpotik bajatzen. Abenduaren 18an jakingo dogu, 2005eko Txapelketa Nagusiaren final handia jokatu dan egunean. Non? Zehazteko dago, Anoetako Belodromoan jokatu dira azkenengo finalak, baina aukera gehiago dagoz neurtzen antolatzaileak. Ez harritu Bizkaira ekarten badabe final handia. Laster jakingo da hori eta esango deutsuegu.