Euskerea berbagai  IV. urtea // 92. zenbakia

Bizitzeagaz olgetan


Tolerantzia eza, erradikalismoa edo inposizinoa izango da, baina euskerea jakin egin beharko litzateke Euskal Herrian bizitzeko. Ikasi, jakin eta erabili. Xakean legez: jokoan ibilteko, beharrezkoa da lehenago jokoaren arauak zein diran jakitea eta pieza bakotxak zein mobimentu egin leiken ezagutzea. Eta xake tableroan ezin da partxisean ibili. Partxisak beraren tableroa dauka eta ezin da partxisean eta xakean jardun aldi berean. Holan ba, neure metaforeari segiduz, euskaldunok egin daigun ‘xake mate’ eta besteak dedikau daitezala partxisera!

Baina ez, herrien asoziazino librea egin gura dauan gobernu berbera da hizkuntz eskakizunak beteten ez dabezan irakasleak libre ixten dauzana: “liberalismo abertzalea”, beraz. Meza ostero dominoan ibilteak ez dau esan gura “domino efektua” zer dan dominau behar danik. Eta lehenengo pieza laster jausiko da mahaiari golpeak emoten segidu ezkero.

Eta zelan hartuko leuke Europak pelotea beste bat gehiagogaz banandu beharra? Kato, kato... Euskal Herria. Alda daigun jolasa. Ohituta gagoz “gordeka-gordekara” olgetan, baita “polis eta kakosera” be. Edo danok olgetan dogu edo zulotu daigun baloia. Primirik barik. Eta hori bai, patioa danona da, nahiz eta gero batzuk zibeagaz bueltaka ibili edo beste batzuk garbantzokiaz. Txikira paso. Jokorik ez.

Xabier Paia

Euskerea berbagai atalak Leizarraga eta Lazarragaren hizkuntzearen ganeko kontuak baino ez ei dauz aztertu behar. Eta oraingoan be, holantxe egingo dogu. Izan be, hizkuntzea arlo guztietan dago presente. Akaso, ez gura bezain beste, baina euskereak bere lekutxua dauka Euskal Herriko hainbat herritarren eguneroko bizitzetan. Politikeak legez, hain zuzen be.

Igaz Gasteizko Legebiltzarrean Ibarretxe Plana onartu ostean, erabagi horrek euskerearen etorkizuna baldintzatu eban errotik, baina ez daigun pentsau baldintzatzea negatiboa danik. Hogeita hemeretzi botu gerra zibilaren alde eta 35 kontra. Eta guri ez jakuz gustetan hippien lema leloak holakoetan. Izan be, Madrilgo Gobernuak zein oposizinoak ezin argiago itxi dau oposizinoaren etimologia praktikoa. Ez, ez eta ez. Eta Ibarretxeri bardin deutso; Espainiako Jon Karlaren inbiriz, bere guretxeko bigarren saloiaren bazter batean agertu eta Scatergorisa berea dala esan dau. ‘Erre: Espainiako gorteek itxi zein ez egin leiken galdera bakarreko inkesta masiboa: Erreferenduma.’ Eta itauna zein hizkuntzatan egingo da? Edo hobeto esanda, egungo Euskal Herria ikusita, zenbat hizkuntzatan inprimiduko dira papertxuak? Scatergoris orduan Tabu bihurtzen da.

Pentsau daigun une batez, galdeketea egin eta BAI (eta ez BYE) txartel mordo handi batek urteten dauala! Europako Batasuna ez bada, Jaungoikoak krokodilo andana bat iminiko baleu Ebro eta Aturrin eta holan lur zatitxu bat eukiko bageunke (geuk be Riskean ibilteko eskubidea daukagu), zer pasauko litzateke euskereagaz? Txillardegi be konturatu danetik, euskerea jakin eta erabiltea eskubide besterik ez da izango euskalherritar libre(ki)-asoziatukideentzat. Horrenbeste ez al da orain be? Eta nahiko ete da oraingo egoerea? Eta orduan ez da aldatu behar? Une horretan bizitzeak Triviala emoten dau: galderaz betetako tableroa. Galdera entzun eta erantzuna dakizula pentsetan dozu, baina idazkiari buelta emoten deutsazunean, beherala ikusten dozu egia eta jakintza absolututik zerumugatik baino urrunago zagozala. Eta hainbeste duda eta erantzun bako itaunen aurrean, normalena berbaz oka hasi edo Okaren jolasean hastea da: “zubitik zubira, korrontearen harira”. Pentseteagaz gogaitu eta mendiak markautako bideari segiduten dautsagu. Baina hori ez da bidea.