The machinist
“The machinist” subkontzientearen boterearen ganeko istorioa da, kontakizunaren protagonista penatuaren adimenetik zehar egiten dan biaje zoragarria, hatan be. Trevor-ek urtebete egin dau begirik batu barik eta etsipenak gura barik eroan dau ondo be ondo igarten dan gainbehera fisiko eta mental gogor batera. Protagonistea loaren eta itzartu-aldiaren arteko egoera bitxi eta lauso batean bizi da eta beraren gomutak eta pertzepzinoak amaiera bako amesgaiztoa dirala emoten dau.
Filma thriller psikologikoaren generoan sartzen da, bizi izandakoaren eta amestutakoaren arteko bikoiztasunaren ildotik. Ikus-entzuleek errealidadea Trevor-en begietatik bereganatuko dabe; ondorioz, kolokan imini behar izango dabe ikusiko daben guzti-guztia.
Antzezleen lana aitatzekoa da; Bale-ren jarduna zoragarria da, beti be filma egin ahal izateko hogeita hamar kilo galdu behar izan ebazala bazterrean itxita. Antzezle honek filmaren maila ilun eta bildurgarriari ederto eutsi deutso. Era beratan, Jennifer Jason Leigh-ek lan txukuna egin dau prostituta ulerkorraren zereginean eta Aitana Sánchez-Gijón-ek egiteko garrantzitsua bete dau aireportuko kafetegi bakartian.
“The machinist” filmak eskaintzen deuskun istorioa beharbada ez da lar originala, baina ederto buztartzen diran osogaiz egindako pelikula adimentsua da. Iluna baizen erakargarria; ez jatzue damutuko.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Brad Anderson.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 102 minutu.
- Antzezleak: Christian Bale (Trevor), Jennifer Jason Leigh (Stevie), Aitana Sánchez-Gijón (Marie), John Sharian (Iván), Michael Ironside (Miller), Larry Gilliard (Jackson), Reg E. Cathey (Jones), Anna Massey (Shike), James DePaul (Reynolds), Matthew Romero (Nicholas), Craig Stevenson (Tucker), Colin Stinton (Rogers).
- Gidoia: Scott Kosar.
- Argazkia: Xavi Giménez.
- Muntaia: Luis de la Madrid.