Gosearen kontrako burrukea
Urtenbide bikotxa
Berekoikeriagaitik besterik ez bada be, FAOk uste dau arazoa ikuspuntu pragmatiko batetik oratu eta giza hondamendi honek 500.000 milioi dolarreko diru sarreren galerea dakarrela pentsau behar dala. “Produktibidade defizit hau Estadu Batuak bat-batean desagertzeak ekarriko leukenaren antzekoa da”, argitu dau Diouf-ek. FAOk hainbat herrialde pobretan egindako beste kalkulu baten arabera, gaur egungo iodo, kaloria eta proteina falteari eusteak herrialde pobre bakotxaren BPG % 15 murrizten dau kasu batzuetan.
Txostenean behin eta barriro aitatzen da goseari aurre egiteko beharrezko baliabideak oso txikiak dirala burruka horrek sortu eragingo leukezan etekinen aldean. FAOk zehaztu gura izan dau inbertidutako dolar bakotxa bostez biderkatu leitekela eta gero hogeiz.
Zelan erabili dirua desnutrizinoa gitxitzeko? FAOk dino berehalako aurrerapauso arinak emon daitekezala estrategia bikotx bateri oratuta: nekazaritzako produkzinoa sendotzea eta egoera larrietan dagozan personarik ahulenei laguntzea. Sistema horrek nahiko emoitza onak euki dauz 30 herrialde pobretan eta, ondorioz, hamarkada batean gosea % 25 gitxitzeko gauza izan dira. “Badakigu jakin zelan desagertu eragin behar dan gosea. Borontate politikoa falta da eta arazoari lehentasunez heltzea”, esan eban Hartwig de Haen-ek, FAOko zuzendariordeak.
Egoerea: munduan gosea pasetan daben 852 milioi persona dagoz. Gehienak, 815, garatu bako herrialdeetan dagoz, 28 garapen bidean dagozan herrialdeetan eta 9 herrialde aberatsetan.
Plana: FAOk 1996an gosea 2015erako erdira gitxitzeko helburua ezarri eban, baina plana ez doa bide onetik. Dana dala, erakunde honen eretxiz, oraindino helburuak beteteko astia dago, estaduek diru gehiago emoten badabe.
Baikortasun apur bat: gosea ez da gitxitu, baina galgea imini jako. Azken hamarkadan gosedunen kopurua 18 miloetan “baino” ez da handitu. FAOk azpimarratu dau garapen bidean dagozan 30 herrialde gosea % 25 gitxitzeko gauza izan dirala.
Begiluzea
Urtero legez, nekazaritza eta elikadurarako Nazino Batuen menpeko erakundeak, FAOk, gosearen ganeko txostena aurkeztu eta betiko datu bildurgarriak ostera be aitatu dauz, personak ez eze, gobernuak be hunkitzeko itxaropena galdu barik. Kopuruak ikaragarriak dira: 852 milioi personak ez daukie zer jan eta bost segundurik behin ume bat hilten da gosearen ondorioz. Goseteen “potentziarik handienak” India eta Txina dira, 221 milioi eta 142 milioi gosedunegaz, hurrenez hurren.
Txostenak oinarrizko hiru baieztapen hartzen dauz abiapuntutzat. Lehenengoa: gosearen kontrako burrukea txarto doa, oso astiro egiten dau aurrera. Bigarrena: edozelan be, herrialde pobre askok gosea murriztu eta arrakastea lortu daitekela erakusten dabe. Hirugarrena: gehiagorik egin ezean, gosearen kostu ekonomikoak gero eta handiagoak izango dira.
Azken faktore hori, gosearen prezioa, barrikuntza bat da. Nazino Batuen teknikariek urtero-urtero ahalegin handiak egiten dabez argudio sinisgarriak topetako eta aurten munduko desnutrizinoaren kostua kalkulau dabe. “Lehenengo aurreikuspenen arabera, gosearen zuzeneko kostua 30.000 milioi dolarrekoa da, hau da, HIESA, malaria eta tuberkulosiaren kontrako mundu fondoaren kopuruaren halako bost”, adierazo dau FAOko zuzendari nagusiak, Jacques Diouf-ek. Beste datu izugarri bat: urtero-urtero pisu nahikorik ez daukien 20 milioi ume jaioten dira. Hilten ez badira, elbarritasun fisiko eta mentalak euki ohi dabez.