Begiradatxu bat Arte Eder Museoko urte barrirako aurreikuspenei
PARIS ETA SURREALISTAK
2005eko bagilaren 20tik irailaren 18ra
PARIS ETA SURREALISTAK erakusketea hirurehun lan inguruk osotzen dabe: pinturak, eskulturak, argazkiak, topautako objektuak, collageak, arte primitiboa, arte herrikoia eta naifa, dokumentuak, pelikulak... Danak be, mobimentuaren garapenerako funtsezkoak izan ziran gai batzuren inguruan egituratuta dagoz: automatismoa, amesa eta inkonzientea, gauza ikaragarriak, zoria, zoramena eta eldarnioa, edo teknika artistiko barriak.
Obra aukeraketa zabal horren bidez, ikusleek mobimentu surrealistearen lehen manifestu urratzaileen barri eukiko dabe, sortzaile eta diziplina artistikoen arteko loturak ezagutuko dabez, garaiko politikeagaz euken hartu-emon korapilatsuen barri izango dabe eta obra surrealistek geroagoko manifestazino artistikoetan itxi eben aztarnea ikusteko aukerea eukiko dabe.
Erakusketako artisten artean, aitzindarietatik hasi eta protagonistetara heldu arte, André Breton, Yves Tanguy, Francis Picabia, Man Ray, Victor Brauner, Roland Penrose, Giorgio de Chirico, Jean Arp, Oscar Domínguez, Alberto Giacometti, René Magritte, Dorothea Tanning, Remedios Varo, Lee Miller, Meret Oppenheim, Salvador Dalí, Marcel Duchamp, Max Ernst, Dora Maar eta Joan Miró topauko doguz.
Pasa dan mendeko bigarren hamarkadearen amaieran, margolari, argazkilari eta zine zuzendari asko Parisen batu ziran. Momentu haretatik aurrera, eta hirurogeiko hamarkadea nahiko aurrera joan arte, mobimentu surrealisteak sormen eferbeszentzia handia biztu eban, ez bakarrik irudien inguruan, ezpada ideien inguruan be.
Erakusketearen helburua Surrealismoaren aurkikuntzetatik egindako ibilbide bisuala eskaintzea da. Ikuspegi estetiko hutsagaz batera, planteamentu teorikoetara hurreratzeko ahalegina egingo da, surrealismoaren mentalidadetik bertatik. Ganera, gerra arteko Pariseko testuinguru artistiko eta intelektualean zentrauko da, garai haretan euki eban-eta Surrealismoak momenturik gorena.
BRITISH POP
2005eko urriaren 17tik 2006ko zemendiaren 12ra
‘Pop art’ terminoa hirurogeiko hamarkadearen hasieran hasi zan esanahia hartzen, eta masen kultura bisuala definiduteko erabili zan.
Ipar Amerikako arteagaz identifikauta egon arren, joandako mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan dauka jatorria, Erresuma Batuan. Momentu haretan, Richard Hamilton, Eduardo Paolozzi eta Peter Blakek, besteak beste, pinturak, eskulturak eta collageak egin zituen, danak be zirkoan, burruka librean, zinean, rock musikan eta egutegi zein aldizkarien irudi herrikoietan inspirauta.
Ingalaterrako Pop-aren talde nagusia osotu eben 1959 eta 1962 artean Londreseko Royal College of Art eskolan batera ibilitako artistek. Horreen artean egozan David Hockney, R. B. Kitaj, Patrick Caulfield, Allen Jones edo Peter Phillips.
BRITISH POP erakusketeak hogei bat artista batuko ditu, eta gaur egunera arte Ingalaterrako Pop-ari egin jakon berrikusketarik handiena izango da. Modu horretan, erakusketeak argi erakutsiko deusku zein izan zan Ingalaterrak mobimentu horreri egindako ekarpena.
Ehun obra ingururi esker -hirurogeita hamabost bat pintura eta eskultura, eta lan grafikoari eskainitako hogeta hamar obratik gorako beste sail bat (grabaduak, collageak eta marrazkiak)-, Ingalaterrako Pop-aren ordezkaririk nabarmenenek erabilitako irudiak eta prozesu teknikoak aztertuko dira.
Julen Gabiria
2005erako, Bilboko Arte Eder Museoak hiru erakusketa nagusi preparau ditu, berbaldi zikloak eta zinematekako ekitaldiak albo batera itxi barik. Aitatutako erakusketon barri emongo dogu gaur, bakotxaren ezaugarriak sakon aztertuta.
DANIEL VÁZQUEZ DÍAZ 1882-1969
2005eko zezeilaren 21etik maiatzaren 29ra
DANIEL VÁZQUEZ DÍAZ erakusketa monografikoa antologia legez sortu da eta ehun bat olio-pinturek osotzen dabe, bai eta marrazki eta akuaforte sorta garrantzitsuek edo material dokumentalek be (argazkiak, idatziak, eta abar). Helburu nagusia pintorearen produkzinoaren gainbegiratua emotea da, garaiko pinturea barritzeko lanean euki eban garrantzia agerian itxiz.
Pinturearen inguruko lehenengo ikasketak Sevillan jaso ostean, Daniel Vázquez Díaz (Nerva, Huelva, 1882- Madril, 1969) Parisera joan zan, eta bertan bizi izan zan 1906 eta 1918 artean. Han egoala, Picasso, Juan Gris eta Modigliani ezagutu zituan, eta, besteak beste, Zuloaga, Durrio, Echevarría eta Zubiaurre anaiakaz egon zan hartu-emonetan. Urte horretako udabarrian Hondarribian egon zan lau hilabetez, eta hain hunkituta gelditu zanez Euskal Herriko paisaiagaz, uda guztietan etorten hasi zan. 1918an Madrilera joan zan biziten, horma-irudietako irakasle ibili zan beharrean San Fernandoko Arte Eder Eskolan eta eragin handia izan eban beste margolari batzuekan. Adiskidetasun handia euki eban Juan Ramón Jiménez, Moreno Villa edo Rafael Albertigaz, eta hareen liburuak ilustrau zituan. 1924an La Rábida (Huelva) monastegiko freskoak egiteko enkargua emon eutsien.
XX. mendearen lehen erdialdean, Vázquez Díaz Espainiako kultura artistikoaren oinarrizko figuretako bat izan zan, eta hogeiko eta hogeta hamarreko hamarkadetako abangoardiak eta mobimentu barritzaileak osotu ebezan pintore askoren erreferentzia nagusia. Trantsizinoko figura izan zan aldetik, tradizinoa eta modernotasuna buztartzen jakin eban, Cézanneren estetikearen oinordekoa dan estilo personalagaz. Estilo horren ezaugarri legez, aitagarria da figuren sinpletasuna eta zuriz eta grisez osotutako paletearen erabilerea.