Jan-edanak  IV. urtea // 92. zenbakia

Errioxako ardao baltzarentzako legamiak bakartu dabez lehenengo aldiz


Hiru legamiak Valentziako Espainiako kultibo tipoen bilduman erregistrauta dagoz eta CIDAren legamia autoktonoen bankuan gordeta.

Errioxako nekazaritza kontseilaria dan Jabier Errok eta Doménech Estevak, “Lallemand BIO, S.L.” entrepresako zuzendariak, hitzarmen bat sinatu dabe eta, horren arabera, “Eccysa” kontseilaritzari lotua dagoan nekazaritzako elikagaien entrepresak “Lallemand” S.L. entrepresari emon deutsoz hiru legamiok Espainian zein nazinoartean merkaturatzeko eskubideak.

Sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Lallemand entrepresak urtero 15000 eurotik gora gehi salmenten etekinaren % 5 emongo deutsoz Errioxako kontseilaritzari. Diru hori I+D ikerketa eta garapenerako erabiliko da.

Imanol Sarasola,
enologoa

Errioxako (CIDA) Nekazaritzaren Garapenerako ikerketa zentroak, ardao baltza egiteko hiru legamia autoktono bakartu ditu. Legamiak, Errioxako jatorrizko izendapenean lehenengo aldiz erregistrau dira eta jatorrizko izendapeneko ardao baltzen ezaugarriei eusteko eta kalidadea hobetzeko oso aproposak dira.

Legamia horreek CIDAn lau urteren buruan eginiko ikerketearen ondorioa dira. Jatorrizko izendapen kalifikatuko (JIK) Errioxako 15 upategietatik jasotako 1500 mahats landaren legamia baino gehiago bakartu ziran eta aurretiaz inoiz erabiliak izan ez diranak elaborazinorako.

Ikerketen ostean, Errioxako ardao baltzen hartzidura alkoholikorako egokiak izango ziran hamalau klon egoki aukeratu ebezan.

Azkenengo pausua, legamia horreen erantzuna laborategitik kanpo probetea izan zan industriara igaro aurretik; legamia horreen portaera enologikoa eta ardao elaboratuen kalidade organoleptikoa aztertzea izan da helburua. Ondorioz, hiru klon legamia aukeratu ebezan Errioxako JIKko ardao baltzaren ezaugarriak hobetu eta mantentzeko aproposak diranak; horrezaz gan, Lallemand S.L. konpania kanadiarrak munduko beste inguru ardaogile batzuetako upategiei legamia naturalak eskainiko deutsez ardao baltzarentzako aproposak izateagaitik.

Aukeratutako hiru legamietako bat, ardao gazteak egiteko aproposagoa ikusten dabe, izan be, berezitasuna ezaugarri aromatikoak dira.

Beste bat kriantzak egiteko izan daiteke aproposa, izan be, ezaugarri nagusia koloreari emoten deutson sendotasuna da; eta hirugarrena, baldintza klimatiko gogorreko mahats-bilketetan erabilteko izango litzateke aproposa, tenperatura altuei aurre egiteko eta gradu alkoholiko altuak jasoteko be aproposa baita.