Whisky
Cannesko zinemalditik igaro eta munduko hainbat zinemalditan sariak eta kritika onak jaso eta gero, Uruguaytik heldu jaku, Juan Pablo Rebella eta Pablo Stoll zuzendarien drama hunkigarri eta zirraragarri hau. Istorio apal baizen benetako baten bitartez, hiru personairen bizitzara eroango gaitu. Personaia horreetariko bat, Jacobo da, galtzerdien fabrika bateko jaubea; bigarrena lantegian behar egiten dauan Marta, behargin fin eta esanekoa, une horretara arte jaubeagaz lan hartu-emon hutsak besterik euki ez dauana. Baina, ohikerian eta isiltasunean oinarritariko mundu hori mehatxatuta dago Brasilen bizi dan Jacoboren anaiaren bisitaldia dala eta.
Gauzak holan, ohikeria eta monotoniaren ganeko istorio honek drama malenkoniatsu baterako saltoa egingo dau, Jacobok Martari anaiaren aurrean emaztearen itxurak egiteko eskatzen deutsonean.
Apurka-apurka ezinikusiak eta gorrotoak agertzen hasiko dira, bakotxa bere erara ezkutatzen ahalegindu arren. Kontakizuna angelurik sinpleenetatik eta adikune nahiz alkarrizketarik ostenduenetatik abiatuko da. Hirurak persona bakartiak dira, ia-ia abandonatuak eta betiko bizitzeari emonak.
Film honen gauzarik interesgarriena horixe da: hiru protagonisten adierazpideak. Irudiak nahiko geldoak dira, eszena batean zehar plano berean geratzen dira, adikune eta keinu bakotxa ikusteko aukerea emonaz. Whisky-k kritika onak euki dauz istorio sinisgarria dalako, hurrekoa eta egiazkoa. Beharbada deskribiduten dauzan personaiak baizen gris eta monotonoa.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Juan Pablo Rebella eta Pablo Stoll.
- Herrialdeak: Uruguay, Argentina, Alemania eta Espainia.
- Iraupena: 94 minutu.
- Antzezleak: Andrés Pazos (Jacobo Köller), Mirella Pascual (Marta), Jorge Bolani (Herman Köller), Ana Katz (Graciela), Daniel Hendler (Martín), Verónica Perrota, Jorge Temponi, Alfonso Tort, Ignacio Mendy.
- Gidoia: Juan Pablo Rebella, Pablo Stoll eta Gonzalo Delgado Galiana.
- Argazkia: Bárbara Álvarez.
- Muntaia: Fernando Epstein.