Azpigarapena eta ahaztutakoak astindu dituan lurrikarea
Kontuak kontu, hondamendiaren barria bigarren mailan be geratu da daborduko barri politikoek eta edur ekaitzaren erruz errepide bazterretan ez atzera ez aurrera geratu diran milaka lagunen barriak aurrea hartuta. Ez dau emoten gabonetan gagozanik be.
Lurrikara eta itsasikarek eragindako hondamendiaren sustraietara joan beharko ginateke, kaltetutako herrialdeen azpigarapen eta bazterkeria egoerara hain zuzen. Aste batzuk barru, gitxi batzuk baino ez dabe ondo gogoan eukiko ezbeharra eta laguntzinoa be urritzen joango da. Momentu horretan, inguru hareetako herritarrek zelan edo halan egin beharko deutse aurre errealidadeari eta ama naturearen gurarien pentzutan geratuko dira barriro.
Zigor Aldama
Lurrikara eta itsasikarek Japonia astindu izan balebe, ondorioak zelakoak izango litzatekez? Duda barik, askosaz txikiagoak. Jakina, Asiako hego-ekialdean ez dago etxe orratz modernorik eta aurrearreta plangintza zehatzik, egur eta banbuzko etxe txikiak baino.
Igaz, bolada honetan, gabon giroan Sumatra iparraldean zehar gebiltzan, oraintsu Asia hegoaldea hankaz gora itxi dauan lurrikarearen erdigunea izan dan lekutik hur. Momentu haretan uriola bildurgarriak izan ziran Indonesia iparraldean eta hildakoak ehundik gora. Geroago, Iraneko Bam urian sekulako ezbeharra izan zan, 30.000 hildako eragin ebazan lurrikarea hain zuzen be.
Urtebetegarrenean, barriz, hondamendia historiako handienetakoa izan da, oraingoan lurrikareak eta ondorengo itsasikarek Asiako hego-ekialdeko zazpi lurraldetan eragindakoa. Aurrearreta zentru modernoek hiru ordu lehenago atzemon leikiezan fenomenoak dira tsunamiak, denpora nahikoa inguruak jentez hutsitzeko baina holakorik han ez dago eta ezbeharra sekulakoa izan da. Tailandia eta Sri Lanka lako paradisu turistikoak infernu bihurtu dira.
Asiako hegoaldean egurrez, galtzuz eta banbuz egindako milaka etxe ahul dagoz eta hor bizi dira gehienbat arrantzaz bizimodua ataraten daben milaka edo miloeka lagunak. Etxebizitza horreek, jakina, ez daukie bape zerikusirik Japonia, Malasia edo Singapur lako urietako etxe orratzakaz. Pentsau geinke, beraz, lurrikara horrek aitatutako lurraldeak astindu izan baleuz ondorioak bestelakoak izango litzatekezala, askosaz arinagoak seguru. Hildakoak ez ziran pilatuko hondartzatan eta, esandako moduan, hondamendia ez zan hain handia izango. Barriro be, planeteak edo ama natureak gogor jo dau behartsuenen kontra eta itsosoak aurretik eroan dau guztia. Ganera, goizeko zortziretan, arrantzaleak itsasoratzeko prest egozanean eta umeak eskolara joiazanean sortu zan ezbeharra.
Gauzak holan, Phuket lako leku turistikoetako kale jentetsuetan hondatutako autoak, sustraietatik ataratako palmerak, hauts egindako etxeak eta zaborra baino ez dago. Itsasoko ur garbiak kolore marroia hartu dau eta herritarrak hara eta hona dabiz, noraezean, senide eta lagunen bila. Bien bitartean, turistak aireportuetan pilatu dira infernutik eta izurriteen mehatxutik hanka egin guran. Bertako herritar gizajoei sufrimentua baino ez jake toketan orain eta oraintsura arteko maila turistikoa bardintzeko be denporea pasauko da. Zorionez, nazinoarteak dirulaguntzinoa bideratuko dau ze Asiako hegoaldeak ez dauka indarrik ezta borondaterik be bertako agintarien aldetik. Beharrizan handiak dagoz eta herritarrek garrasi egin arren, ez dabe erantzunik jasoten. Subertearen pentzutan dagoz eta han, zoritxarrez, subertea ez dabe alde eukiten.
Esandako moduan, nazinoarteak aparteko ahaleginak egingo ditu kaltetutako herrialdeei laguntzeko eta egunotan jatekoak, botikak, mantak eta bestelakoak helduko dira paraje hareetara. Gobernuz kanpoko erakundek be kontu korronteak zabaltzen dabez, mendebaldeko herritarrek hango irudi gordinak ikusita eta gabon giroan gagozala kontuan hartuta, txanpon batzuk ipini dagiezan.