The bridge of San Luis Rey
Thornton Wilder-en klasiko baten oinarrituta, “The bridge of San Luis Rey” izar eta antzezle bikainez beteriko filma da, duda izpi barik. Dana dala, beste kasu askotan jazoten dan lez, antzezleen jarduna txukuna izanagaitik be, neurri honetako literatur lana zinera egokitzea gatx-gatxa izan da eta emoitzea behar baino askoz be kaskarragoa.
Pelikulea XVIII. mendeko Liman girotuta dago. Abade batek liburu bat idatzi dau San Luis Rey zubitik jausi ostean hil diran bost personen bizitzen inguruan. Baina sasoi horretako inkisidoreek liburua ez dabe bape gustoko izan eta egile frantziskotarra epaituko dabe. Epaiketan abadeak bost persona horren bizitzearen barri emongo dau, flash-back-ez baliatuta. Horixe da filmaren abiapuntua. Eta gaia jakingarria izan daitekela emoten dauan arren, personaien bizitzek ez dabe interesgarritasunik sortu eragiten, erritmoa guztiz motel eta geldoa da eta bilbea iluna eta grisa.
San Luis erregearen zubiak misterioaren, sekretu politikoen eta maitasunaren ibarretatik zehar igaro gura dau, erakargarritasunaren ildoari jarraituz. Edozelan be, Javier Agirresaroberen argazkigintza lan zoragarria gorabehera, loak hartzeko moduko film gogaikarria baino ez da.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Mary McGuckian.
- Herrialdeak: Erresuma Batua, Espainia eta Frantzia.
- Iraupena: 124 minutu.
- Antzezleak: Robert De Niro (Limako gotzaina), F. Murray Abraham (Peruko erregeordea), Kathy Bates (María andrea), Gabriel Byrne (Junípero anaia), Geraldine Chaplin (abadesa), Émilie Dequenne (Clara andrea), Adriana Domínguez (Pepita), Harvey Keitel (Pío), Samuel Le Bihan (Vicente jauna), Pilar López de Ayala (Camila Villegas), John Lynch (Alvarado kapitaina).
- Gidoia: Mary McGuckian; Thornton Wilder-en “The bridge of San Luis Rey” nobelan oinarritua.
- Argazkia: Javier Agirresarobe.
- Muntaia: Kant Pan.