'Ona ardua, nahastau arte burua'
Garagardaoaren kontsumo arduratsua
Handiagoak entzun behar doguz
Ezer baino lehen, osasunerako ona dala atxakia aurretik ipinita, kontsumoaren alde egitea eta, ondoren, barriz, gehiegizko kontsumoak kalte egin leikela eta kalte gehiago egingo deutsela edateko ohiturarik ez dabenei esatea kontraesan garbia da. Guzurretan ibili beharrean, esan daiela egia kanpaina hori pentsau dabenek: asmoa jenteak gero eta garagardao gehiago edatea baino ez da; jakina, bakotxak bere negozioa jagoten dau, eta hor konpon!. Informazinoaren edo desinformazinoaren gizarte honetan, bakotxak badaki edo jakin behar leuke behintzat bere gorputzagaz zer egiten dauen eta inori zer egin behar dauen esateko ezelako asmo barik, kanpaina hau gehiegizkoa begitantzen jat. Kontsumo arduratsuaren alde egitea ondo dago, baina mugak nork ipinten ditu gero? Alkoholaren atzaparretan jausten garanean edo arazoak sortzen diranean, erantzukizuna nori jagoko, estadu osoko zinema aretoetan era horretako iragarkiak emotea, ume eta gazte asko ikusleen artean egongo dirana kontuan hartuta? Hau guztia, serioa begitantzen jatzue? Herri honetan dana dago libre? Non dagoz mugak? Ez dogu errespeturik merezidu? Zinema aretoetan garagardaoaren kontsumo arduratsua zabaltzea bidezkoa da? Edan barik ez dakigu disfrutetan?Edatea kultur-egintzea ete da, gizarte-hartu-emonetarako nahitaezkoa?...
Bonny
Euskal Herrian kultur egintzea da edatea, gizarte-hartu-emonetarako nahitaezko egintzea, eta historian, herritarren artean, ondo sustraituta dagoana. Euskal Herriak gitxiago edango baleu, Europako edozein herriren antza hartuko leuke eta nortasunik bako Herri bihurtuko litzateke. Alkohola ez da drogea. Edatea ona da osasunerako, neurria hartzen badeutsagu behinik behin. Holango astakeriak eta handiagoak be entzun izan doguz sarri, baina gure gizartean alkoholak eragiten dituan arazoen ganeko kontuen barri heltzen jakunean, zur eta lur geratzen gara gure arazoa ez balitz moduan; edozelan be, alkoholikoen zerrendara batu bako asko eta asko alkoholismoaren sarean jausteko arriskuan dagoz, eta gazteen egoerea larriagoa da oraindino (edan barik disfrutetan ez dakian gizataldea). Martxa horretan jarraitu ezkero, zoritxarrez urte batzuk barru, ustelduta egongo dan gizartea izango gara (batzuen gozamenerako). Hori guztia, azken urteotan, nabarmen gora egin dauen bestelako droga batzuen kontsumoa aztertzen hasi barik.
'Bits apurra, zentzutasuna'
Publizidadearen arloan, kanpaina basatiak eta zentzunik bakoak egin dira orain arte alkoholdun edarien eta tabakoaren kontsumoa suspertzeko asmoagaz, eta asmau dabela esan leiteke, ze gaur egun gitxi egongo dira-gara munduan inoiz alkohola edo tabakoa probau ez dabenak-dogunok. Tabakoa eta ganerako drogak sekulako negozioa izan dira beti, eta horreen kontra egitea alperreko beharra da, besteak beste, diru iturri galanta diralako eta interes asko dagozalako tartean. Orain, barriz, hasi dira publizidade kanpaina erraldoi horreei mugak ipinten eta zeozertarako balioko badabe be, beharra eginda dago, eta milaka, miloeka dira munduan drogen sarean dagozanak, batzuk urten ezinik eta beste batzuk, ostera, urten gura ez dabela.
Oraintsu jakin dogu Euskal Autonomia Erkidegoko 88 zinema aretotan eta Estadu osoko 1.500 aretotan 5.600 iragarki baino gehiago emon behar dituela 'Bits apurra, zentzutasuna' kanpainearen hirugarren aldian. Ekimen hau Espainiako Garagardaogileen Alkartearen, Espainiako Ostalaritza Federazinoaren eta Espainiako Kontsumitzaileen Alkartearen laguntzinoagaz aurkeztu dabe. Helburua: gazteen artean, garagardaoaren kontsumo arduratsua zabaltzea.
Gorago aitatutako alkarte horreek esan dabenez, iragarkiagaz garagardaoaren alderdi positiboak erakutsiko dira, euren esanetan, dibersinoa edo jostaketea eta neurrizko kontsumoa osogarri diralako.
Jacobo Olalla Espainiako Garagardogileen zuzendari orokorraren eretxiz, gazteen artean 'kontsumo ohitura arduratsuak' zabaltzea behar-beharrezkoa da. Espainiako Kontsumitzaileen Alkarteko zuzendaria dan Cesar BraƱaren eritxian be nahitaezkoa da gazteak arlo honetan behar dan moduan hezitzea. Ekimen honen bitartez, 'gazteakanako konpromisoa adierazoten dogu', Jose Luis Guerra Espainiako Ostalaritza Federazinoko zuzendariaren esanetan.
'Guztion osasuna eta bizi-kalidadea kontuan hartuz' pentsautako kanpaina hau antolatu dabenen esanetan, ikerketa zientifiko batzuen arabera, garagardaoaren kontsumo arduratsua ona eta onuragarria da osasunerako, ze produktu naturala da, eta ardaoa edo likoreak baino hobea bihotz-arazoetarako, homozisteina-mailea gehiegizkoa izatea ebitetan dau eta. 'Garagardaoa edari osasuntsua eta naturala da, graduazino alkoholiko oso bajua dauena'; hori bai, legearen aginduz antolatzaileek esan dabe gehiegizko kontsumoak osasun arazoak eragin leikezala, eta alkoholdun edarien eragina nabarmenagoa dala edateko ohiturarik ez daben personakan.