Mamuez beteriko garunak
Jainkoa eta mamuak
Sinismen edo siniskeriek zalantzazko estimuluak esangurez beteteko jokaerea handitzen dabe. 1996ko irailean Floridako eraikin bateko kristal erdi garbituetan Ama Birjinearen irudia agertu ei zan; milioi erdi sinistun batu zan irudia ikusteko. 2003ko urtarrilean, ehundaka persona batu ziran Sydneyko hondartza batean 300 metrora egoan egurrezko hesi bati begira; izan be, asaotik ikusita, hesian Birjinearen silueta bat ikusten ei zan.
Edozelan be, kultur arrazoiak dirala eta, baten batek existiduten ez diran ereduak topetako jokaera handiagoak eukita be, horrek ez dau esan gura beste guztiok fenomeno honetatik libre gagozanik. Izan be, inor ez da honetatik libretan, gure garunaren berezko ezaugarri eta ahalmena dalako. Prozesu kognitibo eta pertzeptiboak unibersalak dira gure espeziearen barruan.
Begiluzea
Zelan edo halango estimuluetatik itxura eta adierazpide zehatzak igarteko gaitasunak existiduten ez diran gauzak entzun eta ikusi eragiten deusku.
“Hainbat lagunek aldarrikapen satanikoak entzun dabez rock musikan” esan eban Londresko Unibersidadeko Christopher French psikologoak. Eta entzutegian Led Zeppelin-en “Stairway to heaven” kantearen zati bat entzun ahal izan zan, iruntzitara ipinita. Psikologoak entzuleei itaundu eutsen ia inork entzun eban Satan berbea. Persona talde txiki batek eskua altzau eban. Kantea bigarrenez entzun ahal izan zanean, ia gehienek identifikau eben berba hori. Berbaldira joanikoek ez eben uste 'Stairway to heaven' kantan mezu satanikorik egoanik, baina azkenean guztiek entzun eben berba ospetsua, psikologoak horretara bideratu ebezalako.
Autoengainuaren ganeko berbaldi horretara joanikoak ohiko jazokizun baten biktimak izan ziran, hau da, hodeietan animaliak eta marmoletan aurpegiak ikustea ahalbideratzen deuskun fenomeno ezagunaren biktimak. “Pareidolia” izena emoten jako eta estimulu anbiguo batetik gauza zehatza (aurpegi bat, soinu zehatz bat...) igarteko bidea emoten deusku. Begia argazki kamera baten antzera eta belarriak grabagailu baten antzera dabilzala esan ohi da. Psikologiak, ostera, aspalditik daki hori ez dana egia. Gure garuna ereduak topetako preparauta dago, batzuetan existiduten ez badira be. Kaosean zelan edo halango ordena topetako jokaera inkontziente hori frogauta dago ikusmen nahiz entzumenaren kasuan.
Eboluzinoaren abantaila
Jaiobarriakaz egindako ikerlanek egiaztatu dabe umeek giza arpegi baten antza daukien estimuluak gurago dabezala, arpegi hori paper batean margoturiko puntu biz, lerro bertikal batez eta beste lerro horizontal batez osotuta egoteagaitik be. Jaiobarriek arpegia ez dana arpegitzat hartzeko daukien jokera horrek gaitasun hori berezkoa dogula erakusten dau. Baina “pareidolia” fenomenoan kultur ezaugarriak be sartzen dira; gauzak holan, gure sinismenek eta aurreikuspenek zuzen-zuzenean eragiten deutsie igarri edo sumatzen dogunari. Sartaldeko kulturan Ama Birjinea sarri-sarri agertuko da eta Sortaldean Buda.
Baina, gure garuna zergaitik ahalegintzen da forma zehatzak topetan holakorik ez dagoan lekuetan? Adituek dinoe gaitasun hori ebuluzinoaren abantaila bat izan zala. Gure arbasoek sasien artean orban beilegi bat ikusten ebenean, berehala egingo eben ospa, tigre bat kukuka eukielakoan. Seguru antzean, sasi arteko hori ez zan tigrea izango, baina holako estimulu bat sentiduta, iges egin izan ez balebe, azkenean edozein harraparirentzako jateko ona izango ziran.
Eboluzinoaren abantaila horrek kontrapuntua be badauka. Bigarren mailako eragin modura, gure garunak xehetasun ugariren artean gauza zehatz bat bakartzeko daukan eraginkortasuna sano handia da eta horrek, lantzean behin, arpegiak ikusi eragiten deuskuz holakorik ez dagoan lekuetan.