Berbea eta Haragia zimentarri
Edozelan be, herritarren gogoei ezin jake langarik jarri eta urteen joan-etorrian, inoz baino biziago dago, konpontzeko dago Espainia eta Frantzia lako Estaduak zer diran, nazinoen nazino, nazinoak, ... edo zer. Europako Batasunak Estaduen eskuduntza gero eta gehiago eskuratzeak be gertakari hori lagundu dau. Bada, ahuldu diran hageak barriro eregi guran, hizkuntza eta kultura bakarraren aldeko berbak entzun ohi dira, baina, ez gagoz XIX. ez eta XX. mendeetan. Izan be, holako hizkuntzak hiztun gehiago izatea, ustez kultur tradizino oparoagoa izatea ez dira egun helduleku nahikoak Europan. Herritarrak –ez hizkuntzak– dira eskubideen jaube.
Hizkuntzen ezagutzea bultzatuz, besteak beste, lurralde batetik bestera, herritarrak mobidu ahal izatea, alkar ezagutzea, bizikidetzea lantzea bilatzen da egun. Europa Bateratuan, halan, ez da hizkuntza bakar baten aldeko apusturik egin, izan be, batasun bidean ez zan urratsik egingo halan egin izan balitz, horrek sasoi bateko ezinikusiak barritzeko eta mendeetan gure kontinentea arrakalatu daben gatazka zahar barriak indartzen, ez beste ezertan, lagunduko leukeelako.
Berbearen bidez ezagutu geinkez munduak irudikatzeko moduak, eta berbearen bidez barriro eregi, bestelakoak izan daitezan.
Erramun Osa
“Gauza guztiak Berbearen bidez egin ziran, eta egindakotik ezer ez da berau barik egin” (Jn, 1, 3.) esaldi gogoangarria ez da egia, izan be, haragia berbearen aurrekoa izan zan, eta horrek murriztu egiten deuskuz bai munduaz dogun ikuskerea, bai arlo sozialari eta fisikoari buruz daukaguzan ikuskera inplizituak. Baina egia da berbearen bidez bakarrik ezagutu geinkezala mundua irudikatzeko modu horreek, aspaldikoak eta haragiztatuak, eta bakarrik berbearen bidez barriro eregi geinkezala. Eta, hori egiteko, beste kode ugariz eta kanpo irudikapeneko sistemez ganera, hizkuntzea erabili behar dogu.
Haragiak euskerea Nafarroako eremu batzuetatik eta herritarren ezpanetatik ezabatzeko asmoz, edozelako neurriak hartu ebazan. Horretarako, baina, hurreko iragana ezabatu guran ari diran guztiek bat egin behar izan dabe. Horreen artean, Europako Konstituzinoaren bidez –Itun barrituaren bidez, hobeto esan– euskerearen aitormen mugatuaren bila ari diran sozialistak. Ze, errazagoa da kanpoan itxurakeriarik handiena egitea –Estadu batzuen jarrerea dala medio, Frantziarena esate baterako, aurrera atarateko aukera oso urriak dituala jakinda, gehiago–, etxean, gitxiagotutako hizkuntzen alde erabagi eragingarriak hartzea baino, dala herritarren eskubideak baztertzen dabezan neurriak gainditzeko urratsak eginaz, dala norberaren ardurapean dagozan zerbitzu eta antzekoetan kultur eta hizkuntza aniztasunari begira jardunez, haragiak hamarkadetan hartu ebazan neurrien ondorioz desegituratu eta makaldu diran hizkuntza komunidadeak barriro eregiten lagunduz. Oraindino kitutu barik dirauen zorra da hori!
Mendeetan azpian hartutako herrien, barnean pilatutako hizkuntzetan ari ziran komunidadeen iragana baztertuz eta gogoa ahulduz, hizkuntza bakar baten jaube diran herritarrak tarteko, herri bateratua, nazino sentimendu bakarrekoa eratzen ahalegindu ziran indartsu, XIX. mendean batez be, Frantzian eta Espainian. Horretarako, administrazinoaz zein ejertzitoaz ez eze hezkuntzaz be baliatu ziran. Ikuspegi hori dago, hain zuzen, besteak beste, Nafarroako eta Estaduko agintari askoren gogoan. Izan be, Nafarroan euskerearen zabalkundea mehatxua da krisian, arrakalaz beteta dagoan Estaduaren izakerari eutsi guran ari diranentzat; beste horrenbeste esan geinke, Espainian Erkidegoetako hizkuntzak onartzeko ezelako urratsik egiteko borondaterik erakusten ari ez diranentzat, edota Frantziako agintarientzat.