Musikea  IV. urtea // 91. zenbakia

Inoren Ero Ni Europan dabil egunotan

Rock, post rock, punkrock euskalduna


Gotzon Uribe


Ez dira ez atzo goizekoak. Andoaingo Bap! taldetik sortu da Inoren Ero Ni proposamen barria. Pasa dan bagilean kaleratu zan Inoren Ero Ni taldearen lehenengo diskoa. Izen nahiko korapilotsu horren atzean kategoria handiko lau musikari ari dira: Mikel (bateria-jotzailea), Drake (baxu-jotzailea), Eneko (abeslaria) eta Borja (gitarristea). Lehen hirurak Andoaingo Bap! talde mitikoan ibilitakoak, eta Borja, barriz, Purr talde donostiarrean.

Egia esan, oso gatxa da Inoren Ero Ni musika estilo jakin batean sailkatzea. Esperimentazinoa da taldearen ezaugarri nagusia, eta esperimentazino horren barruan, ikuspegi zabala nagusitzen da. Orain hiru bat hilebete, urriaren 8an, taldeak lehenengo kontzertua emon eban Baigorrin, eta ondoren Lezon, Amsterdam-en, Zaragozan, Laudion, Donostiako Gazteszenan eta Gasteizko Gaztetxean izan dira zuzenean.

Kontuak kontu, gabon egun honeetan taldeak Europan zehar bira bat egitea erabagi dau eta honezkero bete-betean dabilz kontzertuak eskaintzen. Bira bereziari Paris-en ekin eutsien eta Donostian amaituko da urtarrilaren 9an.Tartean Doel-Antwerp (Belgika), Aachen (Alemania), Hanburgo (Alemania), Berlin (Alemania), Munich (Alemania), Zurich (Suitza) eta Tolosan (Okzitania) izango dira.

Diskoan, proposamen barritzailea aurkeztu dau Inoren Ero Ni taldeak, iraganagaz zeozelan apurtu eta beste ate batzuk zabaltzen ahalegindu dira; diskoko kantuak ez eze, zuzenekorako beren berebi preparautako beste bizpahiru kantu be gehitu ditue errepertorioan eta baita bertsino batzuk be: Hotelen , 'Fidelity Jonesen' eta Shellacen bana.