Kulturea  IV. urtea // 91. zenbakia

Gabon giroko obra ezkutuak, ikusgai


Bitxikeria bat aitatzekotan, koadro batzuetan XVI. mendera arte erabilten hasi ez ziran musika instrumentu batzuk dagoz irudikatuta, eta horrek guztiak auzitan ipini dau flandestar estilotzat joten ziran koadro batzuen benetakotasuna, ez estilo aldetik, ezpada dataren aldetik. Ganera, Prusiako urdina izeneko kolore berezia ikusi ahal izan da bertan, XVIII. mendeko pinturan ezaguna zana baina ez flandestar garaian. Hau guztiau ondo aztertu eta gero, adituak konturatu dira koadro horreek XIX. mendearen amaierako “revival flandestarra” baino ez dirala, eredu piktoriko anakronikoak. Horren arrazoia da garai haretako artistak mueta horretako anakronismo piktorikoetan sartzen zirala, euren askatasuna erakusteko.

Javier Viarrek etorkizunean modu honetako kolaborazinoak egiten jarraitzeko adostasuna agertu eban erakusketearen aurkezpenean: “Museoarenak diran obrak ezkutuan egon beharrean, askoz be etekin hobea eukiko dabe beste leku askotan erakutsi ezkero. Museoak gordeta daukan eta arrazoi horregaitik gitxiago erakusten dan bildumeagaz erakusketa monografikoak egiteko aukerea aztertzen gabilz, kalidade handia daukien obra batzuk erakutsi ahal izateko; ez litzatekez denpora jakin baterako erakusketak izango, baizik eta izakera egonkorragokoak”.

Julen Gabiria

BBK fundazinoak, Gabonen etorrereagaz batera, “Gabonetako Pintura Bilboko Arte Eder Museoko Bilduman” erakusketea ipini dau ikusgai, Bilboko Kale Nagusian daukan aretoan. Guztira, hemeretzi koadrok osotzen dabe esposizinoa: Bilboko Arte Eder Museoko biltegian egon dira gordeta, ezkutuan, baina adituek autortu dabenez, kalidade handikoak dira danak. Erakusketan parte hartzen daben obra horreek guztiak urtarrilaren 19ra arte erakutsiko dira. XV. eta XIX. mende bitartekoak dira, eskola eta estilo desbardinetakoak: eskola italiarra, flandestarra, frantsesa eta espainiarra topau geinkez hemeretzi koadro horreen artean. Eta danak estilo eta eskola desbardinetakoak badira be, guztiak datoz bat Jesukristoren jaiotza gai nagusi lez hartzean.

Javier Viar Arte Eder Museoko zuzendariak eta Ana Sánchez Lasa pinakotekako konserbadoreak egin dabe obra guztien arteko aukeraketa. Koadroak kronologikoki antolatu dabez: hasteko, “Deikundea” koadroa daukagu, orain arte ikusitakotik guztiz desbardina. Izan be, bertan, Gabriel aingerua ikusten da Mariari esaten Jesusen ama izango dala, baina atzean Jaungoikoaren irudia be agiri da, eta hori ikustea ez da bape ohikoa holako koadroetan. “Ama Birjina Umeagaz” erakusten daben zortzi koadro dagoz, bi koadro “Artzainen mirespena” erakusten dabenak, eta lau gehiago “Hiru Errege Magoen adorazinoa” gaiagaz. Ana Sánchez komisarioak beste koadro bi gehiago gehitu ditu erakusketan: koadro horreek, berez gabonetako giroagaz zerikusi handirik ez arren, badaukie loturea Jesusen jaiotzeagaz; “Familia Sakratua Egiptotik iges egiten” eta “Santu errugabeen hilketea”. Antolatzaileek adierazo ebenez, azken margo horrek dramatikotasun ikaragarria dauka, eta merezi dau arretaz ikustea. Horreezaz gan, “Aingeruen Kontzertua” dago, XV. mendeko eskola flandestarraren estiloagaz pintauta egon arren, XIX. mendeko koadro anonimoa dana.

Erakusketan ikusgai dagozan lanak neurri txikikoak eta garbiak dira, eta horren arrazoia da lanok egin ziran garaiko artistek, neurri horreek erabiltean, margoa pintzelkada leun eta poetikoz jaztea lortzen ebela, beti be erlijinotasunean girotuta. Horregaitik guztiagaitik, eta lanen neurria ikusita, erakusketearen komisarioa dan Ana Sánchezek azpimarratu dau pentsau daitekela lanok nonork beraren bildumarako beren-beregi eskatutako obrak izatea.

Erakusketa honen arduradunak diran Javier Viar eta Ana Sánchezek guztiz positibo ikusten dabe mueta honetako obrak Arte Eder Museoko biltegitik ataratea. Holako obrak museotik kanpo erakusteak ateak zabaltzen deutsezala ziurtatu dabe: “Geure asmoa da museoko fondoak erakusgai egotea, museotik kanpo bada be. Esperientzia honek aukera ugari emoten deuskuz”. Museoan leku finkorik ez daukien obrak batetik bestera erabiltea ideia ona dala uste dabe, eta, modu horretan, obreari be aukerea emoten deutsie leku baten eta bestean ikusgai egoteko. Halanda be, Viarrek dino museoetako diskursoak orekatuak izan behar dirala: “Museo batek linea homogeneoa topetan dauanean, beharrezkoa da oreka horreri eustea, modu horretan, obra bat diskurso horretan sartu ez bada, beste leku eta giro batzuetan be erakusteko aukerea egongo da”.