Euskaldunok munduan  IV. urtea // 91. zenbakia

Urtzi Gartzia: ‘goi mailako informazinoetan galbahe gitxiago dago’


Iratxe Ormatza

Urtzi Gartzia Gojeaskoetxea galdakoztarra dogu, Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako barriemoilea; akaso, beraren ahots sakona ezagutuko dozue. Gabonak pasetan etxera etorri da, eta aukerea euki dogu beragaz berba egiteko.

- Noiz joan zinan Madrilera bizitzen?

Apirilean joan nintzan. Beraz, zortzi hilebete daroadaz bertan. Euskadi Irratian behar egin dot azken laur urteotan, eta Gasteizen nengoala Madrilera joateko aukerea emon eustien eta ez neban alperrik galdu.

- Madrilen ez eze, beste leku batzuetan be bizi izan zara?

Bartzelonan telebistako erreportajegintzan graduondokoa egin neban. Gero Bartzelonako telebistarako freelance moduan lan egin neban: gaia aukeratu, landu eta gero saldu egiten genduan. Horrezaz gan, Television Españolarako be ordu erdiko erreportajea egin neban. Aurretik AEBetara, San Franciscora joan eta zeregin askotan ibili nintzan: taberna bat barriztetan, Levi's praka denda batean saltzaile, aspertu arte, eta handik alde egitea erabagi neban.

- Madrilen, zelakoa da zure bizimodua? Ha gustetan jatzu?

Han ondo. Baina egun batetik bestera bialdu ninduen hara eta egun batetik bestera bialtzeak zeure bizitzan haustura batzuk ekarten dauz. Hasiera guztiak bezela, ez zan bape erraza izan. Hara moldatu behar zara, hemengo gauza guztiak itxi. Lana be diferentea da. Leku fisikoaz gan, jentea be barria dalako, dana barria dalako. Esperientzia polita be izan da, ze gauza asko ezagutu eta ikusi dodaz. Etxebizitzaren arazoa be ondo ezagutu dot Madrilen, oso karu dago asuntoa han, hemen baino gehiago, eta hemen baino etxebizitza gitxiago dago. Ez da bape erraza etxe duin bat lortzea.

Beharrari dagokionean, Madrilen, batez be, politika kontuak egiten dira, epaitegiak. Euskal Herriagaz lotuta dagoana lantzen da. Eta Madril Estaduko uriburua izanda, informazino iturria be bada. Lan asko dago. Esaten dabe Madrilen neure lanean hiru-lau urte behar dozuzala, dana ondo ezagutu arte. Danetarik dagoanez, estresanteagoa da. Guk ez daukagu ordutegirik, albistearen arabera egiten dogu lan, azken orduko deialdiak edo prentsaurrekoak egoten dira. Nahiz eta ni astegoieneko txandan egon eta astegoienetan behar gitxiago egon, beti dago zeozer.

- Eta hartu-emonak?

Hartu-emonak beste era batekoak dira. Beharrean jente gitxiago gagoz, eta beti jente berbera ikusten dozu, kazetarien artean, informazino iturriak diranen artean, edo parlamentuan bertan. Oro har, hartu-emonak hotzagoak dira.

- Zerk erakartzen zaitu gehien Madrilen?

Zeozelan esateko, goi mailako informazinoak, ez ganerako informazinoa baino inportanteagoa dalako, baizik eta arlo horretan galbahe gitxiago dagoalako. Orain arte urrun pasetan zana, Madrilen, orain hurrekoa da. Orain inguru hori ezagutzen dot. Dana dala, polita da, interesantea, intensidade handikoa.

- Zer dago han, hemen ez dagoana?

Euskal Herrian dagoana dago han, baina hemen dagoana bider bost. Bost miloe biztanle dira, eta horrek eskaintza zabalagoa dakar arlo guztietan: kulturea, aisialdia...

- Zer dozu han faltan?

Ba, Euskal Herria, lagunak, neska-laguna, familia. Baina faltarik be ez dot igarten ze noizik behin etorten naz, hilean behin edo. Leku bietan egotea ezinezkoa da eta, beraz, faltan, ba inguruko jentea. Baina, osterantzean, euskerea be bai, ze han gitxiago egiten dot, lankideakaz bakarrik.

- Jente asko ezagutu dozu Madrilen?

Bai. Jentea ezagutzen hasi naz, eta egia esan han danetarik dago, pentsakera desbardineko jentea. Azkenean, zu lako eta zure inguruko jentearengana gehiago hurreratzen bazara be, Euskal Herrian sekula hartu-emonik izango ez neukan jenteagaz be banabil eta horreri esker gauza asko ikusi eta ikasten dozuz, bakotxak historia, ideologia, jarrera eta nortasun berezia daukalako.

- Beharra dala-eta kanpora joan izan zara?

Bai. Orain arte Eusko Jaurlaritzako sailbururen bat edo lehendakaria bera joan izan danean, biaje instituzionala jarraitzeko joan naz. Parisen, Mexikon, Brasilen, Suedian eta Txilen be egon izan naz.

- Holako lekuetan euskaldunakaz batu izan zarie, euskal etxekoakaz?

Bai. Esperientzia aberasgarriak izan dira beti. Mexikon bertako Euskal Etxea bisitau gendun eta Brasilen be euskal enpresarioakaz egon ginan; Txilen euskal kooperante batzukaz egon ginan.